OGP Euskadiko ordezkaritza batek “Open Government Partnership (OGP) Global Summit 2019” delakoan parte hartu du joan den astean; Ottawan (Kanada) izan da maiatzaren 29tik 31ra, eta bertan estrategia berriak planteatu dira Gobernu irekirako, arreta Gobernu Irekirako Nazioarteko Aliantzaren eremuan garatzen ari diren ekintza-planen inklusioan, parte-hartzean eta inpaktuan jarrita.
Euskadiko ordezkaritzan, eta hautagaitza hau 2018an aukeratu zuten Gobernu Irekirako Nazioarteko Aliantzaren tokiko OGP programan parte hartzeko, oraingoan honako hauek izan dira: Eusko Jaurlaritzaren aldetik Gobernu Irekiaren zuzendaria, Luis Petrikorena, eta Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko zuzendaria, Javier Bikandi; Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldetik, Kanpo Harremanetako zuzendaria, Iker Goiria, eta Herritarren Partaidetzarako Zerbitzuaren arduraduna, Itziar Calvo; Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziako Berrikuntza Publikoaren zuzendaria, Gotzon Bernaola.
79 herrialde baino gehiago, eta gaur egun Gobernu Irekirako Nazioarteko Aliantzako kide diren tokiko eta eskualdeko 20 gobernuak, aste honetan elkartu dira hainbat herrialde eta eskualdetako akademia eta gizarte zibileko beste eragile batzuekin, martxan dauden ekintza-planen garapenean zertzen ari diren esperientziak trukatzeko eta ikasitakoak partekatzeko; eta hori gobernu irekiago eta gardenagoak, baita parte-hartzaileagoak ere, izatea ahalbidetuko diguten konponbideetan aurrera egiteko helburuaz.
Euskadiko ordezkaritzak hainbat lan-saiotan parte hartu du, eta horien artean gobernu digitala eta adimen artifiziala, open data, feminismoa eta gobernu irekia, eta inklusioa eta parte-hartzea egon dira.
OPEN GOVERNMENT PARTNERSHIP EUSKADI (OGP EUSKADI)
Gobernu Irekirako Aliantza ekimen aldeaniztuna da, gobernuen konpromiso zehatzak ziurtatu nahi dituena gobernu irekia sustatzeko, herritarrei ahalmen handiagoa emateko, ustelkeriaren aurka borrokatzeko eta gobernantza indartze aldera teknologia berriak erabiltzeko.
Iaz, 2018an, tokiko eta eskualdeko gobernuen programan parte hartzeko hautatu zuten mundu osoko 20 eskualdeetako bat izan zen Euskadi, erakunde arteko hautagaitza elkarrekin aurkeztu zutelarik Eusko Jaurlaritzak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek, eta Gasteiz, Donostia eta Bilboko Udalek, Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziaren, Matia Fundazioaren eta Euskadiko Gazteria Kontseiluaren (EGK) babesaz.
OGP Euskadi 2018-2020 ekintza-planak, erakunde guztiek eta gizarte zibilaren ordezkaritza batek elkarrekin zehaztu eta onartuak, 5 konpromiso jasotzen ditu; dagoeneko hedatzen eta inplementatzen ari dira, eta Euskadiko 3 erakunde-mailatan aurrera egitea ahalbidetuko duten erronkei erantzun nahi diete era koordinatuan honako eremu hauetan:
1.- Kontuak ematea Agintaldi Planen bidez
2.- Open data Euskadi eta Linked Open data
3.- Herritarren parte-hartzean berrikuntzako I-lab
4.- Open Eskola: herritarren eskola irekia
5.- Integritate-sistema
Ekimen honi buruzko informazio guztia hemen dago ikusgai: http://www.ogp.euskadi.eus/inicio/