2018. urtean Euskadik 1.423,4 milioi euro inbertitu zituen zientzia-ikerketan eta teknologia-garapenean (I+G). Zifra hau, Euskal Estatistika Erakundeak jakinarazi duenez, % 4,4 handiagoa da aurreko ekitaldikoa baino eta Eustatek erregistraturiko serie historikoan handiena.

Euskadin barneko I+G gastua bere BPGren % 1,85ekoa da, aurreko urteko ehuneko berbera; Espainiak duen % 1,21 gainditzen du, baina Europako batez bestekoaren azpitik dago, % 2,06koa baita.

Enpresek gastu honen % 75,9 egiten dute, eta herri-administrazioek eta goi-mailako irakaskuntzak gainerako % 24. Kontuan izan behar da Euskadiren kasuan, enpresa-gastuan teknologia-zentroak eta ikerketa kooperatiboko zentroak (CIC) ere sartzen direla, Europako gainerakoan gertatzen ez den zerbait, non honelako zentroak titulartasun publikokoak baitira.

Nabarmentzekoa da nazioarteko finantzaketaren hazkunde handia, dagoeneko guztiaren % 12 baita, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistemako eragileen lehiakortasun-hobekuntzari esker, betiere teknologia-zentroak eta enpresak buru direla.

Enpresek egindako I+Gren finantzaketa % 3,5 gehitu da 772 milioi eurora iristeraino, hau da, I+Gn egindako euskal gastu osoaren % 54,2. Bestalde, finantzaketa publikoa % 3,7 hazi zen 471 milioi euroraino, gastu osoaren % 33,1. Horren haritik, Eusko Jaurlaritzari dagokiona % 4,3 gehitu da eta foru-aldundiena % 7,2; Espainiako estatuarena, berriz, % 7,2 jaitsi da.

Baita ere ohargarria da I+Gko ikertzaileen eta enplegatuen hazkundea, lehen kasuan % 4,4, 19.271 pertsona direlarik, eta bigarrenean % 3,8, 13.165 pertsona enplegatuz. Kopuru hauek ere, Eustatek jakinarazi duenez, maximo historikoak dira. I+Gn diharduten % 35,9 bakarrik dira emakumeak.

 

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago