Europako Batzordeak 1.000 milioi euroko aurrekontua duen deialdi bat jarri du abian, klima-krisiari erantzuten eta Europako ekosistemak eta biodibertsitatea babesten lagunduko duten berrikuntza- eta ikerketa-proiektuak finantzatzeko. Europako Itun Berdearen deialdia Horizon(te) 2020 esparru-programaren barruan dago, eta gaur, irailak 18, hasiko da hautagaitzak aurkezteko epea; koronabirusaren krisialditik Europa suspertzea bultzatuko du, erronka ekologikoak berrikuntza-aukera bihurtuz. Proposamenak aurkezteko epea 2021eko urtarrilaren 26an amaituko da, eta aukeratuko diren proiektuak 2021eko udazkenean hastea dago aurreikusita.
“Europako Itun Berdearen deialdia Horizon(te) 2020 esparruko azken deialdia eta handiena da. Berrikuntza ardatz nagusitzat hartuta, inbertsio horrek Europa klimatikoki neutroa lortzeko trantsizio bidezko eta jasangarria bizkortuko du hemendik 2050era. Ez dugu nahi inor atzeratuta geratzea eraldaketa sistemiko honetan, eta, beraz, ekintza espezifikoak eskatzen ditugu herritarrekin modu berritzaileagoan lankidetzan aritzeko eta gizartean duen garrantzia eta eragina hobetzeko”, adierazi du Mariya Gabriel Berrikuntza, Ikerketa, Kultura, Hezkuntza eta Gazteria komisarioak.
Deialdi honen helburua epe labur eta ertainean emaitza argiak eta hautemangarriak lortzea da, epe luzerako aldaketa-ikuspegiarekin. Ekintza gutxiago daude, baina espezifikoago, zabalago eta ikusgarriagoak dira, eskalagarritasun, hedapen eta onartze azkarretan zentratuta. Deialdi honen esparruan finantzatutako proiektuek hamar eremutan onura nabarmenak izango dituzten emaitzak eskainiko dituzte. Europako Itun Berdearen lan-ildo nagusiak jasotzen dituzten zortzi esparru tematikoak hauek dira:
- Klimarekiko anbizio-maila handitzea
- Energia garbia, eskuragarria eta segurua
- Ekonomia garbi eta zirkularrerako industria
- Energiaren eta baliabideen ikuspegitik eraginkorrak diren eraikinak
- Mugikortasun iraunkorra eta adimenduna
- “Baserritik mahaira” estrategia
- Biodibertsitatea eta ekosistemak
- Zero kutsadura, substantzia toxikorik gabeko inguruneak
Eta bi eremu horizontal: ezagutza indartzea eta herritarrak gaitzea, Europako Itun Berdean ezarritako eraldaketak lortzeko epe luzerako ikuspegia eskaintzen dutenak.
Deialdiak nazioarteko lankidetzarako aukerak jasotzen ditu gutxien garatutako nazioen, bereziki Afrikan, beharrei aurre egiteko orduan, Parisko Akordioaren eta Garapen Jasangarriko Helburuen (GJH) testuinguruan.
2020ko irailaren 22tik 24ra bitartean formatu birtualean egingo diren Ikerketa eta Berrikuntzako Europako Jardunaldietan informazio-jardunaldia eta bitartekaritza-ekitaldia izango dira.
Zer da Europako Itun Berdea?
Europako Itun Berdea Europako Batzordearen ibilbide-orria da Europa klimatikoki neutroa izango den lehen kontinente bihurtzeko hemendik 2050era, inor atzean utziko ez duen ekonomia jasangarriarekin. 2050eko helburu hori lortzeko, beharrezkoa izango da gure ekonomiaren sektore guztietan jardutea, bereziki:
- ingurumena errespetatzen duten teknologietan inbertitzea;
- industriari laguntzea, berritu dezan;
- garraio publiko eta pribatuko sistema garbiagoak, merkeagoak eta osasungarriagoak ezartzea;
- energiaren sektorea deskarbonizatzea;
- energiaren ikuspegitik, eraikinak eraginkorragoak izango direla bermatzea;
- nazioarteko bazkideekin lankidetzan aritzea, munduko ingurumen-arauak hobetzeko.