Gaur 25 euskal udalen ordezkariek, hiru foru-aldundiek eta legebiltzarreko taldeek parte hartu dute Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziaren egoitzan dinamika parte-hartzaile batean, eta bertan aurrera egin dute Euskadiko Hiri Agendaren (Bultzatu 2050) ildo nagusiak prestatzen. Lan horretan Innobasquek laguntzen dio dokumentua gidatzen ari den Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailari. NBEren Garapen Iraunkorreko Helburuekin bat datorrelarik, udazken honetan onartzea espero da.

Euskadiko Hiri Agendaren (Bultzatu 2050) helburua 2050. urteko Euskadi diseinatzea da. Eusko Jaurlaritzak gidatzen duen erronka da hau, eta zenbait erakundetako, adibidez, udaletako eta hiru foru-aldundietako, aditu-kopuru handia, hainbat arlotakoa, inplikatu da bertan.

Gaur goizeko bilerak balio izan du Euskadiko garapen iraunkorra indartze aldera hartuko diren neurriak zehazten aurrera egiteko. Besteak beste, bileran izan dira Arantza Leturiondo, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzako sailburuordea; Ignacio de la Puerta, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Hirigintza eta Hiri Berroneratzeko zuzendaria, eta Manuel Salaverria, Leire Bilbao eta Gotzon Bernaola, Innobasqueko lehendakaria, zuzendari nagusia eta Berrikuntza Publikoko zuzendaria, hurrenez hurren.

Hiri Agenda datozen hamarkadetako politika publikoen bide-orria izango da Euskadin.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago