Pasa dan azaroaren 14an Cinco Días egunkariak Leire Bilbaoren, Innobasqueko zuzendari nagusia, honako artikulu hau argitaratu zuen:
Enpresa-paradigman berrikuntza eta hazkundea kontzeptu zatiezinak dira. Eremu guztietako erakundeek berrikuntzari, teknologikoari edo teknologikoa ez denari, begiratzen diote ─edo begiratu beharko liokete─ bere negozioen errentagarritasuna mantentzeko funtsezko faktore gisa.
Berrikuntza egiterakoan dagoen aukera zabalaren barruan, enpresek gaur egun har dezaketen joerarik errentagarrienetako bat negozio-ereduaren berrikuntza da, hau da, erakunde batek nola balioa sortu, eman eta atzematen duen. Arlo honetan hobekuntza-prozesu bat martxan jartzeak ereduaren osagai guztiak aztertzea eskatzen du: enpresak eskaintzen dituen produktuak eta zerbitzuak, hauek beren bezeroei ematen dizkieten onurak, enpresako bezero-segmentuak eta beraiekiko harremana, enpresaren banaketa-kanalak, eskaintza sortzeko behar diren baliabideak eta jarduerak, kostu-egitura, baita ere enpresak diru-sarreren bidez sortzen duen balioaren zati bat atzemateko modua.
Honela, negozio-ereduen berrikuntzaren helburua aipaturiko elementuen eta beraien artean dauden harremanen birkonfigurazioa da, beren artean indartu daitezen eta negozio-eredu arrakastatsua lor dadin, enpresari lehiakortasun handiagoa emango diona. Hau gerta dadin, negozio-eredu berriak koherentea izan behar du, bai barruan eta bai kanpoan, berezia eta imitatzeko zaila.
Arrakasta-kasu ohargarri bat Erdialdeko Europako Hilti enpresarena da; eraikuntzaren industriarako gama handiko tresna elektrikoak egiten ditu, eta bere balio-proposamena eta diru-sarreren eredua aldatu zituen bezeroen premiekin hobeto bat egiteko.
Hasieran Hiltik zuzenean bezeroei saltzen zizkien bere tresnak baina, eredua berrikusi ondoren, ikusi zuen hauek dirua irabazten zutela tresnak erabiliz, berauen jabe izan gabe; beraz, ekipamendua saldu beharrean, ekipamendu horren erabilera saltzen hasi zen, bezeroei produktibitatea gehitzen lagunduz kapitalean egindako inbertsioa murrizten duten bitartean.
Konpainiak kontrola hartu zuen bere bezeroen tresnen inbentarioa kudeatuz, tresna egokia eskainiz eta tresna-konponketa, birjartzeak eta eguneratze automatikoak eginez hileroko kuota baten truke. Honela, produktuan oinarrituriko negozio-eredutik produktuan/zerbitzuan/soluziobidean oinarrituriko negozio-eredura igaro zen Hilti.
Hala ere, eskaintzen dituen emaitza onak gorabehera, negozio-ereduetako berrikuntzak ez du aurrera egiten beste berrikuntza-mota batzuen abiadura berean, neurri handi batean “out of the box” pentsamoldea gutxi zabalduta dagoelako eta hesi mentalek blokeatzen dutelako ideia berritzaileetarantz aurrera egitea. Enpresek produktuaren arabera pentsatzen dute, negozio-ereduaren arabera egin ordez.
Produktuan ardazturiko negozio bat erabiltzailearengan ardazturikora aldatzeak eszenatoki-aldaketa dakar berekin, eta zuzendaritzako askori kosta egiten zaie hori onartzea, batzuetan ez baitute ikusten zergatik utzi behar duten konfort edo ongizate-zona oraindik mozkinak ematen baditu, mozkin horien etorkizuneko iraunkortasunean pentsatu gabe. Epe laburreko ikuspegiaren aurrean aurkitzen gara, balazta edo galga gisa jokatzen du, baina eboluzionatu egin behar du honelako berrikuntza bultzatu ahal izateko.
Negozio-ereduaren eraldaketa-prozesua hasteko,, erakundeek egin behar duten lehen urratsa aldaketa bultzatzen duten inguruneko elementuak aztertzea da, beren negozio-eredu propioak ulertzea eta negozio-eredu berriaren bilaketa gidatu behar duten erronkak identifikatzea.
Berrikuntzarako leiho hau gure enpresentzat irekitzea da, hain zuzen ere, Innobasquetik lortu nahi dugun helburuetako bat. Horretarako, beste erakunde batzuetan arrakastatsuak izan diren negozio-ereduekin esperimentatzen dugu, Euskadiko enpresa-sarean probatuz.
Helburua ez da imitatzea, baizik eta eraginkortasuna bilatzea, sormena piztea eta negozio-ereduen diseinuan oztopo kognitiboak gainditzen laguntzea. Honela, Hiltirena bezalako arrakasta-kasuak gure enpresetara ekarriz, ikaragarrizko balioa duen hazia ereingo dugu beraietan: bere enpresen jarduera berritzailean oinarrituriko herrialde baten garapena etorkizunerako bermerik onena dela ulertaraztea.