Innobasqueko zuzendari nagusiak, Leire Bilbaok, urriaren 4an El Correon honako artikulu hau argitaratu zuen:

“Orain arte, enpresa batean berrikuntza egiteko asmoa ezartzen zenean, normalean produktu, zerbitzu edo prozesu jakin batean hobekuntza izaten zen emaitza, gerorako jarraitutasuna ziurtatu nahi duen negozio ororen bizitzan zehar beharrezkoak diren berrikuntzak. Hala ere, berrikuntza-jarduerak badu beste aplikazio-eremu bat, eta enpresa asko oraindik ez dira horretaz jabetzen, are gehiago, errentagarriagoa da epe ertain eta luzera. Negozio-ereduaren berrikuntzaz ari gara, hau da, erakunde batek balioa sortu, eman eta atzemateko duen modu edo eraz.

Boston Consulting Group-en azterketa batek erakusten du, bost urteko epea hartuta, negozio-eredu berrietan berrikuntza egiten duten enpresek arrakasta-gaitasun handiagoa dutela produktu edo prozesuan berrikuntza egiten dutenek baino.

Aldaketak bezeroen/erabiltzaileen jokabideetan, aurrerapen teknologikoak, arauketaren aldaketa, globalizazioa edo lehiakideen mugimenduak dira, besteak beste, ingurunea aldakorra izateko eta, beraz, produktuak eta prozesuak oso azkar zaharkitzeko arrazoiak. Horregatik, gure enpresek ez dute beren berrikuntza-jarduera alderdi hauetan bakarrik zentratu behar. Teknologia nabarmen edo gailen bat erabiltzeak edo balio erantsi handiko produktu bat sartzeak jada ez du arrakasta bermatzen, orain urrunago begiratu behar da, denboran lehiakortasuna mantendu nahi bada.

Negozio-ereduen berrikuntzan bizi dugun boladan eragin erabakigarria izan duen egitate bat teknologia digitalen garapena da: alde batetik, negozio-eredu berrien iturri direlako bere horretan eta, bestetik, lehen aipaturiko joera edo aldaketak errazten dituztelako.

Pixkanaka, informazio-sistemen diseinutik informazioaren teknologietan oinarrituriko negozio-prozesuen diseinura goaz eta, berrikiago, plataforma digitalen bidez emandako negozio-ereduen diseinura.

Halaber, balio-nozioa ere aldatzen ari da, transakzio edo trukeagatiko baliotik erabileragatiko baliora; eta horrek eskatzen du gure erakundeak eta prozesuak egokitzea, erabilgarritasuna, funtzionaltasuna, hau da, produktuaren zati ukiezina, saltzera bideratuz.

Testuinguru honetan, negozio-ereduetan berrikuntza errazteko, tresna gehiago garatu behar dira. Innobasquetik, gure esperimentazio-lanean, tresna berriekin lan egiten dugu, eta gure adituekin, IESEko kolaboratzaile eta ikertzaile batekin eta gure bazkide espezialistekin aplikatzen ditugu negozio-ereduetan Euskadiko enpresetan. Horietako bat negozio-ereduen patroiak dira, arazo errepikari baten aurrean jada probatuta dagoen soluziobide bat deskribatzen dutenak. Beste enpresa batzuetan arrakastatsuak izan diren alderdiak euskal enpresa-egiturara aldatzea da kontua. Helburua ez da imitatzea, baizik eta eraginkortasuna bilatzea, sormena estimulatzea eta negozio-ereduen diseinuan oztopo kognitiboak gainditzen laguntzea, eta hau bereziki garrantzitsua da aldaketa-garai sakonetan.

Aldaketa-haizeak dabiltza, eta Innobasque enpresen alboan dago bidaia honetan.”

 

 

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago