Innotu Bizkaiko ETEak, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako bazkideak, Covid-19arekin kutsatutako pertsonen trazabilitatea denbora errealean monitorizatzeko gai den teknologia arin bat garatu du Osakidetzarentzat.

Pandemiaren hasieran, Enkarterri Ezkerraldeko ESIak informazio-premia oso espezifikoak antzeman zituen, ospitaleratutako pazienteen egoera zein zen jakiteko denbora errealean. Hurrengo egunetan haien egoera iragartzeko premia zuten, horren araberako erabakiak hartzeko.

Innotuk ospitalearen egoera modu errazean konpontzen zuen lehen irtenbide bat garatu zuen, QlikView eta QlikSens-en oinarritutako aginte koadroan integratzea ahalbidetzen zuena. Horrela, erizaintzako unitateen eta haietako oheen egoerari eta okupazioari buruzko ezagutza ematen zitzaion zentroari, pandemiaren ondoriozko beharrizanen arabera modu dinamikoan hazten ari baitziren. Astero erizaintzako unitate berriak irekitzen ziren, unean uneko premien arabera, agertoki aldakor eta aurretik ikusi ezinezkoan.

Ondoren, Innotuk beste datu mota batzuk atzeman eta prozesatu zituen, sero-prebalentzia eta PCR proben emaitzei buruzko informazioa barne, edozein estatistika automatikoki ateratzea ahalbidetuz pandemiaren kudeaketa errazteko eta datuak denbora errealean modu egituratuan erakusteko.

Plataforma hobetu egin da osasun-krisian zehar eta, ondorioz, sistema horrek hazten jarraituko du hautematen diren premien arabera, eta etorkizuneko egoerak aurreikusteko eta konpontzeko gai izango da, adibidez birusaren berragerpenak edo ohikoagoak diren beste batzuk, hala nola gripe-kanpainak, etab. Gainera, erakundearen ikuspegia denbora errealean izaten lagunduko du, Osakidetzako sarearen egitura fisiko eta logikoan oinarrituta, eta horrek ospitalearen eguneroko martxan erabakiak hartzea ahalbidetuko du.

Innotu 2013tik ari da Osakidetzarekin elkarlanean, eta 2018tik aurrera integrazio-garapenak egiten ditu Ezkerraldea Enkarterri Gurutzeta ESIarekin HL7 mezularitzaren bidez, osasun-aplikazioen integrazio sinkronoa (web services) eta asinkronoa (ekitaldiak) egiteko.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago