Gaur osteguna, urriaren 3a, Irungo Ficoba erakustazokan aurkezpen-ekitaldia izan da Bidasoaldean (Irun eta Hondarribia) eta Oarsoaldean (Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaia) kokatutako enpresei Hazinnova zerbitzua ezagutzera emateko. SPRI Taldeak eta Innobasque-Berrikuntzako Euskal Agentziak abiatutako zerbitzu horren jomuga da euskal ETEei eskura jartzea lana antolatzeko modu berriztatzaileak eta produktu zein zerbitzuak merkaturatzeko molde berriak baliatzeko aukera ematea; horretarako, ekimen horretan esku hartzen duen enpresa bakoitzaren beharretara egokitutako proiektuak onduko dira. Irungo jardunaldi hori Bidasoa Bizirik eta Oarsoaldea garapen agentziek antolatu dute. 

Jardunaldia Hazinnova jardunaldiak, eskualdez eskualde izenburu harturik, joan zen irailaren 19an Durangon abiatu eta herenegun Tolosan jarraituta, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan barrena egingo diren aurkezpen-ekitaldietako bat da eta horien helburua da modu zehatzean eta ahalik eta enpresa kopuru zabalenari, kasu honetan Bidasoaldeko zein Oarsoaldeko enpresei Hazinnovaren berri ematea.

Jardunaldiaren egitaraua. Hasteko, Bidasoa Bizirik garapen agentziako zuzendari nagusi Eva Fernándezek jardunaldia antolatzen duten bi garapen agentzien izenean egin duen ongietorriarekin; esan du Hazinnova zerbitzua oso garrantzizkoa dela inguruko enpresentzat; izan ere askotariko laguntza eskaintzen baitu, baita arlo admnistratiboan ere. Gaineratu du, Bidasoa Bizirik eta Oarsoaldea garapen agentziak, Hazinnova agente izanik, enpresekiko bitartekaritzan diharduten eragileak direla. Ondoren, SPRI Taldeko Berrikuntza Saileko zuzendari Josu Ocarizek Hazinnova zer den eta ETE bati zein onura eskaintzen dizkion azaldu du: aholkularitza oso espezializatuzko 50 hamar ordu eskaintzen ditu, modu eraginkorrean, berrikuntza ez teknologikoko proiektuak garatzeko. ETEek urtebetean hainbat alorretako proiektuak landu ahalko dituzte: ekonomia eta finantza kudeaketa, ekoizpena, logistika, barne prozesuak, pertsona zein bezeroekin harremanak eta merkatu berrien bilaketa; eta baita bere jarduera babesteko marka eta erregistroei dagozkienak ere.

 

Horren ostean, Alaitz Landaluzek, Innobasqueko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Politiken zuzendariak zerbitzuaren testuingurua zein den agertu eta Euskadin berrikuntzak bizi duen egoeraren diagnostikoa egin du. Adierazi du Hazinnovak fokua jartzen duela 6 eta 99 langile bitarteko enpresatan eta bereziki txikienetan, ahultasuna mota horretako enpresatan produktuen eta lan-prozesuetan berrikuntza ezartzean eta berrikuntza marketina bezalako arloetan txertatzean baitago. 

Ondoren, pertsonen inguruko kudeaketan bi jardunbide arrakastatsuren txanda izan da: Irungo Algon EMM, S.L. enpresako gerente Diego Badiolak zera adierazi du: “4 urte daramatzagu alor horretan lanean. Guztien esku-hartzearekin eraikitako proiektua izan nahi dugu; emaitzak ere guzion artean partekatu nahi ditugu eta hori akuilu izan dadila proiektua amankomunean eraikitzeko. Pertsona orok bere ekarpena egin dezan ingurune egokia sortu nahi dugu, persona bakoitza garrantzitsua den eta bere ekapenak egiteko aukera ematen dioten lan-taldeak eratu; besteak entzuteak ere berebiziko garrantzia baitu”. 

Oiartzungo Ekolur Ingurumen Aholkularitzako gerente Pedro Aretak, zentzu berean  azaldu du pertsonen inguruko kudeaketan berrikuntzan lanean daramaten denboran Diego Badiolak agertutako ondorio berara heldu direla: pertsonen partehartzearen inguruan berrikuntzak etengabekoa izan behar du. “2013an gure errendimendua hobetze aldera berrantolatzeko beharraz jabetu ginen eta enpresa langile orori ireki genuen, arlo guztietan. Momentu horretan konturatu ginen horrek enpresarentzako zuen garrantziaz”. 

Gaur Ficoban izandako jardunaldian 19 ETEetako ordezkariak izan dira. 

Gaur Irunen egin den aurkezpenaz eta asteartean Tolosan izan zenaz gain, Gipuzkoan beste bi aurkezpen ekitaldi egingo dira: urriaren 9an Azpeitian eta urriaren 18an Eibarren. Gainera, Araba eta Bizkaiko eskualdetan ere izango dira Hazinnovaren aurkezpenak enpresentzako.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago