Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak telebista-formatu berritzaile baten aldeko apustua egin du Global Innovation Day jardunaldiaren bederatzigarren ediziorako. Aurrera egiteko berrikuntzak duen garrantzia nabarmendu du aurtengo topaketaren goiburuak. Ekitaldia aretoan bertan publikorik gabe egin da, indarrean diren osasun neurriengatik, eta egitarau zabala izan da: zuzeneko musika, eztabaidak, topaketak, hitzaldiak eta krisi-egoerei berrikuntzaren bidez aurre egiten jakin duten euskal enpresa eta erakundeen esperientzia berritzaileen aurkezpenak, besteak beste. Ekitaldi horrekin, Iñigo Urkullu Renteria lehendakariak XX. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Astea inauguratu du.
Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegia izan da hitzordu handi honen eszenatokia. Bertan, berrikuntza krisiari aurre egiteko eta egoera horietatik indarberrituta ateratzeko gakoa dela erakutsi da.
“Etorkizuna jokoan dugun egoera bat ikusten ari gara. Berritzeko garaia da, eta berrikuntzaren eta I+Gren garrantzia azpimarratzekoa, krisitik irtetean traktore gisa “, nabarmendu du Manuel Salaverria Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidenteak. Salaberriari eginiko elkarrizketak zabaldu du, hain zuzen, Global Innovation Day jardunaldiaren bederatzigarren edizioa. Dani Álvarez kazetariak gidatu du ekitaldia eta hark egindako galderei erantzunez, Salaverriak azpimarratu du zer arrisku duten berrikuntzaren alde apustu egiten ez duten enpresek, “haien iraunkortasuna kolokan egon daitekeelako”. Erronka horri aurre egiteko, Innobasqueren presidentearen iritziz Euskadik “ahalmen handia du, pertsonen talentuan oinarritutako ahalmena”, baita “lehen mailako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea ere”. Aldiz, onartu du aurreko krisian I+G arloan inbertsio publiko eta pribatuak murriztu izanaren ondorioz Euskadik posizioa galdu duela EBko eskualde berritzaileenen artean. Etorkizunari begira, hala nabarmendu du Salaverriak: “Aurreko krisian I+G arloko inbertsioa %7,3 murriztu zen, eta EB-27an, aldiz, %9,2 handitu; beraz, oraingo honetan Euskadik ezin du halakorik berriro egin, krisi horren ondorioak berriro erreproduzitu nahi ez baditu”.
2020ko Euskadiko Berrikuntza Txostenaren aurrerapena
Euskadi Europako herrialde berritzaileen parean berriro kokatzea eta aurreko krisi ekonomikoan galdutako posizioak berreskuratzea. Hori da euskal erakundeek, enpresek eta zientzia eta berrikuntzaren euskal sare osoak aurrean duten erronka eta helburua, Innobasqueren 2020ko Berrikuntza Txostenaren arabera. Gaur eman da ezagutzera txosten horren aurrerapena Global Innovation Day jardunaldian.
Euskadin, I+G arloaren gaur egungo eta etorkizuneko egoerari buruzko solasaldi bat egin da, “Berritu aurrera egiteko” goiburuarekin, eta solasaldi horretan eman dira jakitera txostenaren jakingarri nagusiak. Hauek izan dira partaide solasaldian: Cristina Uriarte (Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako ordezkaria), Aitor Alapont (P4Q enpresako zuzendari nagusia), Nerea Aranguren (Ideko Teknologia Zentroko zuzendari gerentea eta DanobatGroup-eko Berrikuntzako zuzendaria), Javier Ormazabal (Velatia konpainiako presidentea), eta Leire Bilbao (Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusia).
Innobasqueren 2020ko Berrikuntza Txostena oinarritzat hartuta egin da eztabaida, besteak beste, honako hauek helburutzat harturik: pandemiaren aurretik Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistemaren abiapuntua zein den aztertzea eta aurreko krisiak utzitako ikasgaiak identifikatzea, COVID-19ak eragindakoari aurre egiteko. Azkenik, Euskadiko berrikuntzako eta I+Gko adituek berrikuntzaren epe labur eta ertaineko etorkizuna nola hautematen duten zehazten saiatu gara.
Txostenak nabarmentzen du gaur egungo krisia ezin dela parekatu aurrekoekin, “oso azkarra eta sakona izan delako”. Gainera, aholkatzen du “beharrezko talka-neurriak epe luzeagoko beste ekimen batzuekin osatzea, etorkizunean lehiakortasuna ziurtatuko diguten ekimenekin, hain zuzen”.
Ikasitako ikasgaien artean, txostenak adierazten du krisialdiek ez dutela enpresen jarduera berritzailea handitzea eragiten, haien tamaina edozein izanda ere. Hori dela eta, errekuperazioa eraldatzailea izateko, ahaleginak gainditzeko unea da.
I+Gk funtsezko eginkizuna du etorkizuneko diseinu horretan. Alde horretatik, ikerketa eta garapena funtsezkoak dira etorkizuneko diseinu horretan. Hori dela eta, Innobasqueren txostenak nabarmentzen du ezin duela berriro gertatu aurreko krisian gertatutakoa; izan ere, orduko hartan, austeritate-politikek behartuta enpresek eta erakundeek murriztu egin zituzten I+G arlora bideratzen zituzten ekarpenak. Euskadik bere postua galdu zuen Europako eskualde berritzaileenen artean eta “berrikuntza ertaineko eskualdeen taldera” pasa zen. 2018an, Euskadik BPGaren %1,85 inbertitu zuen I+G arloan, eta EB-27ko herrialdeek, berriz, batez beste %2,18.
Analisi horren arabera, paradoxa bat da I+Gk aurrekontua murriztu badu ere, emaitzak hobetu egin direla. Alde batetik, euskal enpresek Europako lehiakideek baino emaitza hobeak eman dituzte. Baliabide gutxiagorekin emaitza hobeak lortu dira. Gainera, bestetik, handitu egin da berrikuntza-sarearen artikulu kopurua eta nazioarteko aintzatespena, mundura zabaldu beharko baita hazteko, lehiakortasuna irabazteko eta finantzaketa-iturri berriak lortzeko.
2020ko Berrikuntza Txostenaren aurrerapenak Basque Innovation Perception azterlanaren hirugarren edizioa ere biltzen du. Lan horrek jasotzen du zer pertzepzio duten Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sareko 250 profesional inguruk Euskadin berrikuntzaren gaur egungo egoerari eta etorkizunari buruz.
Gehienek aurreikusi dute 2020an I+G arloko finantzaketa 0 eta %0,3 artean murriztuko dela, baina konfiantza agertu dute 2021ean eta 2022an baliabide gehiago izateko beren ikerketetarako.
Zientzia, teknologia eta berrikuntza arloan euskal politika publikoaren lehentasunak zein izan beharko diren galdetuta, profesional gehienek nabarmendu dute behar-beharrezkoa dela herrialde mailako ekimen estrategikoak sustatzea, enpresetan eta gizartean digitalizazioa indartzea eta enpresa txiki eta ertainetan berrikuntza bultzatzea.
Innobasqueren Berrikuntza Txostena bi urtean behin egiten da Euskadin berrikuntzaren egoera zein den ebaluatzeko, Europako eta nazioarteko errealitatearekin analisi konparatibo bat eginez, eta Euskadiko berrikuntzaren erreferentziazko azterlana bihurtu da.
Ikuspegi “glokala”: Europatik Euskadira
Román Arjona, Europako Batzordeko Zientzia eta Berrikuntzako Zuzendaritza Nagusiko ekonomialari buruak Bruselatik bideokonferentzia bidez parte hartu du topaketan, eta eskualdeek duten eginkizuna eta Europar Batasuneko I+G estrategiari egiten dioten ekarpena nabarmendu du. Europako erakundeek martxan jarritako ekimenak eta eginiko ahalegina azaldu ditu xehe-xehe Arjonak. Europako Zientzia, Berrikuntza eta Teknologiaren egoerari buruzko Txostenean jasota ageri dira ekimen horiek. Aipatutako azterlanak nabarmentzen du I+G arloa funtsezkoa izango dela Europak kontinente mailako itun berdean jasotzen diren helburuak bete ahal izateko eta karbono isurketa txikiko ekonomia baterantz aurrerapausoak emateko. Era berean, berrikuntza beharrezkoa izango da krisiaren aurrean Europa prestatua egon ahal izateko eta erresilientea izateko, EBren burujabetza teknologikoa bermatzeko eta bertako enpresen lehiakortasuna hobetzeko.
Krisiaren aurkako jardun berritzaileak
Global Innovation Day 2020 topaketan berrikuntzako bost kasu praktiko ere aurkeztu dira. Innobasqueren deialdian jasotako ehun bat lanen artean hautatuak izan dira ekimen horiek. Azken bost urteetan gauzatu dira bostak, eta aldaketarako eta eraldaketarako gaitasunaren adibide dira. Alfa Hogar enpresak, Eibarren eta eskualde osoan ikur izanik, atzean utzi ahal izan ditu azken aldiko zailtasun ekonomikoak, eta josteko makinak ekoizten jarraitzen du, baina produktua ezagutarazteko marketin-teknika berriak baliatuz eta teknologia berriak erabiliz. Cáritas Bizkaia erakundeak ere jakin du aurrerabide horiek arrakastaz erabiltzen, inor ez atzean uzteko eta laguntza premian diren pertsonei konfinamendu-fasean arreta ematen jarraitzeko eta laguntzak hartzaileengana iristen zirela bermatzeko teknologia digitalen bidez. Otxarkoaga Hezkuntza Zentroak hezkuntza arlora bideratu du berrikuntza, gazte etorkinei zuzendutako formakuntza-programa baten bidez. Programa horren xedea da gazte etorkinei, adin nagusiko izatera iristen direnean, lanbide bat ikasteko aukera ematea, baztertuta gera ez daitezen. COVID-19aren garaiotan, birusarekin bukatzeko prozesu eta produktuekin lotura duten hainbat proiektu aurkeztu dira. Horietako bat izan da SDA Factory enpresa arabarraren eta haiek patentatutako lurrun-eiekzioko lisaburdinen kasua. Azkenik, aitortza egin zaio Pedro Subijana sukaldari donostiarrak sortutako Akelarre Jatetxearen lanari, familia-negozio bat zena enpresa-talde liderra bihurtzen jakin duelako luxuaren sektore esklusiboan.