2021eko martxoaren 25eko erreportajea

 

10.105 milioi euroko aurrekontua du datozen zazpi urteetarako.

Europa berrikuntza disruptiboaren aitzindari bihurtzeko programa garrantzitsuenak balio erantsi handia duten eta merkatua iraultzeko gai diren negozioetako alor esperimentaletan sortutako ezagutzaren eraldaketa babesten du. 

EBk estreinatu berri duen berrikuntza eta ikerketa sustatzeko esparru-programa ez da soilik 95.500 milioi euroko errekor-zuzkiduragatik nabarmentzen. Gainera, Horizon Europek berrikuntza garrantzitsuak gehitu ditu aurrekontu hori datozen zazpi urteetan zehar banatzeko programa eta tresnei dagokienez. 

Programaren egitura hiru zutabetan oinarritzen da, eta, hurrenez hurren, bikaintasun zientifikoa, EBren erronka sozialei aurre egiteko eta gaitasun industrialak indartzeko ikerketa eta berrikuntza garatzea eta Europa merkatu berrietako berrikuntza sortzailearen aitzindari bihurtzea dira xedeak. Hirugarren zutabean zentratuko gara, eta, zehazki, hori lortzeko programa garrantzitsuenean: Europako Berrikuntza Batzordea, edo EIC ingelesezko siglekin. 

EIC joan den martxoaren 18an aurkeztu zuen Europako Batzordeak, eta munduan teknologia berrien ikerketa eta enpresentzako azeleragailu bat batzen dituen programa bakarra da. EICk soilik berrikuntza disruptiboak babestuko ditu, hau da, merkatu berriak sortzeko edo daudenak hausteko gai direnak, eskalatzeko potentziala dutenak eta inbertitzaile pribatuentzat arriskatuegiak direnak. Inbertitzaile pribatu gutxi animatzen dira teknologia berrietan oinarritutako enpresa berriak babestera, eta, ondorioz, horiek ez dira irisgarriak publiko potentzialarentzat, nahiz eta balioztatuta dauden alor esperimentaletan. Beraz, Bruselak lehen aldiz sortu du kapital % 100 publikoa izango duen funts bat, enpresetan kapital-inbertsio zuzenak egiteko. 

EIC da, beraz, teknologia horiek behar duten zubia laborategitik merkatura igarotzeko, edozein alor zientifiko eta teknologikotan eta edozein sektore edo merkaturentzat. 

Nori emango diote babesa EICren programek?

Haien funtzionamendua, zeina dagoeneko testatu duten azken hiru urteetan zehar, hiru programatan oinarrituko da: EIC Pathfinder, zeinak teknologia berriei buruzko ideia ausartak finantzatuko dituen; EIC Transition, zeinak aukera emango duen teknologia horiek garatzeko eta berrikuntzaren etorkizuneko komertzializaziorako negozio-eredu bat lantzen hasteko; eta EIC Accelerator, zeinak finantzaketa eskainiko dien berrikuntza horiek negozio bihurtu nahi dituzten ETE-ei. Aztertu ditzagun banan-banan. 

EIC Pathfinder programak garapen teknologiko disruptiboen oinarri zientifikoa izango den ikerketa finantzatzen du. Esparru-programaren beste helburu batekin lerrokatuta (nazioarteko lankidetza egonkortzea), programak partzuergoak sortuko ditu, eta gutxienez EBko kideak edo bestelako bazkideak diren hiru herrialdetako hiru erakundek hartu beharko dute parte. Batzordeak gomendatu du bazkide horien artean aurrerago ikerketaren emaitzak merkatura eramateko edo komertzializazioa gidatzeko erabakigarriak izan daitezkeen eragileak sartzea. 

Ekainaren 15a , PathfinderChallenges deialdia

Batzordeak hiru eta lau milioi euro arteko dirulaguntzak ematen ditu proiektuko, eta aurten bi deialdi mota abiarazi ditu, gai askekoak eta erronkei lotutakoak. Lehena PathfinderOpen da, eta edozein ikerketa-arloko proiektuek eman dezakete izena. Bigarrena PathfinderChallenges da, eta bost alorretan dago espezializatuta: adimen artifizialaren inguruko kontzientzia; garun-ehuneko jarduera neurtu eta estimulatzeko tresnak; terapia zelular eta genetikoko teknologia berriak; hidrogeno berdea ekoizteko bide berriak; eta material bizi diseinatuak. Oraindik ez dira argitaratu PathfinderOpen deialdiaren datak. PathfinderChallenges deialdia ekainaren 15ean irekiko da, eta proiektu-proposamenak aurkeztu ahalko dira urriaren 27ra arte. 

EIC Transition bitarteko urrats gida definitu daiteke, aukera emango duena laborategian eta aplikazio-eremu garrantzitsuetan teknologia disruptiboak balioztatzeko; horrek sustatzaileei lagunduko die merkaturako transferentzia hasten, etorkizuneko negozio-eredua diseinatuta. EIC Pathfinder proiektuez gain, Horizon 2020 aurreko esparru-programan finantzatutako proiektuak ere aurkeztu ahalko dira.  

Apirilaren 9a, EIC Transition deialdia

Batzordeak EIC Transition programan onetsitako proiektuak finantzatuko ditu 2,5 milioi eurora arteko dirulaguntzekin. Erakunde bakar bat aurkeztu daiteke, betiere ez bada enpresa handia, edo 3 eta 5 erakunde arteko partzuergoak aurkeztu daitezke. Modalitate askeko eta erronkei lotutako deialdiekin ere funtzionatzen du. Aurten bi erronka plazaratuko dira: energia bildu eta biltegiratzeko teknologiak eta teknologia eta gailu medikoak. Deialdiak datorren apirilaren 9an irekiko dira, eta proiektuak aurkezteko azken eguna irailaren 22a izango da. Trantsizio-proiektu baten emaitza aurreikusgarria da eskatzaileak prest egotea hurrengo etaparako: EIC Accelerator delakoa eskatzea, beste inbertitzaile edo finantzaketa-iturri batzuk bilatzea, lizentzia-akordioak edo hirugarrenekiko lankidetza lortzea edo beste bide batzuk erabiltzea merkatuan hedatzeko. 

Azkenik, EIC Accelerator programan Batzordeak arrisku handiko negoziotan inbertitu nahi du, eduki teknologiko handiko ETE-en (deep-tech) balio-proposamenetan oinarrituta eta talde konprometitu batek gidatuta. Berrikuntza disruptibo horiek merkatura iristeak arrisku handiegia dakar inbertitzaile pribatuentzat; beraz, finantzaketa emango du eskalatzeko eta komertzializatzeko. Gainera, laguntza ekonomiko horiek eragile gisa jardungo dute enpresek beste inbertitzaile erakartzeko. ETE-entzako laguntza bat da, eta finantzaketa eskatu ahal izango dute 2,5 milioi eurora arteko dirulaguntza bat eta 15 milioi eurora arteko hazi-dirulaguntza zuzen bat jasotzeko. Enpresak aukeratu ahalko du zein finantzaketa mota egokitzen den hobeto bere beharretara. Kasu batzuetan, Batzordeak midcap txikiak babestu ahalko ditu, 500 langilera artekoak, eta soilik kapitalaren zati bat eskatu ahalko dute. 

EICren beste programetan bezala, modalitate askeko deialdia (AcceleratorOpen) eta erronkei lotutakoa (AcceleratorChallenge) abiaraziko ditu. Aurten erronka nagusiak teknologia digitalak, osasun-teknologiak eta Europako Itun Berdea ezartzearen aldeko proiektuak izango dira. EIC Accelerator programaren deialdi guztietan bi muga-egun egongo dira proiektuak aurkezteko: ekainaren 9a eta urriaren 6a. 

Euskal partaidetza eta enpresentzako laguntza aditua

EICk 10.105 milioi euroko aurrekontua du datozen 7 urteetarako, eta, ikusi dugun moduan, finantzaketa-formula ezberdinak eskaintzen ditu garatutako teknologiaren edo planteatutako negozioaren garapen-graduaren arabera. Programa konplexua da, eta ezaugarriak eta parte hartzeko arauak ondo ezagutzea eskatzen du; horrez gain, jakin behar da nola prestatu Europa osoko milaka eskatzaileren artean nabarmenduko den proiektu-proposamen bat. Hori lortzeko badaude babes-mekanismoak, hala nola Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentzia bazkide den Enterprise Europe Network, zeinak enpresen esku jartzen dituen adituak, EICn parte hartzeko prozesuaren etapa guztietan laguntzeko. 

EICn parte hartzea apustu estrategiko gisa baloratu behar da, eta esperientzia eta baliabideak eskatzen dizkie enpresei. Euskadiko enpresek badute esperientzia proiektu horietan. EIC Horizon 2020 ekimenean existitzen ziren hainbat programaren eboluzioa da, besteak beste ETE-ei berrikuntza inkremental eta disruptiboko proiektuekin laguntzen zien ETE Tresna. 2014 eta 2020 artean, Euskadiko 67 enpresak hartu zuten parte ETE Tresnan, eta guztira ia 32 milioi euroko finantzaketa lortu zuten. Hainbat alorretako proiektuak jorratu zituzten: fabrikazio-prozesuetako material aurreratuak, grafenoa, ura berrerabiltzeko nano-mintzak, ekipamenduak eta material kirurgiko aurreratuak, pertsonak errehabilitatzeko exoeskeletoak, diagnostiko medikoei aplikatutako errealitate birtuala, offshore eolikarako konponbide berritzaileak eta satelitetan integratutako sistemak.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago