Europar Batasuneko estatuek ahaleginak areagotu behar dituzte oso gaitasun handiko sareen estaldura hobetzeko, 5G espektroa esleitu behar dute 5G zerbitzuen merkaturatzea ahalbidetzeko, pertsonen gaitasun digitalak hobetu behar dituzte eta enpresen eta sektore publikoaren digitalizazioarekin jarraitu behar dute. Hala ondorioztatzen da 2020ko Ekonomia eta Gizarte Digitalen Indizetik (DESI), Europako Batzordeak Europako errendimendu digitala aztertzeko egin duelarik. Txostenak dioenez, herrialde guztietan egin dira aurrerapenak esparru guztietan, eta hori oso garrantzitsua da koronabirusaren pandemiaren testuinguruan; izan ere, erakutsi du teknologia digitalak zenbateraino bihurtu diren funtsezkoak lan-bizitzari jarraipena emateko, birusaren hedapena gertutik jarraitzeko edo terapien eta txertoen bilaketa bizkortzeko.  

Margrethe Vestager presidenteorde exekutiboak esan duenez, “Koronabirusaren krisiak erakutsi du zenbateraino den erabakigarria herritarrentzat eta enpresentzat konektatuta egotea eta elkarren artean on line elkarreragin ahal izatea. Estatu kideekin lankidetzan jarraituko dugu zehazteko zein eremutan behar den inbertsio gehiago, europar guztiek zerbitzu eta berrikuntza digitalen onura jaso ahal izan dezaten”.  

Thierry Breton Barne Merkatuko komisarioak gaineratu duenez, “industria irtenbide digitaletara jotzen ari da inoiz baino gehiago. Hori ETEekin ere gerta dadin eta teknologia digital aurreratuenak ekonomia osora hedatu daitezen zaindu behar dugu”. 

Joan zen maiatzaren 27an onarturiko Europarako Suspertze Planaren testuinguruan, DESIk herrialdekako azterketa espezifiko bat egiten du, Europako Seihilekoko gomendio digitalak bultzatzeko. Horrek lagundu egingo die estatu kideei beren erreformak eta inbertsio-beharrak orientatzen eta lehenesten, eta, horrela, 560.000 milioi eurokoa den Suspertze eta Erresilientzia Mekanismora jo ahal izatea erraztuko du. Planak beharrezko funtsak emango dizkie estatu kideei beren ekonomien erresilientzia handitzeko eta inbertsioek eta erreformek trantsizio ekologiko eta digitalen alde egiten dutela bermatzeko. 

Ondorio nagusiak 

Finlandia, Suedia, Danimarka eta Herbehereak dira EBko herrialde liderrak arlo digitalean, Malta, Irlanda eta Estonia atzetik dituztela. Indizeak erakusten duenez, errendimendu onena duten EBko herrialdeak munduko lehenengoen artean ere badaude. EBko ekonomia indartsuenak ez daude buruan eremu digitalean, eta horrek esan nahi du beharrezkoa dela eraldaketa digitalaren erritmoa bizkortzea, EBk arrakastaz egin dezan trantsizio ekologiko eta digital bikoitza. Azken bost urteetan, Irlandak izan ditu aurrerapen garrantzitsuenak, Herbehereak, Malta eta Espainia atzetik dituela. Herrialde horiek, halaber, EBko batez bestekoa baino askoz errendimendu handiagoa dute, DESIren puntuazioaren arabera.

 

Enpresak gero eta digitalizatuago daude, eta enpresa handiek markatzen dute bidea. Enpresa handien % 38,5ek aurrez ere erabiltzen zituen hodeiko zerbitzu aurreratuak, eta % 32,7k makrodatuen analisia erabiltzen zuela jakinarazi zuen. Hala ere, enpresa txiki eta ertain (ETE) gehienek oraindik ez dituzte teknologia digital horiek erabiltzen, % 17k soilik erabiltzen baitituzte zerbitzuak hodeian, eta % 12k makrodatuen analisia. Merkataritza elektronikoari dagokionez, enpresa txiki eta ertainen % 17,5ek baino ez zituen produktuak edo zerbitzuak on line saldu 2019an, 2016ko datuekin alderatuta ehuneko 1,4 puntuko igoera arin batekin. Aldiz, enpresa handien % 39k jo zuen online salmentara 2019an. 

Merkataritza elektronikoa sustatze aldera, EBk hainbat neurri onartu ditu, besteak beste, justifikaziorik gabeko mugaz gaindiko trabak amaiaraztea eta herrialdeen arteko paketeen bidalketa merkatzea, on line bezeroen eskubideen babesa bermatzea eta beste herrialde batzuetako on line edukietara sarbidea sustatzea. 2018ko abendutik, kontsumitzaileek eta enpresek eskubidea dute EB osoan on line eskaintzarik onenak bilatzeko, nazionalitate edo bizilekuagatik diskriminaziorik jasan gabe.

Azterlanak zerbitzu publiko digitaletara jotzeko joera gero eta handiagoa hautematen du administrazio elektronikoaren eta on line osasunaren eremuetan, eta horrek eraginkortasun eta aurrezpen handiagoa ekartzen die gobernuei eta enpresei, baita gardentasun eta herritarren parte-hartze handiagoa ere bizitza politikoan. 2019an administrazio publikoei formularioak aurkeztu zizkieten Interneteko erabiltzaileen % 67k on line kanalak erabiltzen dituzte orain (2014an % 57 ziren), eta horrek erakusten du prozedura elektronikoek zer onurak dituzten paperean emandako zerbitzuen aldean. Errendimendurik onena eremu honetan Estonia, Espainia, Danimarka, Finlandia eta Letoniari egokitu zitzaien.

Konektibitateak hobera egin du, baina aurrera egiten jarraitu behar da, azkar hazten ari diren beharrei erantzuteko. on lineEstatu kideak EBk 2018an onartutako arau berriak sartzen ari dira beren barne-ordenamenduan, gaitasun oso handiko sareetan, finko zein mugikorretan, inbertitzea sustatzeko. 2019an, familien % 78k zuen banda zabal finkoko abonua, duela bost urte % 70 ziren, eta 4G sareek Europako ia biztanle guztiak hartzen dituzte. Hala ere, 17 estatu kidek soilik esleitu dute espektroa 5Gko banda aitzindarietan (iaz baino bost herrialde gehiago). Finlandia, Alemania, Hungaria eta Italia dira 5G sareak prestatzen herrialde aurreratuenak. EBko familien % 44k oso gaitasun handiko banda zabaleko sare finkoak ditu. 

Gaitasun digitalen arloan gehiago aurreratu behar da, batez ere koronabirusaren krisiak agerian utzi duenetik gaitasun digital egokiak funtsezkoak direla herritarrek informazioa eta zerbitzuak eskuratu ahal izateko. EBko biztanleriaren zati handi batek, hau da, % 42k, gutxieneko oinarrizko gaitasun digitalik gabe jarraitzen du. 2018an, 9,1 milioi pertsonak egiten zuten lan IKTetan espezialista gisa EB osoan, hau da, lau urte lehenago baino 1,6 milioi gehiagok. 2018an IKTetako espezialistak kontratatu zituzten enpresa handien % 64k eta enpresa txiki eta ertainen % 56k esan zuten zaila zela IKTetako espezialista-lanpostu hutsak betetzea. 

Pandemiaren garaian Interneten erabilerak gora egin duen arren, joera hori lehen ere bazegoen, % 85ek erabiltzen baitzuen Internet sarea gutxienez astean behin (2014an % 75ek erabiltzen zuen). Bideo-deien erabilera da gehien hazi dena, 2018an Interneteko erabiltzaileen % 49 izatetik 2019an % 60 izatera igaro baita. Banka eta Internet bidezko erosketak ere lehen baino ezagunagoak dira, eta Interneteko erabiltzaileen % 66k eta % 71k erabiltzen dituzte, hurrenez hurren.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago