Gardentasuna bermatze aldera, Europako Batzordeak Horizon Europe ekimenaren 2021-2020ko lan-programen zirriborroak argitaratu ditu talde adituen erregistroan; Batzordea kide diren estatuetako ordezkariekin ari da programa horietan lanean. Europako esparru-programa berriaren harira Batzordeak finantzatuko dituen ikerketa-ildo eta -gai zehatzei buruzko informazio xehatua jasotzen dute lan-programek. Lan-programa horiek aurretik atzitu ahal izatea abantaila handia da edozein erakunderentzat; izan ere, horri esker aurrez planifika dezakete deialdietan nola parte hartu. 

Horizon Europe ekimeneko talde adituek proposamen xehatuen deialdiak formulatzen laguntzen diote Europako Batzordeari. Egiten dituzten bilerak ez dira publikoak; alabaina, Batzordearen Ikerketarako Zuzendaritza Nagusiak agendak, aktak eta parte-hartzaileen aurkezpenak argitaratu behar ditu erregistroan edo erregistro horri loturiko webgune espezifiko batean. Horren helburua da Batzordearen bileretan parte hartzen duten adituen taldeen gardentasuna bermatzea, lege-proposamenak eta ekimen politikoak prestatzeari dagokionez, bai eta egintza eskuordetuak prestatzeari eta EBren legedia, programak eta politikak aplikatzeari dagokionez ere. Orain, Batzordeak bilera horretan lantzen dituen dokumentu guztiak kontsultatzeko moduan egongo dira. 

Baliteke Horizon Europe ekimenaren lehen deialdiak maiatzean irekitzea. Behin betiko lan-programak eta deialdi bakoitzari dagozkion gainerako dokumentuak Parte-hartzaileen atarian argitaratuko dira ofizialki. Kontuan hartu beharra dago dagoeneko argitaratu diren zirriborroak oso bertsio aurreratuak direla; alabaina, ez dira onetsitako behin betiko dokumentu ofizialak eta, ondorioz, baliteke aldaketaren bat izatea. Hori dela eta, garrantzitsua da lan-programa ofizialekin kontrastatzea, deialdiak argitaratzen direnean.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago