Europako Batzordeak 11.000 milioi euro jarri ditu jokoan ikerketa eta berrikuntzan proiekturik onenak finantzatzeko 2020. urtearen amaiera arte. I+G+b finantzatzeko Horizon(te) 2020 europar programa amaitzen ari da, eta beraz martxan jartzen ari dira ekonomiaren hazkundea eta enpleguaren sorkuntza bultzatzen dituen ekimen honen azken deialdiak; zientzia bikaina sortzeari ematen zaio garrantzia, industria-lidergoa sustatuz eta Europar Batasunak aurrean dituen gizarte-erronkei irtenbidea emanez.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko enpresa eta eragileentzat RIS3 espezializazio adimendunaren euskal estrategiari loturiko sektoreetan (fabrikazio aurreratu, energia, biozientziak/osasuna eta elikaduran) azken deialdi hauek eskaintzen dituzten aukerak hurbiltzeko helburuaz, “Infoday Horizonte 2020” antolatu da. Urriaren 3an eta 4an izango da Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziaren egoitzan, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean.

Innobasquek, SPRI Taldeak eta BEAZek (Basque Enterprise Europe Network partzuergoko kideek), BIOEFek, Elikak, EEE/EVEk eta CDTI-k antolatuta, jardunaldian izango dira parte hartzen Leire Bilbao, Innobasqueko zuzendari nagusia; Iosu Madariaga, Eusko Jaurlaritzako Teknologia eta Estrategia zuzendaria; Maria Agirre, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Ikerketa eta Berrikuntzako zuzendaria; Miren Arantza Madariaga Aberasturi, Elika-Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioko zuzendaria; Iñigo Ansola, Energiaren Euskal Erakundeko (EEE/EVE) zuzendaria; Aitor Cobanera eta Cristina Oyón, SPRI Taldeko Teknologia eta Berrikuntza zuzendaria eta Ekimen Estrategikoen arduraduna, hurrenez hurren. Beste aditu batzuekin batera, jardunaldian izango dira harremanetako puntu nazionalak deiturikoak eta Horizon(te) 2020 programaren Espainiako ordezkariak ekitaldiak landuko dituen gaietan: Teknologia eta Industria Garapenerako Zentroa (CDTI), Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Institutua (IDAE) eta Carlos III.a Osasun Institutua. Bertaratzen direnek aukera izango dute beraiekin egiaztatu edo kontrastatzeko beren proiektu berritzaileen ideiak bilera aurretiaz hemen eskatuta: www.innobasque.eus

Euskal parte-hartze arrakastatsua Horizon(te) 2020n

Horizon(te) 2020 bezalako europar programetatik finantzaketa lortzeak Europako erakunderik onenekin lan egitea suposatzen du eta lurraldeko berrikuntza-maila goratzen laguntzen du. Horren haritik, I+G+b Nazioartekotzeko Euskal Estrategiak 2014-2020 denboraldirako Euskadirentzat ezarritako helburuak betetzen ari dira aurreikusiaren arabera.

2014tik, Euskadik 562 milioi euroko finantzaketa lortu du Europako Batzordetik Horizon(te) 2020ren bidez berrikuntza eta ikerketako 941 proiektu egiteko lankidetzan, benetako eragina izan dutelarik merkatuan. Ia mila proiektu horietan 250 enpresak parte hartu dute, horien artean 184 ETEk, eta horietatik 54 disruptibotzat jo ditu Europako Batzordeak, berauen proposamenek merkatu berriak sortzen dituztelako maila globalean. Enpresa txiki eta ertain hauek batez ere fabrikazio aurreratu, energia eta IKTetan egiten dituzte beren garapenak.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileen parte-hartzeari dagokionez Europako ikerketa-gunean, Basque Research and Technology Alliance-BRTA Partzuergoa sortzea faktore erabakigarria da hori bultzatzeko. Osatzen duten eragileek Euskadik lorturiko guztikoaren % 43ko finantzaketa-kuota suposatzen dute, eta nazioarteko I+G+b arloan zentrorik garrantzitsuenetako askorekin lan egin dute.

Azken 5 urteetan Europako Batzordeak finantzatu dituen euskal proiektuen % 72 RIS3 Euskadi lehentasunei loturikoak ziren.

Horizon(te) 2020n parte-hartzearen arrakasta-tasa, hau da, finantzaketa jasotzen duten proiektuen kopurua eskatzen duen proiektu-kopuruarekiko % 12koa da Europan, ehuneko hori % 15era igotzen delarik Euskadiren kasuan. Horizon(te) 2020 europar programaren eskakizun-mailaren ideia ematen du honek.

Basque Enterprise Europe Network

Euskal proposamenen arrakasta beren bikaintasun-mailari eta Euskadin laguntza-zerbitzuetara iristeko aukerari zor zaie, hauek Enterprise Europe Network-ek eskaintzen dituelarik; nazioarteko proiekzioa duten ETEei laguntzeko munduko sare handiena da, eta bertan Innobasquek parte hartzen du. Euskadin oinarritua eta munduarekin konektatuta, sare honek zerbitzuak eskaintzen dizkie ETE berritzaileei nazioartean hedatu ahal izan daitezen. Enpresa txiki eta ertainetan ardaztuta, negozioetan nazioarteko elkartzeak lortzen laguntzen die sareak, hazteko teknologiak eta ideiak aurkitzen ere bai, eta aholkularitza espezializatua eskaintzen die. Euskal nodoaren parte dira SPRI Taldea, BEAZ, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Merkataritza Ganberak, eta Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentzia.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago