2021eko maiatzaren 13ko erreportajea
EBk eraldaketa digitalaren buru izan nahi du, bere enpresen lehiakortasuna egonkortu eta bere balio sozialak indartzeko
Gaurko honekin, EBk datozen urteetarako bere lehentasun ekonomikoak islatzeko atera dituen orientabide politikoei buruzko erreportaje sorta bati hasiera eman diogu. Horien artean aurki ditzakegu, besteak beste, klima-neutraltasuna, digitalizazioa edo kalitatezko enplegua sortzea erraztuko duen ingurune bat eratzea. Helburu estrategikoak dira; ondorioz, pandemiaren agerpenak ez ditu “bazterrean utzi”; alderantziz, are argiago gelditu da haien garrantzia, eta Europa erresilienteagoa eta berritzaileagoa bihurtuko duen eraldaketaren protagonista bihurtu dira.
Guk, lehenik eta behin, EB aro digitalera egokitzeko lanari helduko diogu. Trantsizio horrek berebiziko eragina du; izan ere, Batzordearen helburua da gero eta irekiagoa eta konektatuagoa den mundu batean subiranotasun digitala lortzea. Gure komunikatzeko, lan egiteko, ikasteko eta erosteko moduari eragiten dion iraultza baten arauak ezartzen dituen eragilea izan nahi du Europak. Hala, trantsizio digitalak aukera berriak ekarri beharko dizkie enpresei baina, batez ere, onura komunak ekarri behar dizkie Europako biztanle guztiei.
EBren etorkizun digitala konfiguratzea
Europa berriak, mundu-mailako lider teknologikoa bilakatzeaz gain, erreferente izan nahi du teknologiaren ezarpenean eta erabilera onean. EBn, aplikazio-esparrua edozein delarik ere, soluzio digitalen azken xedea Europako balioak eta bizi-estiloa kontsolidatzea izango da. Ikuspegi hori funtsezko hiru zutaberen inguruan egituratzen da. Hiru mandamentu dira ia.
Teknologiak beti egon behar du pertsonen zerbitzura. Konpetentzia digitalak herritar ororen esku egongo dira eta, gainera, herritarrak babestu egin beharko dira mehatxu zibernetiko posibleen aurrean. Gainera, bermatuko da adimen artifiziala herritarren eskubideekiko errespetuz garatuko dela. Horrez gain, banda zabal ultra-azkarraren hedapena bizkortuko da, EBko etxe, eskola eta ospitaleetara irits dadin. Bestalde, superkonputazio-gaitasuna areagotuko da, medikuntzaren, garraioaren eta ingurumenaren arloko soluzio berritzaileak garatzeko.
Ekonomia digitala bidezkoa eta lehiakorra izango da. Sortu berri diren enpresei eta ETE berritzaileei finantzaketa lortzen laguntzeaz gain, EBren estrategia digitalak argitu egingo ditu online zerbitzuei buruzko arauak, ekonomia digitalerako egokiak direla eta enpresa guztiak bidezko baldintzetan lehiatzen direla bermatzeko. Bestalde, lege-esparruak kalitate handiko datuetarako sarbidea hobetuko du eta, aldi berean, informazio sentikorraren babesa bermatu eta online plataformen erantzukizuna areagotuko du.
Gizarte ireki, demokratiko eta jasangarria. Trantsizio digitalarekin batera, trantsizio berdea ere gauzatu behar da, hemendik 2025era bitarte klimatikoki neutroa den Europa bat lortzeko. Horrekin batera balio demokratikoak sustatzeko ekimenak jarri beharko dira martxan, besteak beste Internet bidez albiste faltsuen hedapena geldiarazteko.
Abian da “hamarkada digitala”
Etorkizuneko konfigurazio hori errealitate bihur dadin, datozen hamar urteak “hamarkada digitala” izateko zuzentarauak aurkeztu zituen EBk duela bi hilabete. Horren helburu nagusiak “iparrorratz digitala” deiturikoan eta haren lau puntu kardinaletan islatzen dira.
GAITASUN DIGITALAK EBk espero du 2030erako helduen % 80ak, gutxienez, oinarrizko gaitasun digitalak izatea. Horrez gain, beharrezkotzat jotzen du teknologia berrietan adituak diren hogei milioi pertsona izatea; gainera, sektore horretan emakumeen parte‑hartzea handiagoa izatea nahi du.
AZPIEGITURA DIGITAL SEGURU, EFIKAZ ETA JASANGARRIAK. Batzordearen ibilbide digitalaren arabera, hemendik bederatzi urteko epean 5G sareek eskuragarri egon beharko dute biztanleak dituzten lurralde guztietan, eta EBko etxe guztiek gigabit erako konektibitatea izan beharko dute. Gainera, Europak abangoardiako erdieroaleen ekoizpenean duen pisua bikoiztu nahi du, baita segurtasun handiko mugako 10.000 nodo (edo “edge computing”) hedatu ere; horien datuak sortzen diren guneetatik hurbil dauden datuen transmisiorako miniguneak dira eta latentzia murrizten dute. Bukatzeko, lehen ordenagailu kuantikoa izatea ere espero du.
NEGOZIOAK. Hirugarren puntu kardinala enpresen eraldaketa digitala da. 2030erako, lau enpresatatik hirutan hodeiko konputazio-zerbitzuak, makrodatuak eta adimen artifiziala erabili beharko lirateke. ETE-en % 90 baino gehiagok intentsitate digitalaren oinarrizko maila bat lortu beharko dute gutxienez eta enpresa emergenteen (startup izenekoak) sorrera eta finantzaketa sustatu beharko da, adarbakar europarren kopurua bikoizteko. Hau da, bi milioi eurotik gorako balioa lortuko duten enpresak.
GOBERNANTZA. Laugarren puntu kardinala zerbitzu publikoen digitalizazioa da. Hamarkada honetan, Batzordearen helburua da gizarte-zerbitzu gakoak online eskuragarri egotea eta herritar guztiek beren historial mediko elektronikoa atzitu ahal izatea. Gainera, europarren % 80k identifikazio elektronikorako bitarteko bat erabiltzea espero da.
Nola ezarriko dira gidalerro horiek?
Iparrorratzaren helburuak erdiesteko, Europako Batzordeak nazioarteko proiektuak martxan jartzen lagunduko du, eta prozesua bizkortuko. Horretarako, NextGenerationUE funtsen Susperraldirako eta Erresilientziarako Mekanismoak, Kohesio Funtsak eta EBren beste funts batzuk erabiliko ditu. Proiektu horiek finantzaketa publikoa (Europakoa edo estatukoa) eta pribatua konbinatu ahalko dituzte.
Gainera, Batzordea Europa Digitala programa zehazteko lanetan ari da; hori izango da teknologia digitala enpresa eta herritarrengana eramateko EBren lehen finantza-tresna. Programa berri horrek finantzaketa estrategikoa eskainiko die programei funtsezko bost arlo hauetan: superkonputazioa, adimen artifiziala, zibersegurtasuna, gaitasun digital aurreratuak eta teknologia digitalen erabilera zabala ekonomia eta gizartean.
Europa Digitalak 7.500 milioi euroko aurrekontua izatea aurreikusten da, suspertze ekonomikoa bizkortu eta Europako gizarte eta ekonomien eraldaketa digitalari forma emateko; horrek onurak ekarriko dizkie herritar guztiei baina, bereziki, ETE-ei. Programa hori ez da independentea izango, baizik eta EBren beste programa batzuen osagarri, Horizon Europe programaren osagarri, kasurako.