Gaur goizean Erhardt Serikaten Bilboko egoitzan izan da “Zaintzatik prospektibara” izenburu duen saioa, Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziak ETEek enpresen berrikuntzarako zaintzak eta prospektibak duten garrantzia aintzat har dezaten antolatua. Bilbo Handiko hogei ETEetako ordezkariak bertaratu dira horretara. Saioa joan zen irailaren 20an abiatu zen saio-sorta bati dagokio eta horietan Innobasquek bere bazkiden diren hainbat enpresa ditu lankide.
ETEei zaintzaren eta prospektibaren inguruan izaera ezberdinetako enpresek garatutako jardunbide arrakastatsuak aurkezteko, saioan aritu dira Erhardt Serikat aholkularitza, topaketaren anfitrioi izan dena, Bilbon egoitza duen Herrero & Asociados (H&A) abokatuen bulego eta jabego industrial zein intelektualerako agentzia eta A&B Laboratorios de Biotecnología enpresa gasteiztarra. Hartara, Antón Aslak, Serikat-eko datu zientzilaria eta Data Analyticseko gerenteak adierazi du enpresan barnean bertan zaintza nola kudeatzen duten eta nola laguntzen dieten hainbat sektoretako enpresei zaintza-lanetan. Herrero & Asociados bulegoko Negozio Estrategien zuzendari José Luis Sagarduyren uztez, zera da gakoa: garrantzizkoa den informazioa modu egokian prozesatu eta dagokion pertsonari eman behar zaio, une egokian eta sistematikoki. A&B Laboratorios de Biotecnología enpresako I+G+B zuzendari Jon Kepa Izaguirrek gaineratu du zaintza ezinbestekoa dela erabakirik egokiena hartzeko garaian. Lola Elejaldek, Innobasqueko Prospektiba eta Nazioartekotze zuzendariak azaldu du etorkizunari aurre egiteko norberak bere etorkizunaren protagonista izan behar duela, datorrenera lerratu eta egokitzeko aldaketak interpretatu ordez; enpresak gai izan behar dira informazioa bildu, aztertu, eraldatu eta partekatzeko, horrela sortutako aukerak aprobetxatu eta mehatxuei aurre egiteko ekintzak garatzeko.
Gainera, zaintzari eta prospektibari dagokionean euren pozionamendua zein den ezagutzeko, ETEek horretarako espreski diseinatutako inkesta betetzeko aukera izan dute.
“Zaintzatik prospektibara” saio berriak izango dira urriaren 10ean Muskizen eta 18an Zamudion.
Saioren batean esku hartzeko interesa duten enpresek izena eman behar dute INNOBASQUEREN webguneko honako lotura erabiliz.
Plazak mugatuak dira eta saio bakoitzerako izena emateko epea saio hori hasi baino 24 ordu lehenago bukatzen da.