2021eko maiatzaren 20ko erreportajea
Europak hemendik 2050era EB klimatikoki neutroa izango den lehen potentzia bihurtzeko erronkari aurre egingo dio berrikuntza funtsezko gakotzat duen asmo handiko estrategia batekin.
Gaur, EBk datozen urteetarako lehentasun soziopolitikoak islatu dituen orientazio politikoez arituko gara beste behin ere, erdigunean jar dezagun ez soilik erronka europarretan handietako bat, baizik eta pandemiaren aurretiko erronka global bat ere: klima-krisia, “gizateriarentzako mehatxu existentziala”, zeinak erantzun kolektibo bat behar duen gure gizartea eta gure ekonomia bide jasangarriago batean kokatzeko.<0}
Europak erronka honi emandako erantzunari Itun Berdea edo European Green Deal deritzo eta ingurumen eta jasangarritasun arloko historia osoko asmo handiena duen plana da; izan ere, horren helburu nagusia da EB lehen potentzia klimatikoki neutro bihurtzea hemendik 2050era. Horretarako, hazkunde-estrategia bat behar dugu Batasuna bihur dadin “gizarte ekitatibo eta oparoa, ekonomia modernoa duena, lehiakorra dena eta baliabideak modu efizientean erabiltzen dituena. Halaber, xedea da bertan ez egotea berotegi-efektuko gasen isurketa garbirik 2050ean, eta hazkunde ekonomikoa baliabideen erabileratik bereizita egotea”.
Beste hitz batzuekin esanda, ez da biodibertsitatea babesteko eta kutsadura murrizteko ingurumen-politika hutsa; xede ekologikoak, ekonomikoak eta sozialak dituzten politika eraldatzaileen multzo bat batzen duen zeharkako planteamendua da: Airearen, uraren eta lurzoruaren zero kutsadura lortzetik (duela soilik zazpi egun aurkeztutako ekintza-plan batekin) eta kaltetutako ekosistemak leheneratzetik hasi eta, eraikinak eta azpiegiturak berritzera iritsi arte (energia‑kontsumoari dagokionez efizienteagoak izan daitezen), industriaren modernizazioa (erregai fosilak alde batera utzi ditzan eta digitalagoa izan dadin,) edo ekonomia zirkularraren sustapena tarteko. Azken horrek, tokiko enplegua bultzatzeaz gain, kualifikazio-maila guztietarako milioi bat lanpostu sortzeko aukera emango du, eta horrek gizarte-kohesio handiagoa dakar.
Ingurumeneko xedeei dagokienez, planeta osasuntsuagoa lortzeko eta hobekuntza horrek pertsonen osasunean eragina izateko, honako hau da EBren asmoa da, besteak beste: % 55 murriztea kutsadura atmosferikoak sortutako heriotza goiztiarren kopurua, eta % 30 murriztea garraiobideen zaratak etengabe eragindako pertsonen kopurua; hiri-hondakinen sorrera erdira murriztea eta uraren kalitatea hobetzea itsasoko hondakinak eta hondar plastikoak % 50 murriztuta; lurzoruaren kalitatea hobetzea eta, horretarako, nutrienteen galera ekidin eta plagizida kimikoen erabilera erdira murriztea; edo airearen kutsadurak arriskuan jartzen dituen EBko ekosistemak % 25 murriztea.
Ikus dezakezunez, bere ibilbide orrian, Europako Itun Berdeak mugarriak dituzten jarduera-eremu ugari proposatzen ditu, eta horietan berrikuntzak funtsezko zeregina izango du, bereziki Covid-19k sortutako osasun‑krisiak krisi sozioekonomikoa eragin zuen unetik.
Berrikuntzak Europako Itun Berdean duen rola
Frogatu da ikerketa eta berrikuntza ezinbestekoak direla Europar Batasunak eta berau osatzen duten herrialdeek zenbait arlotan prestatzen ari diren helburuak betetzeko. Klima-krisialdiaren kasuan, I+G+b-aren araberakoa izango da, esaterako, energia berriztagarri gehiago sortzeko moduak aurkitzea; airea, ura eta lurzorua arazteko sistema hobeak izatea; elikagai osasungarriagoak kontsumitzea; hondakin gutxiago sortzea; eraikin osasungarriagoetan eta jasangarriagoetan bizitzea; enpresa efizienteagoetan lan egitea; edo garraio publikorako alternatiba gehiago izatea. Hau da, berrikuntza ingurunearen eta klimaren arloko erronkei aurre egiteko gakoa ez ezik, erronka horiek hazkunde-aukera bihurtzeko gakoa ere izango da.
Klimatikoki neutroa den lehen potentzia bihurtzeak aukera paregabea emango du EBren ekonomia modernizatzeko, eta, etorkizun jasangarri bateranzko bidean, ikerketak eta berrikuntzak funtsezko rola izango dute beharrezko trantsizioak azkartu eta kudeatzeko; konponbideen arriskuak zabaldu, erakutsi eta mugatzeko; eta biztanleria gizarte-berrikuntzaren parte izateko.
Funtsezko aldaketak dira, “sistemikoak”. Aldaketa horiek bultzatzen dituzten EBren programen artean, besteak beste, Horizon Europe dago, eta funtsezko tresna izango da inbertsio pribatuak zein publikoak mugiarazteko Europar Batasuneko estatu kideetako bakoitzean, berrikuntza bultzatzeko eta EBn eta mundu osoan sortzen diren teknologia berriak zabaltzeko eta irtenbide iraunkorrak zabaltzeko. Berrikuntza gisa, Horizon Europe programak ikerkuntzako eta berrikuntzako lankidetza-talde berri bat izango du, zeinetan Batzordeak industriarekin eta herrialdeekin elkarlan estua izango duen arlo erabakigarrie5tan, esaterako, garraioa, hidrogenoa, altzairua, karbono-emisio baxuak, biosektore zirkularrak, eraikuntza eta biodibertsitatea. Bere aldetik, Horizon Europe programan adostutako Ikerketa eta Berrikuntzako bost Misioetatik lauk zuzeneko laguntza eskaintzen diote Europako Itun Berdeari: hiri adimentsuak eta klimatikoki neutroak; ozeanoen, itsasoen eta kostalde eta kontinenteetako uren osasuna; lurzoruaren eta elikaduraren osasuna; klima-aldaketara moldatzea; eta gizarte-eraldaketa.
Nola finantzatuko da Europako Itun Berdea?
Itun Berdea asmo handikoa da bai helburuengatik, bai barne hartuko duen inbertsioagatik. EBk aurreikusten du hamar urtetan sektore publikoko eta pribatuko bilioi bat euro mugiaraziko dituela;Horrek klima-aldaketaren aurkako neurrietasrako Batasunaren guztizko finantzaketaren % 25 erabiltzea ekarriko du.
Europar Batasunak badaki bultzada hori finantzazio publikotik abiarazi beharko dela, baina inbertsioen azken bolumena eragile pribatuen mendekoa izango da. Hori dela eta, eragile anitzen partaidetza sustatzeko, EBko estatu kideen nazioko bankuetan, Europako Inbertsio Bankuan eta InvestEU inbertsio-programan oinarrituko da. Gainera, Bidezko Trantsiziorako Tresna erabiliko da lurralde kaltetuenetan 2021-2027 epean zehar, gutxienez, 100.000 milioi euro mugiarazteko.
Europar Batasunaren aurrekontuan, ikerketaren eta berrikuntzaren finantzaketarekin zerikusia duten jarduerak, batik bat, Horizon Europe programaren bitartez bideratuko dira, zeinak bere funtsen % 35 erabiliko duen klima-helburuak betetzeko. Deialdiak programaren hainbat ataletan argitaratuko dira, esate baterako, 2. zutabeko Klima, Energia eta Mugikortasuneko 5. Klusterra edo Europako Berrikuntza Kontseilua (EBK).
Ba al dugu Euskal Itun Berderik?
Klima-krisialdia tokiko eta eskualdeko irtenbideak behar dituen arazo globala da. Ondorioz, Europa berdeagoa lortzeko, behar-beharrezkoa da administrazio guztien eta biztanleriaren partaidetza. Izan ere, arazoaren garrantzia dela eta, Europako Batzordeak ez du zalantzari izan ziurtatzean klima-neutraltasuna lortzea “belaunaldi hau definituko duen zeregina dela”.
Eusko Jaurlaritzak, horretaz eta trantsizio ekologiko horrek autonomia erkidegoko enpresei eskaintzen dizkien negozio-aukerez jakitun, bat egin du Europako Itun Berdearekin Basque Green Deal (BGD) hitzarmenaren bidez, zeina ofizialki aurreko astean aurkeztu zen.
Bere “ahaide nagusiak” bezala, garapen bidezkoagoa eta jasangarriagoa lortzeko, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren proposamenak eredu ekonomiko berriaren alde egin du, zeinak industria eta teknologia izango dituen motore nagusitzat. Bere lan-ildoek, EBn indarrean dauden printzipio nagusiei jarraikiz, honako hauen aldeko apustua egin dute: energia berriztagarriak, industria eta mugikortasun jasangarriak, biodibertsitatearen babesa, kutsaduraren murrizketa eta “baserritik etxera” kontsumoa sustatzen duen elikadura-eredua. Helburu horiek betetzeko, Eusko Jaurlaritza Energia Trantsizioari eta Klima Aldaketari buruzko lege amaitzen ari da. Lege hori Europako zuzentarauekin eta adierazleekin lerrokatuta egongo da, emisioak murrizteko helburuetan aurrera egiteko eta energia berriztagarriak sortzeko aukera emango du, eta neutraltasun teknologikoaren printzipioan oinarrituta egongo da.