Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak Batzar Nagusia izan zuen atzo, eta bertan aurkeztu zuen Prospektiba Innobasque Txostena 2019, Euskadin berrikuntzaren etorkizuna markatuko duten joeren eragina aztertzen duena: aldaketa demografikoak, Txinaren protagonismoa, klima-aldaketa eta teknologia-iraultza, baita horien ondoriozko aukerak eta mehatxuak ere.

Ekitaldian 2018an gauzatu diren proiektu berritzaile garrantzitsuenen balantzea egin zen, horien artean nabarmenduz ETEentzako Hazinnova laguntza-programa, ETEentzako negozio-eredu berriei buruzko proiektu pilotua, OGP Euskadi gobernu irekiaren erakunde arteko ekimena, eta aipaturiko prospektiba-txostena.

Iñigo Urkullu Renteria lehendakariak eman zion ekitaldiari amaiera, nabarmenduz ikerketa eta berrikuntza funtsezkoak direla Euskadiren etorkizunerako, bai etorkizun lehiakorrerako eta bai enpleguaren kalitate, bizi-maila eta ongizaterako ere. Urkulluk adierazi du Eusko Jaurlaritzak badituela beharrezko tresnak Euskadi berrikuntzan buru diren eskualdeen artean kokatzeko Europan: “Berrikuntza etorkizunaren giltza da”, esan zuen.

Batzarrean erakunde nagusien, zientzia- eta teknologia-eragileen eta enpresa-munduaren ordezkarien parte-hartzea izan zen, guztiak Innobasqueko bazkideak. Besteak beste, han izan ziren Arantxa Tapia, Ekonomia Garapen eta Azpiegituretako sailburua; Cristina Uriarte, Hezkuntza sailburua; Iñaki Arriola, Etxebizitza, Ingurumen eta Lurralde Plangintzako sailburua; Jesus Peña, Lehendakaritzako idazkari nagusia; Nekane Balluerka, UPV/EHUko errektorea; Vicente Atxa, Mondragon Unibertsitateko errektorea; Fernando Cossio, Ikerbasqueko zientzia-zuzendaria; Roberto Larrañaga, Confebaskeko presidentea; Jon Azua, EnovatingLab-eko zuzendaria; Iñigo Ucin, Mondragon Korporazioko presidentea; Javier Ormazabal, Velatiako presidentea; Emiliano Lopez Atxurra, Tecnalia eta Petronor-eko presidentea; Jesus Maria Iriondo, IK4 Research Allianceko presidentea; Itziar Urrutia, Sener-eko Nazioarteko zuzendari nagusia; edo Alexander Arriola, Spri-ko zuzendari nagusia. 

Agentziako 911 erakunde bazkideek I+Gko euskal inbertsioaren % 61 egiten dute, eta guztien artean doktore langileen % 85,6 enplegatzen dute, ikertzaileen % 66 eta Euskadiko I+G langileen % 61. Sarean nagusi dira enpresak (517), baina badira 57 teknologia-zentro, 44 hezkuntza-zentro, 40 herri-administrazio, 54 erakunde publiko, enpresa- eta gizarte-munduko 37 pertsona ospetsu, 8 kluster eta tipologia heterogeneoko eragile.

Innobasqueko Zuzendaritza Batzordean 57 pertsona daude. Gaur berretsi da Lourdes Morenoren izendapena, Bolueta Engineering-eko zuzendari nagusia da; eta kide berriak izango dira Jakiundeko lehendakaria, Jesus Maria Ugalde; Angulas Aguinaga Research Center, bere zuzendari nagusia den Ignacio Muñozek ordezkatua; eta Fernández & Elejalde Abogados, hau zuzendaritza Batzordeko kide eta idazkari izateko, eginkizun hauek bere ordezkaria den Olatz Fernándezek beteko dituelarik.

Columbiako Unibertsitateko (New York) neurozientzialaria, Rafael Yuste, duela gutxi Donostia International Physics Center-en sartua Ikerbasqueko ikerketa-irakasle gisa, “Etorkizunari buruzko elkarrizketak: berrikuntza hainbat errealitatetatik” solasaldian izan zen, eta bertan eztabaidatu zen nola ari diren kokatzen, etorkizuna markatuko duten joeren aurrean, Estatu Batuak, Txina eta Euskadi. Berarekin batera, baita ere solaskide izan dira Eva Arrilucea, Tecnalia Think&Do-ko liderra; Lourdes Moreno, Bolueta Engineering-eko zuzendari nagusia, eta Jose Mari Luzarraga, Mondragon Team Academyko sortzailekidea.

 

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago