“Horizon Europe: aukerak Euskadiko I+G+b arloarentzat” martxoaren 9an izandakoa online jardunaldian, Eusko Jaurlaritzaren eta CDTI Garapen Tekniko Industrialaren Zentroaren lankidetzarekin, Euskadik ETE-en esku jartzen dituen mekanismoak aurkeztu ziran, euren I+G+b proiektuei Europako finantzazioa jasotzen laguntzeko.

Alberto Fernández Eusko Jaurlaritzaren Teknologia eta Berrikuntza zuzendariak inauguratu zuen ekitaldia; horrez gain, 2021-2027 aldirako Horizon Europe ikerketa eta berrikuntza esparru-programa berriaren berrikuntza nagusiak aurkeztu ziran, zeinak 95.517 milioi euroko aurrekontua izango duen.

Programa hiru zutabek osatzen dute: Zientzia bikaina, Mundu-mailako erronkak eta Europako industria lehiakortasuna, eta Europa berritzailea. Programaren aurrekontuaren erdia baino gehiago, 53.500 milioi euro, bigarren zutabera bideratuko dira; hau da, Mundu-erronkak eta Europako industria lehiakortasunera. Programaren berritasun nagusia Europa berritzailearen hirugarren zutabea da, eta horren barruan dago Berrikuntzaren Europako Kontseilua. Bestalde, lehen zutabeak jarraipena ematen dio aurreko esparru-programari.

Fernándezek azpimarratu zuen orain Euskadik duen erronka dela “parte-hartzearen kalitatea handitzea” Horizon Europe programan, eta “ikerketa-zentroek ETE gehiagotara iristeko duten gaitasun eragilea” nabarmendu zuen. Fernándezek honako hau adierazi zuen Europako finantzazio-programetan parte hartzen duten enpresen inguruan: “lehiakorragoak dira, eta egungoa bezalako atzeraldi ekonomikoa jasateko baldintza hobeak dituzte”. Beraz, “enpresak parte hartzera animatzen ditugu, finantzazioa lortzeaz gain abangoardiako ezagutza lortzen baitute”. Amaitzeko, honako hau esan zuen: “gure arrakasta lankidetzarako gaitasunak neurtuko du. Esparru-programa hau aukera bat da Euskadirentzat, nazioartean hazteko I+G+b sistema gisa”.

Fernándezek “arrakastatsutzat” jo zuen Euskadik 2014 eta 2019 urte bitartean Horizon 2020 esparru-programan izan zuen parte-hartzea; 267 enpresak hartu zuten parte, eta horietatik 212 ETEak ziren. Guztira, Euskadik 719 milioi euroko itzulkina lortu zuen.

Cristina Oyón Spri Taldeko Teknologia, Berrikuntza eta Iraunkortasun zuzendariak eta Cristina Ugarte Berrikuntzaren Euskal Agentziaren nazioartekotze-proiektuen arduradunak Euskadiko enpresek nazioarteko I+G+b proiektuetan parte-hartzea sustatzeko bi mekanismo aztertu zituzten.

ETE-ei Horizon Europe programan lagundu nahi diegu”, adierazi zuen Oyónek, proposamenak aurkezteko eta bazkideak bilatzeko zerbitzuen bitartez, prestakuntza eta informazioa eskainita eta CDTIren kontaktu-puntu nazionaletarako sarbidea emanda. Azken finean, “haiei laguntzea, Horizon Europe programako parte-hartzea handitzeko”.

Fernándezen ikuspuntuarekin bat etorriz, Oyónek ZTBESko eragileen eta Europan oso aktiboak diren Euskadiko enpresen efektu eragileak izango duen funtsezko rola azpimarratu zuen, eta, horiei esker, Sarea “ezin hobeto finkatu da” Europan.

Euskal enpresa txiki eta ertainek Europako programetan lehen aldiz sartzea” errazteko erabiliko den mekanismo berritzaileenetako bat ur-jauziko finantzaketa-deialdiak izango dira. Gainera, I+G+Bko nazioarteko lankidetzarako aukerak bilatuko dira hain zorrotzak ez diren inguruneetan dauden ETEentzat, hala nola EIT Europako komunitate berritzaileek egindako deialdiak edo Basque Digital Innovation Hub-Konexio eskualde-programa, non dagoeneko 50 enpresak parte hartu duten lehen urtean.

Oyónek gogorarazi zuen Enterprise Europe Network sareko (Spri Taldeak, Beazek, Bilboko, Gipuzkoako eta Arabako merkataritza-ganberek eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak osatzen dute) Euskadiko nodoak hainbat zerbitzu eskaintzen dituela Euskadiko ETE-ei laguntzeko proiektuak aurkezten Horizon Europek laster irekiko dituen programen deialdietan. Horrela, “500 milioi pertsona baino gehiagok osatzen duten merkatuan sartu ahalko dira, Europar Batasuneko merkatura, alegia”.

Eginkizun komertzialaz eta bazkideak nahiz brokerage events direlakoak bilatzeko datu-base batez gain, 60 herrialde baino gehiagok osatzen duten ETE-ei laguntzeko Europako sare handienak berrikuntzan laguntzeko zerbitzuak ere eskaintzen ditu, Europako Berrikuntza Batzordearen Azeleragailuaren finantzazioa lortzeko eta garapen teknologikoa eta mota horretako ekimenetako parte-hartzea sustatzeko. Enterprise Europe Network sareak aholkularitza ematen die ETE-ei legediaren, merkatuen eta jabetza intelektualaren inguruan.

Zehazki, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen (ZTBES) agenteak eta enpresa eragileak tartean sartzeko tresnetako bat da Nazioarteko Lana-Industria Adimentsua taldearen lankidetza publiko-pribatuaren kasu arrakastatsua; Innobasqueko Cristina Ugartek horrekin lotutako azalpenak eman zituen. Talde hori duela lau urte sortu zen, eta 23 erakundek osatzen dute, horien artean eragile publikoak (Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila eta Bruselako delegazioa, SPRI Taldea), enpresak (Aernnova, Egile, CAF, ITP, Mondragón Corporación eta Sisteplant) eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileak (Azterlan, BRTA, CEIT, Cidetec, Ideko, Ikerlan, Innobasque, Innovalia, Lortek, Mondragón Unibertsitatea, Tecnalia, Tekniker, Vicomtech eta UPV/EHU).

Ugartek azaldu zuenez, lan-taldea tresna arrakastatsua izan da Berrikuntzaren Euskal Sistema nazioartean finkatzeko, Euskadiko sistemaren interesak Europan defendatzeko eta lortutako ezagutzak etorkizuneko ekintzak orientatzeko baliatzeko.

Horregatik, “lankidetza-eskema hori 2030eko Zientzia, Teknologia eta Ikerketa Planaren beste lehentasun batzuetara zabaldu nahi da, horietako bakoitzaren nazioartekotze-heldutasunaren maila kontuan hartuta. Horrek aukera emango du elkarren arteko sinergiak baliatzeko etorkizunean”.

“Horizon Europe: aukerak Euskadiko I+G+b arloarentzat” jardunaldian honako hauek ere parte hartu dute: Juan Antonio Tébar CDTIko (TBC) EBko eta Lurralde Lankidetzako zuzendariak eta Guillermo Alvarez, Marta Gómez Quintanilla, Enrique Pelayo, Nieves González/Carlos Toledo, Andrea Pérez-Carro, Juan Carlos García, Cristina Garrido, Juan Francisco Reyes eta Lucía Iñigo CDTIko adituek.

Sartu hemen jardunaldi osoa ikusteko.

 

 

 

 

 

 

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago