Gasteizko Alde Zaharreko Pastoral Unitatearen ‘Giltza’ eta Izkiko Landa Garapeneko Elkartearen ‘Hesi Birtualak’ proiektuek jaso dituzte FISA Sariak, Arabako gizarte-berrikuntzako proiekturik onenak aitortzen dituztenak. “Etorkizunerako aukerak zabaltzen dituzten eta erkidegoa egiten duten” ekimen horiei Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak eman dizkie sariak.

Arabako Foru Aldundiko Gobernu Irekiaren Zuzendaritzak bultzatutako FISA Foroak antolatzen ditu sariak. Epaimahaian izan da Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentzia, beste eragile batzuekin batera, hasiera-hasieratik parte hartzen duelarik foroan. FISA topaketa- eta hausnarketa-ekimen bat da, gizartearentzat berritzaileak diren proiektu eta ekimenak ezagutarazi eta indartzeko, eta Arabako gizartearen erronka eta aukera berriei aurre egiteko ingurune eraldatzaile prestatuagoa sortzen laguntzeko.

Lehen edizio honetan saritutako bi proiektuak 24 ekimenez osaturiko sorta batekoak dira, arlo askotakoak, besteak beste, inklusio, jasangarritasun, kultura, prestakuntza eta enplegu, edo zahartze eta osasunaren arloetakoak.

Horrela, Giltza bitartekaritza-zerbitzu bat da, eta arraza, hizkuntza edo beste aurreiritzi batzuk medio alokatzeko zailtasunak dituzten pertsonei etxebizitza bilatzen laguntzen die. Bestalde, Hesi Birtualak proiektuak larre-eremuak mugarritzeko eta horietan, abeltzainak urrutitik gainbegiratuta, azienda kontrolatzeko aukera ematen du, hesi fisiko eta elektrikorik gabe.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago