Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) azken datuen arabera, Euskadin ikerketa eta garapenean (I+G) egindako gastua 2019an 1.481,4 milioi eurokoa izan zen, aurreko urtean baino % 4,1 handiagoa. BPGari dagokionez, Euskadi % 1,86ra iritsi zen 2019an, 2018ko % 1,85a baino ehunen bat gehiago. 

Datu horrekin Euskadi 27en Europako batez bestekoaren azpitik dago oraindik, % 2,19koa baita, Eurostat-Europako Estatistika Bulegoaren arabera. Suedia (% 3,39), Austria (% 3,19) eta Alemania (% 3,17) dira I+Gean gehien inbertitzen duten Europako estatuak. Hala ere, Hego Koreak gainditzen ditu, bere BPGaren % 4,52 bideratzen baitu I+Gera. 

Iturriak: Eustat, INE eta Eurostat

Espainiako estatuan, Euskadik I+Gean gehien inbertitzen duen autonomia-erkidegoa izaten jarraitzen du, Estatistikako Institutu Nazionalak (INE)  argitaratu berri dituen datuak kontuan hartuta. Zehazki, I+G gastua 1.474 milioi eurokoa izan zen Euskadin 2019an, hau da, % 1,6 gehiago aurreko urtearekin alderatuta. Zifra horiei esker, Barne Produktu Gordinari (BPG) buruz I+Gean gastu handiena duen autonomia-erkidegoa Euskadi da, % 1,97rekin. Ondoren, Madrilgo Erkidegoa (% 1,71) eta Nafarroa (% 1,67) daude, eta Espainiako batez bestekoa % 1,25ekoa izan zen.

Iturria: INE

Eustatek eta INEk argitaratutako I+G gastuaren datuen arteko aldea, balio absolutuetan, 7 M€koa baino ez da, hau da, % 0,5. Hala ere, desberdintasun nagusia BPGaren kontabilizazioan datza, eta horrek I+G gastu erlatiboaren aldea handia izatea eragiten du, zehazki, INEren datua % 1,97 da, eta Eustat-ena % 1,86.

 

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago