Abian da STEAMsare programa, Euskadin eskola, enpresa eta eragile zientifiko-teknologikoen sare bat sortzeko helburuarekin, STEAM hezkuntza bultzatuko duen programa (Science, Technology, Engineering, Arts eta Mathematics hitzen ingelesezko akronimoa). Berrogeita hamar bat ikastetxe eta eragile sozioekonomikok bat egin dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak sortutako programarekin.
Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, Maite Alonso Hezkuntza sailburuordeak eta Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak aurkeztu dute gaur goizean STEAMsare programa prentsaurrekoan. Hauekin batera, Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusi Leire Bilbao ere aurkezpenean izan da, eragile honekin garatzen baita proiektu hau, STEAM Euskadi Estrategiako beste zenbait proiektu bezalaxe.
Jet-Net programan inspiratuta dago, Holandan garatutako eta Danimarkara eta beste herrialde batzuetara hedatutako hezkuntza-programa arrakastatsu batean. STEAMsareren helburu nagusiak dira, ikasleei zientzia- eta teknologia-arloko ikasgaien eta lanbideen irudi errealista, positiboa eta askotarikoa eskaintzea, eta aldi beran arlo horretan bokazioak sustatzea. Eskolek, enpresek eta eragile zientifiko-teknologikoek elkarrekin lan egingo dute urtean zehar, parte hartzen duten 5 eragile dinamizatzaileetako batek lagunduta. Honako hauek dira eragileak: Berrikuntzaren Euskal Agentzia – Innobasque, Azaro Fundazioa, Makina-erremintaren Institutua, Iraurgi Berritzen eta Mondragon Korporazioa.
Hezkuntza-curriculuma aberasteko hainbat jarduera garatuko dira, era horretan irakasleei laguntza emanez aipatutako ikasgaiei benetako testuingurua ematen. Gainera, enplegu horien lan-errealitatea, profil profesionalen aniztasuna eta euskal industria-ehunaren aberastasuna erakutsiko dira, enpresetara egindako bisiten, erronka teknologikoei buruzko tailerren edo espezialistekin egindako bileren bidez.
Gainera, era osagarrian, espezialistak eta hezitzaileak garatzen ari diren jardueren katalogo bat prestatu da, ikastetxeen eta enpresen arteko lankidetza erraztuko da, eta emaitzak ebaluatuko dira eragile dinamizatzaileen sareari esker.
STEAMsaren hiru lurralde historikoetako arlo industrialeko 21 enpresak eta eragile zientifiko-teknologikok hartuko dute parte, sare publikoko zein itunpeko 35 ikastetxerekin batera. Parte hartuko duten konpainiak, honako hauek dira: Aernnova Aerospace, Alcorta, AVS, Burdinola, CIC Energi GUNE, Cikautxo, DOMUSATEKNIK, Egile, Eika, Ekintza Lantegia, Fagor Arrasate, Danobat Taldea, Fagor Taldea, Ulma Taldea, Ideko, Kide, Leartiker, Maier, Mecanizados Gurrutxaga, Pixel Sistemas eta Sidenor. Teknologia altuko euskal industria-sektoreetako enpresak dira, hala nola aeronautika, manufaktura aurreratua edo siderurgia.
Gainera, STEAMsarek, Holandako Jet-Net programarekiko desberdintasun gisa, 4Gune Klusterra ere bere baitan hartu du; hau da, ingeniaritza, zientzia eta teknologiako unibertsitate-prestakuntzarako Klusterra, programaren etorkizuneko garapenean eta dinamizazioan Euskadiko unibertsitateek ere zerasana izan dezaten.
STEAMsare programaren onurak
Programa honen bidez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak zientziaren eta teknologiaren irakaskuntza motibatzaileago eta praktikoago baten alde egiten du, benetako lan-testuinguruetan garatuko dena. Horrela, ikasleen gaitasun zientifikoak eta teknologikoak hobetzen lagundu nahi du Sailak, eta eremu horretako bokazioak piztu, tokiko talentuaren garapena sustatuz.
STEAM Hezkuntza bultzatzea lehentasun bihurtu da Hezkuntza Sailarentzat; izan ere, STEAM Euskadi Estrategiaren eta EAEko 2020ko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren helburuetatik eratorria baita programa hau. Zehatzago, ezagutzaren esparru guztietan (zientzia eta teknologia, gizarte zientziak, humanitateak eta arteak) prestakuntza-bokazioak lankidetzan sustatzeko helburuari loturik. Era horretan, talentua orientatzeko eta prestatzeko prozesuak lehentasunezko lan-ildo gisa indartzen dira, adin goiztiarretan hasita.
STEAMsare erabat lotuta dago, gainera, Euskadik –Hezkuntza Sailaren eta Innobasqueren bidez- Erasmus+ EuroSTEAM proiektuan duen parte hartzearekin. Proiektu horren helburua da Europan STEAM estrategiak definitzea eta abian jartzea oraindik halakorik ez duten eskualde eta herrialdeetan, Europak STEAM Estrategia europarra bat izan dezan.
STEAM Euskadi Sari berriak
Ildo horretan, Hezkuntza Sailak STEAM Euskadi Sariak deituko dituzte laster, Euskadin garatzen ari diren mota horretako ekimenei aitormena egiteko asmoz. Sariak 2020ko martxoan banatuko dira, eta 5.000 euroko bi kategoria izango dituzte: STEAM Hezkuntza Ekimen berritzaileena eta Genero-ikuspegidun STEAM Hezkuntza Ekimena. Atal honetan, Innobasquerekin lankidetzan aritzeak, euskal gizartean berrikuntza sustatzeko eragile nagusia den aldetik, ahalbidetuko du, besteak beste, lortutako emaitzen balorazioan, gizartean duten eraginean eta aurkeztutako proiektuen berrikuntza-mailan sakontzea.