Estudios Durero, Symplio, Orbea, Koopera eta Nem Solutions Innobasqueko bazkide diren lau ETE dira, negozio-ereduetan berrikuntza eginez beren enpresak eraldatu dituztenak, horrek aukera eman dielarik beren lehiakortasuna eta produktibitatea hobetzeko. Negozio-ereduan berrikuntza-jardunbide egoki hauek datorren urriaren 25ean ezagutaraziko dira “Negozio-eredu berritzaileak: zure enpresaren arrakastarako gakoa” jardunaldian; hau, Innobasquek antolatuta, Bilbon izango da, Euskalit-en Kudeaketa Aurreratuaren Astearen barruan.
Enpresa txiki eta ertain hauen arduradunek enpresa-errealitatera hurbilduko dituzte negozio-ereduaren berrikuntzaren onura edo abantailak, eta beraiekin batera izango dira David Sanchez, Mondragon Unibertsitateko Ikerketa eta Transferentzia koordinatzailea; Diego Galar, Lulea-ko Unibertsitateko Eragiketa eta Mantentze aditua eta Tecnaliako ikertzaile nagusia; Leire Bilbao, Innobasqueko zuzendari nagusia; eta Luis Manero, Innobasqueko Enpresa Berrikuntzako zuzendaria.
Innobasqueren 2018ko Berrikuntza Txostenaren arabera, teknologikoa ez den berrikuntza hau da hobetzeko dagoen alderdi nagusietako bat, eta txostenak zehazten duenez, ETEen berrikuntza marketinari, antolakuntzari eta negozio-eredu berriei dagokienez, horixe da Euskadiren erronka handia berrikuntzaren arloan.
Honela, Estudios Durerok bere metamorfosia azalduko du inprimategi bat izatetik gaur egun den sorkuntza-industriaraino, abangoardiako teknologien inplementazioari esker, adibidez, 3D full color inprimaketa. Bestalde, Sympliok sare sozialetarako eduki-sortzaile zen start up baten berrasmatzea kontatuko du, orain bere konponbideak 4.0 industriara bideratzen dituelarik, Gauzen Interneten oinarrituriko produktuak serbitizatuz. Orbearen arrakasta, esperientziak sortzeko, produktua gainditzean datza, bere publikoekiko harreman-puntuetako bakoitza birformulatuz eta emozioa sartuz. Koopera, ekonomia sozialean erreferente bat, proiektu berri bat abiarazten ari da: Koopera e-STORE, kooperatiba honentzat jauzi kualitatiboa izango dena, eskala handiagoa emango baitie, eta merkatu berriak irekitzeko aukera ere bai. Azkenik, Nem Solutionsek aurkeztuko du bere negozio eredua, aeronautiko eta trenen sektoreko enpresa haundietan oinarrituta dagoena.
Jardunaldirako postuak mugatuak dira, eta beraz aurrez izena eman behar da esteka honetan.