10 eta 16 urte arteko ikasleek egun berezia biziko dute maiatzaren 8an (larunbata), FIRST LEGO League Euskadi programaren finala izango baita. Hezkuntza-programak zientzia eta teknologia gazteengana hurbiltzen du modu dibertigarrian, munduko herrialde guztietan berdina izango den erronka tematiko batekin. Aurten, proposamena da jolasa eta kirola berriro asmatzea gizarte aktiboagoa sustatzeko.
Finala aldi berean egingo da hiru egoitzatan, Deustun (Bilbo), Donostian eta Arrasaten; bakoitzean, hamabost ikasle taldek egindako lana epaimahaiaren aurrean aurkeztuko dute, segurtasun-neurri guztiak betez: burbuila-taldeak, beste taldeekin kontaktua ekiditea, etab.
Aurtengo berrikuntza, inguruabarrak kontuan hartuta, zera da, ezingo dela publikorik bertaratu; beraz, Twitch streaming plataforman egongo da ikusgai aurtengo FIRST LEGO League ekimenaren finala, non zuzenean iragarriko diren irabazleak eta estatuko finalera joango diren sei taldeak.
Txapelketaren 12. edizioa izango da hau, eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatu du Deustuko Unibertsitatearekin, Donostiako Sustapenarekin eta Mondragon Unibertsitatearekin batera. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak sustatzen duen STEAM (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Arteak eta Matematikak) Hezkuntza Estrategiaren barruan sartzen da.
Taldeek epaimahairen aurrean egingo duten aurkezpena txapelketaren hiru alorretan banatuko da: erronka tematikoari erantzuten dion berrikuntza-proiektua, Lego Mindstorms robotaren diseinua eta programazioa eta FIRST LEGO League balioak barneratu izana frogatzea: ezagutza, berrikuntza, eragina, inklusioa, lankidetza eta dibertsioa.
Egoitza bakoitzean zazpi saritu egongo dira, eta sei hautatuko dira, egoitza bakoitzeko bi, Euskadi ordezkatzeko estatuko finalean, zeina modu birtualean egingo den ekainean. Final horretako talde onenak FIRST LEGO League ekimenaren nazioarteko finaletara joango dira.
Erronka bat: jolasa eta kirola berriro diseinatzea
Hezkuntza-programaren nazioarteko antolakuntzak urtero erronka tematiko bat planteatzen du, eta hori berdina da munduko ikasle guztientzat. Edizio honetan, erronkak RePLAY du izena, eta taldeek jolasteko, kirola egiteko eta mugitzeko modua berriro definitu behar dute, jarduera fisikoa sustatzeko eta aktiboagoak izateko. Erronka horrek, gainera, pandemiatik eratorritako adarra du, sedentarismo‑arazoei erantzuteko aukera ematen baitu.
FIRST LEGO League Euskadik aurten 33 hezkuntza-zentro ditu, bi kategoriatako 90 taldetan banatuta: 45 talde Challenge kategorian, 10 eta 16 urte artean, eta 45 Explore kategorian, 6 eta 9 urte artean. Guztira, 1.300 ikaslek hartu dute parte, eta horietatik 400ek hartuko dute parte Euskadiko finalean maiatzaren 8an, hiru egoitzatan banatuta. Beste 250 haurrek hartuko dute parte Explore kategorian, apirilaren 30ean eta euren hezkuntza-zentroetan.
Parte hartuko duten hezkuntza-zentroek eta hiru erakunde antolatzaileek ikasleen artean karrera teknikoetarako interesa pizteko konpromisoa partekatzen dute Innobasquerekin, zientziara, gatazken ebazpenera eta berrikuntzara hurbilduz, Beraz, Leire Bilbao Innobasqueren zuzendari nagusiak “Euskadiko erreferentziatzat” jo du txapelketa, bokazio horiek sustatzeko gai izateagatik.
Prestakuntza-tailerren ziklo bakarra estatuan
FIRST LEGO League Euskadi STEAM Hezkuntzako erreferentzia-programa bihurtu da, eta, gainera, prestakuntza-tailerren ziklo bat du, estatuan bakarra, Innobasquek antolatzen duena finalaren aurreko hilabeteetan. Formatu berritzailea du, tailerrak online egin baitira aurten; ikasleek ikerketako, zientziako eta teknologiako langileen lana ezagutu dute, baita proposatutako erronkaren alorrean lan egiten duten adituena ere: kirola eta jolasa.
Aurten, hauek izan dira Innobasquerekin tailerren ziklo honetan lankidetzan aritu diren erakundeak; Athlon, BCAM, Fundación Real Sociedad, Mugikon, Tecnalia, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Vifit Training.