Itelazpi LH Publikoa sarien lehen edizioaren banaketa-ekitaldia izan zen atzo Zamudion (Bizkaia); Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziako bazkide diren Itelazpi eta Ikaslan erakundeek antolatzen dituzte sari hauek. Sariak Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxe publikoetako ikasleek aurkeztutako proiektu teknologiko onenentzat izaten dira.
Bidasoa LHII-ko Luis E. Herraiz Sansous-ek lortu zuen lehen saria, mila eurokoa, EA2RKB-1 Irrati-Amateurrentzako DMR Eerrepikagailu digitala proiektuari esker. Proposamen horrek azpiegitura berriak eskaintzen ditu irrati-komunikazio kritikoetan; izan ere, irrati-komunikazioen errepikagailu moderno, eraginkor eta espektralki efiziente bat diseinatu du kostu neurritsu batean, kostu txikiko irrati-maiztasuneko sistemak, elektronikoak eta informatikoak, aplikatuz. Bestalde, bigarren saria, 500 euro, San Jorge LHII-ko Javier Saez Rojorentzat izan zen bere Horus proiektuagatik. Horus-ek hirietako segurtasuna eta datuen transferentzia hobetzen ditu, MESH teknologiari esker.
Ikaslan Bizkaia, Ikaslan Araba eta Ikaslan Gipuzkoa elkarteek osatzen dute Ikaslan sarea: guztira Euskadiko Lanbide Heziketako 65 ikastetxe publiko biltzen dituzte, eta helburua egungo lan-merkatuaren beharretara egokitutako irakaskuntza eskaintzea da. Ikaslanek hainbat ekintza eta proiektu sustatzen eta koordinatzen ditu, eta aukera ematen die ikastetxeei eta Euskal Lanbide Heziketa Publikoari kudeaketa, prestakuntza, modernizazio eta berrikuntzaren arloetan aurrera egin dezaten.
Itelazpi Eusko Jaurlaritzako Telekomunikazio Sozietate Publikoak irrati- eta telebista-seinaleak garraiatzeko zerbitzuak eta komunikazio publikoen zerbitzuak ematen ditu, eta telekomunikazio-azpiegitura publikoak kudeatzen ditu.