2021eko maiatzaren 6ko erreportajea
EBk onetsitako aldi baterako susperraldirako mekanismoari ematen zaion izena da, eta xede du pandemiaren ondorioak arindu eta Europa erresilienteago baten oinarriak ezartzea, zeinetan enpresa txiki eta ertainek zeregin garrantzitsua izango duten.
Europar Batasunaren 2024ko sei lehentasunak lantzen ari zen Europa pandemia bate-batean gure bizitzan sartu zenean. Osasun-krisiari berehala gainjarri zitzaion beste krisi bat, hori ere globala baina ekonomikoa, eta 1929az geroztiko okerrena izateko itxura osoa zuen. Beraz, berehala argi ikusi zen susperraldiak bateratua, koordinatua eta, batez ere, birsortzailea izan beharko zuela; Covid-19aren berehalako ondorioak arintzeaz gain, Europako herrialdeek EB erresilienteago, digitalago eta jasangarriago baten oinarriak ezarri behar zituzten. Hau da, berritzaileagoa.
Susperraldi horri ekiteko eta ahalik eta azkarren eta ekitatiboena izan dadin, Europako Batzordeak NextGenerationEU funts ezaguna proposatu zuen maiatzean, zeinaren bidez 750.000 milioi inbertituko dituen estatu kideetako ekonomian datozen lau urteetan zehar.<0} Susperraldirako mekanismo horren oinarriak islatuta geratu dira 2021eko Hazkunde Jasangarrirako Urteko Estrategian, 2020koari jarraipena ematen dion horretan. Beraz, Itun Berdea eta lehiakortasun-jasangarritasuna ditu ardatz nagusi gisa, nahiz eta osasun-krisiak ezarritako lehentasunen (besteak beste, Europako herritarren osasuna eta enplegua babestea) eta etorkizuneko ezbeharrei aurre egin ahal izateko egonkortasun makroekonomikoa blindatzeko beharraren arabera egokitu behar izan.
Nola kudeatuko dira 750.000 milioi horiek?
NextGenerationEU susperraldirako funtsak baimena ematen dio Europako Batasunari 750.000 milioi bitarteko zorra jaulkitzeko Europar Batasunaren izenean. Horrek esan nahi du 27 estatu kideak ados jarri direla elkarrekin zorpetzeko eta etorkizun bateratu batean inbertitzeko. Funtsak bi partida ditu: batetik, 360.000 miloi 2058a baino lehen kitatu beharreko maileguen bidez banatuko dira, eta, bestetik, gainerako 390.000 milioiak itzuli beharrik gabeko transferentzien bidez emango dira. Edo, beste modu batera esanda, funts galdura emango dira.
Era berean, bi partidak kudeatzeko, bi baliabide sortu dira: Susperraldirako eta Erresilientziarako Mekanismoak (BEM-MRR) eta Kohesiorako eta Europako Lurraldeetarako Susperraldirako Laguntza (REACT-EU). Bi baliabide berri horiez gain, NextGenerationEU funtsak aurretik dauden Europako beste programa batzuei diru gehiago emango die, besteak beste honako hauei: Horizon Europe, InvestEU, Landa Garapena edo Bidezko Trantsiziorako Funtsa (BTF).
SUSPERRALDIRAKO ETA ERRESILIENTZIARAKO MEKANISMOA (BEM-MRR)
NextGenerationEUren elementu nagusia da eta xede du Europar Batasuneko ekonomiak hazteko gaitasuna lehengoratzea. Eta horrekin honako helburu hauek lortu nahi dira:
– Trantsizio ekologiko eta digital bikoitza.
– Hazkunde jasangarria lortzea, besteak beste, honako elementu hauek txertatuta: ekonomia-kohesioa, enpleguaren sorrera, lehiakortasuna, berrikuntza eta ETE indartsuak.
– Erresilientzia sanitarioa, ekonomikoa, soziala eta instituzionala, etorkizuneko krisien aurrean indartsuagoak izan gaitezen.
– Europaren lurralde-kohesioa.
672.500 euroko zuzkidura du eta banatzeko irizpideak laguntza handiagoa bermatuko die pandemiaren ondorioz egoera ekonomiko eta sozial okerragoa duten estatu kideei. Nolanahi ere, mekanismo honen bidez esleitutako funtsak bi zatitan banatuko dira: % 70 osasun-larrialdiaren aurretiko adierazle ekonomikoak aintzat hartuta banatuko da eta 2021ean eta 2022an konprometitu beharko du Europar Batasunak; gainerako % 30a, berriz, 2023aren amaieran konprometituko da oso-osorik, 2026ra arte gauzatu ahal izango da, eta herrialde bakoitzean 2020az geroztik ekonomiak izan duen bilakaerari buruzko datuen arabera erabakiko da.
KOHESIORAKO ETA EUROPAKO LURRALDEETARAKO SUSPERRALDIRAKO LAGUNTZA (REACT-EU)
REACT-EU funtseko 47.500 milioien xedea da estatu kideen ongizate-egoera hobetzea, bai berehala arintzeko pandemiaren ondorioak, bai etorkizunera begira. Hori dela eta, dirulaguntza hori hezkuntza, osasuna eta gizarte-zerbitzuak hobetzera bideratuko dira. Egitura-funts gisa funtzionatuko dute, baina gauzatzean malgutasun eta arintasun handiagoa izango dute. REACT-EUren baliabideak 2021 eta 2022 artean gauzatu beharko dira, eta herrialde bakoitzean krisiak eragindako ondorio sozioekonomikoen larritasunaren arabera esleituko dira.
Zer egin behar dute herrialdeek NextGenerationEU funtsak jasotzeko?
Funts horien finantza-laguntza jasotzeko, estatu bakoitzak bere Susperraldi eta Erresilientzia Plan Nazionala prestatu behar du, eta, bertan, egingo dituzten inbertsio eta erreformen programa ezarriko dute, betiere ingurumen- jasangarritasunaren, produktibitatearen, ekitatearen eta egonkortasun makroekonomikoaren printzipioetan oinarrituta.
Plan nazional bakoitzak aurre egin beharko die berau aurkezten duen herrialdearen erronkei, eta bat etorriko beharko du Hazkunde Jasangarrirako Urteko Estrategiaren xedeekin. Nolanahi ere, Europako Batzordeak zazpi eremu azpimarratu ditu, eta, bere ustez, herrialde guztiek inbertitu beharko lukete horietan, enplegua sortzeko eta hazteko duten potentzialarengatik zein trantsizio digital eta ekologikoaren abantailez baliatzeagatik.
– Teknologia garbiak azkar abiaraztea eta energia berriztagarrien garapena eta erabilera bizkortzea.
– Eraikinen energia-eraginkortasuna hobetzea.
– Teknologia garbiak sustatzea, garraio jasangarri, irisgarri eta adimendunaren erabilera bizkortzeko.
– Banda zabal azkarreko zerbitzuak azkar hedatzea eskualde eta etxebizitza guztietan, zuntz eta 5G sareak barne.
– Administrazioa eta zerbitzu publikoak digitalizatzea.
- Industria-gaitasunak handitzea hodeiko datuak biltegiratu eta kudeatzearen arloan, eta azken belaunaldiko prozesadore jasangarriak garatzea.
– Hezkuntza-sistemak gaitasun digitalen arabera egokitzea.
Zenbat diru jasoko du Espainiak eta nola kudeatuko du?
Aurreikuspenak betetzen badira, Espainiak Susperraldirako eta Erresilientziarako Mekanismotik 140.000 milioiko zenbatekoa jaso dezake (hau da, 2019an herrialdean sortutako aberastasunaren % 10 baino gehiago). Zenbateko hori ekonomia-kohesioarekin, lehiakortasunarekin (batik bat eraldaketa digitalean oinarritutakoa) eta trantsizio ekologikoarekin lotutako inpaktu handiko erreforma eta proiektutarako erabili beharko du.
Gobernuaren iturrien arabera, Espainiak BEM-MRRtik 69.528 milioi jasoko ditu funts galdura eta 70.000 milioi baino gehiago jaso ahalko lituzke maileguetan. Gainera, aurreikusi da 12.400 milioi euro baino gehiago jasoko dituela REACT-EUtik. Funts horien zati bat, 27.000 milioi, Gobernuak Estatuko Aurrekontu Orokorretan sartu du dagoeneko, hainbat ministeriori esleitutako aurrekontu-partidetan.
Plan Nazional hori Bruselara igorri zen hilaren 30ean, eta zeharkako lau ardatzetan oinarrituko da (hau da, trantsizio ekologikoa, eraldaketa digitala, lurralde- eta gizarte-kohesioa eta, azkenik, genero-berdintasuna), eta hamar palanka-politikatan egituratuko; azken horiek, aldi berean, 30 ekintza-ildo biltzen dituzte, arau-emaileak zein inbertsioak bultzatzekoak. Grafiko honetan ikus ditzakegu horiek guztiak:
Nola abiaraziko da proiektu bakoitza?
Berriz diogu, oraindik ere gauza asko daude definitu gabe, baina badirudi bi modutan eskuratu ahalko dela BEM-MRRa. Alde batetik, funtsak ministerioen, autonomia-erkidegoen eta, zenbaitetan, udalen lizitazio-deialdien, dirulaguntzen eta laguntzen bidez gauzatuko dira. Bestetik, aurreikusi da lankidetza publiko-pribaturako baliabideen erabilera areagotu egingo dela; horien adibide dira, esaterako, Suspertzeko eta Eraldatzeko Proiektu Estrategiko (EBEPE-PERTE) berriak. Horiek ekimen estrategikoak izango dira, gainerako ekonomia bultzatzeko ahalmen handia dutenak, eta enpresen, ikerketa-zentroen eta administrazioen arteko lankidetza eskatuko dute.
Bestalde, Espainiarako aurreikusitako REACT-EU funtsetatik 10.000 milioi EGEF (Eskualde Garapeneko Europako Funtsa) eta EGF (Europako Gizarte Funtsa) funtsen bidez banatuko dira, Estatuan zein autonomia-erkidegoetan aurretik dauden programa eragileen baitan. Gainera, beste 2.436 milioi euro iritsiko dira eta horiek Osasun Ministerioak kudeatuko ditu 2021ean, txertoak erosteko.
Eta zenbat iritsiko da Euskadira?
Euskadik Euskadi Next 2021-2026 programa aurkeztu zuen abenduan. Proposamen horren behin betiko bertsioa aurki ezagutuko dugu, baina, oraingoz, Europako lehentasunekin lerrokatutako 188 proiektu hartzen ditu barne. Horien guztien inbertsioa 13.135 milioikoa izango litzateke. Kopuru horretatik, Eusko Jaurlaritzak espero du 5.703 milioi jasotzea BEM-MRR funtsetatik, hau da, Espainiari dagozkion funts europarren % 10. Gainerako 7.433 milioiak euskal inbertsio publiko-pribatuaren bidez finantzatuko dira.
Iturria: Euskadi Next
Euskadi Nextek 16 EBEPE-PERTE ezarri ditu hainbat arlo estrategikotan, besteak beste: hidrogeno berdea, mugikortasun jasangarria, osasuna, euskal teknologia-zentroak sustatzea, Lemoizko akuikultura-ekoizpenerako instalazioa garatzea edo hiri-berroneratzea.
Iturria: Euskadi Next
Eta galdera zailena: nola eskuratu ahal izango dituzte ETE-ek funts horiek?
Moncloaren arabera, ETE-ek badute lekua Plan Nazionalean. Helburua da ETEak planean aurreikusitako finantzaketa-ekintzen onuradun nagusiak izatea. Horretarako, bai Estatuko Administrazio Orokorrak, bai autonomia-erkidegoek edo tokiko agintariek beharrezko mekanismoak jarri beharko dituzte, egiten dituzten deialdietan enpresa txikiek behar bezala parte har dezaten. EBEPE-PERTE proiektu estrategiko handiei dagokienez -ministerioek abiarazi beharko dituzte-, badirudi aztertzen ari direla proiektuan bazkide diren erakundeen % 40 gutxienez ETEak izateko betekizuna. Azken batean, NextGenerationEU susperraldirako mekanismoaren bidez, Europar Batasunak erakusten du oso kontuan hartzen duela enpresa txiki eta ertainek hurrengo belaunaldiarentzat nahi den Europa berritzaileago horri egiten dioten ekarpena.