Guztira, 133 ekimen aukeratu dira STEAM Euskadi Sarien lehen ediziorako. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak egin du deialdia, Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin lankidetzan, STEAM bokazio goiztiarrak ─hau da, zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikako bokazioak, arte eta humanitateekin lotuta─ bultzatzen dituen hezkuntza-eredua sustatze aldera jardunbiderik onenak aitortu eta saritzeko.
Eusko Jaurlaritzaren lehentasun bihurtu da ikasleen prestakuntza zientifiko-teknologikoa hobetzea (batez ere gazteena, eta betiere emakumezko ikasleengan arreta berezia jarrita), eta STEAM Euskadi Hezkuntza Estrategiaren bidez, STEAM (Science, Technology, Engineering, Arts and Mathematics akronimoa) hezkuntza sustatzeko hainbat ekimen egiten ari da, Euskal Autonomia Erkidegoko garapen ekonomiko eta soziala bermatzeko funtsezko elementu gisa.
Ekimen horien artean, STEAM Euskadi Sariak sortzea nabarmendu behar da, ikusgarritasuna emateko jardunbiderik onenei, bai beraien inpaktu eta berrikuntza-mailagatik, bai neskatilak, neskak eta emakumeak diziplina horietara erakartzeko duten gaitasunagatik. Sariek lau kategoria dituzte, eta bakoitzean proposamen irabazleak 3.000 euro jasoko ditu:
– Unibertsitatez kanpoko ikastetxe batek sustatutako ekimen berritzaileena
– Gainerako erakundeek sustatutako ekimen berritzaileena
– Genero-ikuspegia duen ekimen onena, unibertsitatez kanpoko ikastetxe batek sustatua
– Genero-ikuspegia duen ekimen onena, gainerako erakundeek sustatua
133 hautagaitza horien aurkezleen artean askotariko erakundeak daude: ikastetxeak (proposamenetako 48), unibertsitateak (18), gobernuz kanpoko erakundeak (18 ekimen jarri dituzte abian), Lanbide Heziketako zentroak (17 proiektu), enpresak (beste 17), Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileak (12), udalak (ideietako bi) edo Osakidetza (proiektu bat aurkeztu du).
Hautagaitzak jasotzeko epea itxi ondoren, adituen batzorde batek ebaluatzeko aldia hasiko da eta, ondoren, saritutako proposamenak jakinaraziko dira.