“Irudikatu, sortu eta berritzeko gaitasunak ez du generorik”, esan zuen atzo Bilbon Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak, Leire Bilbaok, Inspira STEAMen hirugarren edizioa amaitzeko ekitaldian. Deustuko Unibertsitateak antolatzen du emakumeen talde-mentorazgo edo aholkularitzako programa hau Lehen Hezkuntzako neskatilentzat, urtetik urtera arrakasta handiagoarekin. 2018ko edizioan Euskadin bakarrik 160 emakumek parte hartu dute 81 ikastetxetako 2.078 neskatila mentorizatzen. 2.062 mutikok ere parte hartu dute orain Katalunia, Madril, Galizia eta Andaluziara hedaturiko ekimen honetan, beraiek ere emakumezko erreferenteak izan ditzaten STEM (Science, Technology, Engineering and Mathematics-en akronimoa ingelesez) lanbideetan.

Inspira STEAMen helburua neskek askatasunez aukeratzea da beren etorkizun profesionala, eta zientzia- eta teknologia-hezkuntza lankidetzan bultzatuko duen testuingurua sortzea, historiako eta egungo emakume zientzialari eta teknologoak ezagutaraziz beraien lanaren balioa nabarmentzeko.

Bilbaok azpimarratu zuenez, ekitaldia emakume mentoreen lana aitortu eta eskertzeko izan zen, “Inspira STEAMen arima baitira, aldaketa bultzatzen ari diren emakumeak”. Estereotipo sozialak iraultzen laguntzen dute, genero-eginkizunei buruzko sineskizunak desmitifikatzen dituzte, zientzia- eta teknologia-ikasketei buruzko informazioa ematen dute, eta lanbide hauen aukera-sorta zabala ezagutarazten dute. Une honetan zabalik dago prozesua borondatezko emakume gehiago batzeko talentu berritzailea sortu eta sustatzen duen ekimen honetara.

Deustuko Unibertsitateko ordezkariek, BBK Fundazioak, emakume mentoreek, neskatilek, mutikoek eta ikastetxeek parte hartu zuten ekitaldian, gaur errepikatuko delarik Tabakaleran Donostian, eta maiatzean Gasteizen.

Deustuko Unibertsitateak sustaturik, Inspira STEAMek Innobasqueren laguntza du, eta Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako foru-aldundien eta BBKren babesa.

 

 

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago