Sidenor, Vidrala, BBK Fundazioa, E-Liburutegia, Lantik, Bic Araba, Faes Farma eta IETEAM eta Think On Marketing ETEek, guztiak Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziako bazkideak, beren jarduera berritzailea aitorturik ikusi zuten atzo gauean Vodafone Deia Innovation Sariak-en bosgarren edizioan; Bilboko Guggenheim Museoan izan zen ekitaldia, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bilboko Udalaren eta Innobasqueren laguntzaz.
Produktuan eta prozesuan berritzaile den ETEari ematen zaion saria IETEAMentzat izan zen. Iñigo Ugartek, zuzendari nagusiak, eta Maialen Cajaravillek, Estrategia arloaren zuzendariak, jaso zuten saria Teknologia eta Berrikuntzako sailburuordea den Estibaliz Hernáezen eskutik.
Antolaketan eta marketinean ETE berritzailearentzako saria Think On Marketing-entzat izan zen. Xabier Tranchek jaso zuen saria lantalde osoaren izenean Luis Maneroren, Innobasqueko Enpresa Berrikuntzako zuzendariaren, eskutik.
Leire Bilbaok, Innobasqueko zuzendari nagusiak, zorionak eman zizkien sarituei eta berrikuntzaren alde egiten hasi direnei. Gogoratu zuen “Innobasquen ateak zabalik ditugula lankidetzarako, gure ezagutza eta gure erakunde bazkideena partekatzeko”. Bere hitzaldian azpimarratu zuen “berrikuntzarik gabe ez dagoela etorkizunik ez enpresentzat ez hemen bizi garen pertsonontzat”. “Berrikuntza egiteak arriskuak geure gain hartzea eta lankidetza suposatzen ditu; guztiok elkarturik, txikiak izan arren emaitza onak lor ditzakegu”, adierazi zuen.
Bere aldetik, Arantxa Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegituretako sailburuak, Euskadirako laugarren industria-iraultzaren erronkak aletu zituen bere hitzaldian: berrikuntza ez-teknologikoa, azpiegiturak, klima-aldaketa, merkataritza-gerra Txina eta AEBen artean, gazteen talentua, berdintasuna eta Garapen Iraunkorreko Helburuak.