Matematika Aplikatuko Euskal Zentroak (BCAM) eta Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU), biak Innobasqueko bazkideak, Ikaskuntza Automatikoari eta Datu Meatzaritzari buruzko Europako Konferentziaren (ECML/PKDD) 2021eko edizioa antolatuko dute Bilbon, irailaren 13tik 17ra. Duela 20 urte baino gehiagotik, Europan ikerketa-arlo honetan egiten den ekitaldi akademiko nagusia da. 

Biltzarra antolatuko duen batzordeko burua José A. Lozano izango da, BCAMeko zuzendari zientifikoa eta UPV/EHUn Konputazio eta Adimen Artifizialaren Zientziak saileko katedraduna; eta izen handiko beste aditu batzuk ere izango dira bertan, besteak beste, Nuria Olivier, Gizarte eta Komunikaziorako Vodafone Institutuko kolaboratzailea; Fernando Pérez-Cruz, Swiss Data Science Center-ekoa; Stefan Kramer, Mainzeko Johannes Gutenberg Unibertsitatekoa; edo Jesse Read, Frantziako ingeniarien eskolakoa (École Polytecnique), besteak beste.

600 pertsona baino gehiago bertaratzea espero da, eta horrek Euskadi adimen artifizialaren arloan nazioarteko erreferentzia gisa finkatuko du. Biltzar hau bat gehiago izango da BCAMek hurrengo urteetan antolatuko dituen zientzia-ekitaldi garrantzitsuen zerrendan, eta hor daude Zientzia Materialen Alderdi Matematikoei buruzko Konferentzia – SIAM MS20 (2020ko maiatzaren 12tik 18ra) eta Modelizazio Estatistikoaren Nazioarteko Biltzarraren 35. edizioa – IWSM 2020 (2020ko uztailaren 19tik 24ra). Honela, Bilbo unibertsitate-hiri gisa eta ezaupideak trukatzeko leku egoki gisa kokatzen laguntzen du Zentroak, eta Europa mailako zientzia-ekitaldi garrantzitsuenen anfitrioi bihurtzen du.

Matematika Aplikatuko Euskal Zentroa (BCAM)

Basque Center for Applied Mathematics (BCAM) Matematika Aplikatuaren eremuko nazioarteko ikerketa-zentroa da, 2008an Eusko Jaurlaritzak, EHUk eta Ikerbasquek sortua. Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa du eta Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentzia bere Zuzendaritza Batzordeko parte da. Bere helburu nagusietako bat matematika gizartearen zerbitzura jartzea da, ezagutzaren transferentziaren bidez, bere ikerketaren emaitzak biozientzietara, osasunera, energiara edo fabrikazio aurreratura zabalduz, eta bertako eta nazioarteko erakunde eta enpresekin batera lan eginez.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago