Eusko Jaurlaritzaren Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko Sailburuordetzak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragile zientifiko-teknologiko gisa aitortu eta akreditatu du Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterra, “eskaintzaren eta eskariaren arteko bitartekari” kategorian.

Sare horretan, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistema osatzen duten 137 eragilek hartzen dute parte, eta horiek guztiek lankidetzan lan egiten dute eta I+G+b jarduerak gauzatzen dituzte Euskadin aberastasuna eta ongizatea sortzen laguntzeko. Klusterraz gain, 2021ean honako hauek ere atxiki dira sarera: Iparlat Tecno, EIT Manufacturing West, Rheinmetall R&D, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Urtzaileen Elkartea, Euskal Herriko Itsas Foroa, Euskadiko Habitat, Egur, Bulego eta Contract Klusterra (Habic) eta Euskal Herriko Medikuntzaren Errege Akademia.  

2017an, guztira 8.636 pertsonak (% 44 emakumeak eta % 38 doktore-tituludunak) egiten zuten lan sarearen erakundeetan, eta sareak 581 milioi euro inbertitu zituen I+G arloetan. Ekitaldi hartan, sarearen jarduketak 1.490 milioi euroko eragina izan zuen enpresen fakturazioan; alegia, % 197 igo zen 2014ko datuekin alderatuta.  

Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziaren bazkide den Klusterreko gerente Fernando Zubillagaren hitzetan, “15 urte baino gehiago igaro dira Klusterra sortu zenetik, lankidetza eta berrikuntza sustatzeko xedearekin. Orain aitorpen hau jasotzeak finkatu egiten du gure jarduera, gure lurralderako eta horren lehiakortasunerako mugikortasun segurua, eraginkorra, garbia eta jasangarria lortzea xede duena”.

 

Akreditazioa lortzeko, Klusterrak hainbat adierazletan ziurtatu du bere jarduera. 2019an, zientziaren eta teknologiaren arloko 200 aholkularitza-eskaera baino gehiagori erantzun zien, I+G arloko hainbat proiektuetan hartu zuen parte (sareko eragileen eta enpresen arteko lankidetzan), eta berrikuntzarekin lotutako emaitzak zabaltzen lagundu zuen. 

 

Eskaintza eta eskari teknologikoko bitartekari gisa, Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterrak bere misioa indartuko du; hain zuzen, bermatuko du erabat bideratuta egongo dela ikerketaren merkatura, bere etapa guztietan (oinarrizko ikerketatik garapen esperimentalera arte), eta ahalik eta balio handiena emango die ezagutzan egiten diren inbertsioei, betiere bere jardun-esparruarekin lotuta badaude eta Euskadin egiten badira.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago