Europako Berrikuntza Azeleragailua EIC (EIC Accelerator) I+G proiektuei, ekintzailetzari eta arrisku eta potentzial handiko zientziari laguntzeko tresna indartsua da. Europako Batzordearen programa honek finantziazioa eta kapitala ematen die enpresa txiki eta ertainei, aholkularitza aditua eskaintzeaz gain, inbertitzaileak eta bat datozen konpainiak elkarrekin harremanetan jartzeko. Horri esker, azeleragailuak lagundu egiten die produktu berriak, zerbitzuak eta negozio-ereduak garatzen eta merkaturatzen.
Europako finantziazio-ildo honetan sartzeko aukera gehiago izateko, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak, SPRI Taldeak eta Beaz-ek topaketa digitala antolatu dute Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroarekin (CDTI) lankidetzan. Saio honetan, Euskadiko enpresa eta erakundeei orientabide batzuk eskaini zaizkie, azeleragailuaren interesa erakartzeko eta, ondorioz, hurrengo deialdietan laguntza lortzeko.
Javier Echarri izan da azaleratzen ari den berrikuntzari buruzko europar programa honetako epaimahaikidea, eta nabarmendu du zer garrantzitsua den “kontuan izatea proposamenak proiektua eta zuzentzen zaien merkatua ondo ezagutzen duten adituek aztertuko dituztela. Hortik dator konpromiso argi bat, proiektu sinesgarri bat –merkatua hausteko gai dena– dagoela erakusteko beharra.
Ekimen honen onuradun izandako bi enpresek, SOMAprobes eta Zuma Innovation-ek, beraien esperientziak oinarri hartu, eta aholku oso baliagarriak eman dituzte saio birtual honetan. Frank J. Hernández, SOMAprobesen sortzaileetako bat izateaz gain, zuzendari teknikoa ere bada, eta adierazi du bere proposamenaren arrakastaren oinarria zera izan dela: merkatuan dauden proiektuez bestelako proiektu bat zekartela erakustea, eta negozio-eredu horrek argi erakusten zuen eskalagarritasun gaitasuna eta eskari handia zituela. SOMAprobesen helburua da diagnosi-metodo berriak garatzea, eta COVID-19a detektatzen lan egiten du. Jon Madariaga, aldiz, Zuma Innovation-en sortzailea da, eta, bere iritziz, “funtsezkoa da enpresaren zuzendaritzak proposamenaren pisua eta haren defentsa bere gain hartzea, bai barne mailan egiten bada, bai kanpoko aholkularitzen laguntza jasotzen bada”. Halaber, nabarmendu du “CDTIren laguntzaren garrantzia, elkarrizketaren fasea fidagarritasunez prestatzeko eta aurkezpeneko puntu ahulenak indartzeko”. Zumak Europako Berrikuntza Azeleragailuaren laguntza lortu du, bizikletentzako transmisio elektronikorako sistema bat garatzeko.
Azeleragailua Europako Batzordearen Horizonte 2020 Berrikuntza eta I+G bultzatzeko planaren parte da, eta EBko Horizonte Europa esparru-programa berriaren parte ere izango da. Proiektuaren aurrekontua 100.000 milioi euro ingurukoa izango da 2021-2027 aldirako, eta zenbait berrikuntza ditu. Duten arrisku-mailagatik, bankuen finantziazio iturrietara sarbiderik ez duten enpresei zuzenduta dago, baldin eta “merkatura iristeko estrategia badute eta proiektu eskalagarriak aurkezten badituzte”; hala aurreratu du Luis J. Guerrak, CDTIko H2020 ETE ordezkariak.
Topaketan izan dira, halaber, Arturo Antón, EEN Sareko euskal nodoaren koordinatzailea SPRI Taldean eta Iciar Alaña, Enterprise Europe Network-en (EEN) arduraduna Innobasquen. Basque Enterprise Europe Network partzuergoko kideak dira Innobasque, SPRI Taldea eta Beaz, eta nazioarteko proiekzioa duten ETEak babesteko munduko sarerik handiena da.