Euskadik 1.363,2 milioi euro inbertitu zituen I+Gean 2017an, aurreko ekitaldian baino % 5,6 gehiago, Eustatek dioenaren arabera. Gehikuntza honek bigarren urtez jarraian hazkunde-balio positiboetan jarraitzea suposatzen du, ondoz ondoko hiru jaitsieren ostean. Baita ere, datu hauek esan nahi dute I+Gean egindako gastua euskal BPGaren % 1,85 dela, 4 ehunen gehitu ondoren 2016. urtearekiko. I+G gastuaren Europako batez bestekoa % 2,07 da, beraz, datu horren eta Euskadiri dagokionaren arteko aldea txikiagotu egin da eta ehunen bat murriztu.
Halaber, % 3,8 gehitu da I+Gean dabiltzan langileen kopurua, hau da, 18.577 pertsona arduraldi osoarekin 2017an; arduraldi osoko ikertzaileak, berriz, orain 12.608 pertsona dira, hots % 5,8 gehitu dira. Azken hamar urteotan, igoera hau % 30,8koa izan da.
Euskadin I+Gean egindako gastuaren % 75,1 enpresek egin zuten, teknologia-zentroak barne; % 17,4 Goi-mailako Irakaskuntzari egokitu zitzaion, eta gainerako % 7,5 herri-administrazioek egin zuten. Datu horiek, 2016koekin alderatuta, esan nahi dute hiru sektoreetan ─enpresa, herri-administrazio eta goi-mailako irakaskuntzan─ gastuaren gehikuntza % 5,2, 11,8 eta % 4,9koa izan dela, hurrenez hurren.
Finantzaketa pribatuak, enpresen bidez eginak, 745,9 milioi euro bideratu zituen ikerketara, 2016an baino % 3,7 gehiago, eta finantzaketa osoaren % 54,7 suposatzen du, lehenengo iturri gisa mantenduz. Bestalde, finantzaketa publikoa, 457,4 milioirekin eta egindako ekarpenak % 5,8 gehituta, guztiaren % 33,6 izan zen. Goi-mailako irakaskuntzak, 40,8 milioirekin, funtsen % 3 suposatu zuen; 114,4 milioi , % 8,4, atzerritik ekarri ziren; azkenik, 4,7 milioi, % 0,3, irabazi asmorik gabeko hainbat erakundetatik etorri ziren.