Berrikuntza disruptiboko euskal enpresa txiki eta ertainek (ETE) EIC Europako Berrikuntza Azeleratzaileak eskaintzen dituen finantzaketa eta aukerak balia ditzakete. Berrikuntzako Europako Kontseiluak bultzatzen du azeleratzaile hori. Tresna horrek enpresa txiki eta ertainen (ETE) berrikuntza disruptiboa babesten du, finantzaketaren bidez eta lehen mailako adituen aholkularitza- eta orientazio-zerbitzuaren bidez, baita inbertitzaileekin eta enpresekin lotura-lanak eginez ere, modu horretara ETE horien berrikuntza-proiektuak bultzatzeko eta merkatura ahalik eta azkarren iristeko.
Programa horretan sartzea zaila izan arren, ez da ezinezkoa; izan ere, 102 euskal ETEk lortu dute jada. Hala, azeleratzaile horretara proiektuak arrakastaz nola aurkeztu azaltzeko helburuarekin, “EIC Europako Berrikuntza Azeleratzailea. ETE berritzaileentzako finantzaketa” webinarra egingo da datorren uztailaren 14an. Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Spri Taldeak eta Beazek (Basque Enterprise Europe Network elkargoko kideak) antolatu dute jardunaldia, Industriaren Garapen Teknologikorako Zentroaren (CDTI) laguntzarekin.
Hauek ariko dira hizlari mintegi digital horretan: Luis J. Guerra, CDTIko H2020 programan ETE-en ordezkaria, EIC Europako Berrikuntza Azeleratzailearen epaimahaiko kidea; Arturo Antón, Spri Taldean EEN Sarearen euskal nodoko koordinatzailea, eta Iciar Alaña. Innobasque agentzian Enterprise Europe Network (EEN) elkargoaren arduraduna. Haiekin batera izango dira Frank J. Hernández, SOMAprobes enpresaren sortzaileetako bat, eta Jon Madariaga, Zuma Innovation enpresaren sortzailea. Enpresa oso berritzaileen zuzendari dira Hernández eta Madariaga. Bi ETE horiek Europako Batzordearen programa horren laguntza jaso dute jada, Horizon 2020 Esparru Programa horren baitan. Biek ala biek beren esperientziaren berri emango dute, eta azeleratzailean sartu ahal izateko zer oztopo gainditu behar izan dituzten azalduko dute.
Azeleratzailea, aurreko “ETE Tresna” programaren oinordekoa, arriskuak hartu dituzten ahalmen handiko proiektuak bultzatzeko tresna bat da, enpresa txiki eta ertain horiek produktu berritzaileak, zerbitzu eta negozio-eredu berriak eraman ahal izan ditzaten merkatura. Berrikuntza eta I+G bultzatzeko Horizon 2020 Europako esparru-programaren tresna izarretako bat da, eta halaxe izango da Horizon Europe programa berriaren baitan ere. Europar Batasunaren 2021-2027 aldirako etorkizuneko esparru-programa horrek 100.000 milioi euro inguruko aurrekontua izango du. Programak EBko zientzia eta teknologia indartuko ditu funtsezko zenbait esparrutan (osasuna, biztanleriaren zahartzea, segurtasuna, kutsadura eta klima-aldaketa) dauden mundu mailako erronka nagusiei aurre egiteko. Webinar horretan hurrengo Horizon Europe esparru-programaren berrikuntzak ere aurreratuko dira.