2021eko ekainaren 18ko erreportajea
Euskal enpresek nazioarteko proiekzio handia lor dezakete Europako Batzordeak argitaratu berri dituen kluster honen deialdiei esker; izan ere, klusterrak aurrekontu-partidarik handiena izango du
Aste batzuez ikerketako eta berrikuntzako bederatzigarren esparru-programaren inguruko guztia ulertzeko ezinbestekoa den esparru teorikoa errepasatu ostean, gaur, azkenik, enpresei benetan interesatzen zaienari buruz hitz egiten hasiko gara: zazpi urte hauetan Horizonte Europak finantzatuko dituen lehentasunezko arloak. Hori bigarren zutarrira itzulita egingo dugu. Zutarri hori ikerketa eta berrikuntza finantzatzera dedikatuta dago, eta Europar Batasunaren ahalmen teknologikoak eta industrialak indartuko ditu. Horretarako, zuzkidura ekonomikorik handiena dauka: 53.516 milioi euro.
Gogoratuko duzunez, zutarri hori sei klusterretan dago banatuta, eta funtsezkotzat jotako munduko erronkak lantzeaz arduratzen diren ikerketa-arloak biltzen dituzte. Horiek azaltzeko, ordena berezia jarraituko dugu: aurreko esparru-programan (Horizonte 2020) parte hartzeagatik, gure eragile zientifiko-teknologikoek eta gure enpresa-sareak azken 6 urteetan ibilbide luzeena izan duten arloen arabera aurkeztuko ditugu. Gauzak horrela, erreportaje sorta hau laugarren klusterretik abiaraziko dugu; izan ere, sektore digitala, industriala eta espaziala biltzen ditu eta funts handiagoa izango du: 15.349 milioi euro. Europako Batzordeak lehen deialdiak argitaratu berri ditu kluster honetan eta ekainaren 29 eta 30ean ofizialki aurkeztuko ditu jardunaldi birtual batean.
Lehenengo lan-programan, Europako Batzordeak aurrekontu-partida hau justifikatu du. Horretarako, honako azalpen hau eman du: “materia horietan egindako aurrerapenak itxura ematen diote ekonomia eta gizarteko sektore guztiei”. “Industria garatzeko modua eraldatzen du, produktu eta zerbitzu berriak eratzen ditu eta funtsezkoa da etorkizun jasangarria izateko. Gainera, COVID-19aren krisiak agerian utzi du Europako industria-oinarria sendotzeko beharra, bai eta haren erresistentzia eta malgutasuna handitzekoa ere, bai teknologiei dagokienez, bai hornidura-kateei dagokienez, hirugarren herrialdeekiko dugun mendekotasuna murrizteko – gaineratu du –. Horretaz aparte, funtsezkoak diren gizarte-erronkei, hala nola,jasangarritasunari edo inklusioari, heltzeko premia berria sortu du. Ziurgabetasun gehiago eta interes geopolitiko aldakorrak dituen mundu globalizatu honetan, jokoan dagoena ez da soilik Europaren oparotasuna eta lehiakortasun ekonomikoa: bere burua modu autonomoan hornitzeko eta industria-sektore osoarentzat seguruak diren lehengaiak, teknologiak eta zerbitzu erabakigarriak emateko gaitasuna ere jokoan dago. Ez da protekzionismoa. EBren interes estrategikoak defendatzea da”.
4. klusterraren bidez, hortaz, Europak digitalizaziorako funtsezkoak diren teknologietan daukan subiranotasuna bermatu nahi da, eta industria eta teknologia espazial lehiakorra eta jasangarria izatea. Industria aipatu dela ikusita, ondoriozta dezakezu deialdiak aurkeztu ahala, kluster hau izango dela gure enpresentzat interesgarriena.
Eta egia da enpresek nazioarteko proiektu mota horietan lankidetzan aritzeko duten interesa eta zientzia- eta teknologia-eragile askok Europan duten posizionamendu ona direla eta, aurreko esparru-programan finantzatutako proiektuetan presentzia oso esanguratsua izan dutela. Euskal Autonomia Erkidegoak I+G+b arloko proiektu europarretan duen parte-hartzearen behatokiaren datuen arabera, Innobasquek kudeatzen duena, arlo digitalarekin, industriarekin eta Horizon 2020ko espazioarekin lotutako arloetako proiektuei dagokienez, 161 euskal erakunde 352 proiektutan parte hartzen ari dira. Batzordeak 248 milioi euro eman ditu 2019ra arte proiektu horiek finantzatzeko.
Azken sei urteetan, eragile zientifiko-teknologikoek eta euskal enpresek funtsezko teknologia bideratzaileak garatzera bideratutako proiektu europarretan parte hartzeko apustuari eutsi diote, edo, bestela esanda, garapen kritikoa duten teknologietan parte hartzeko apustuari, EB mundu osoan lehiakorra izaten jarrai dezan. Hala, fabrikazio aurreratua, nanoteknologiak eta material aurreratuak izan dira Euskadik 2020rako dituen espezializazio-arlo teknologiko nagusiak, Batzordeak teknologia horiek garatzeko euskal erakundeei esleitu dien finantzaketari erreparatzen badiogu, ia 148 milioi euro, eta EB-28ko gainerako eskualdeekin alderatzen bagara. Gainera, estatu mailan, Euskadi da Batzordeak lagundutako proiektuak fabrikazio aurreratuan, nanoteknologietan eta material aurreratuetan lortzen arrakastarik handiena duen autonomia-erkidegoa.
Nola zehaztuko dira 4. klusterrak sustatuko dituen jarduerak?
Europako Batzordeak aste honetan bertan argitaratutako lan-programa sei arlotan banatzen da: ekoizpen klimatikoki neutroa, zirkularra eta digitalizatua; autonomia handiagoa industria erresiliente batentzat funtsezkoak diren balio-kate estrategikoetan; informatikako teknologia eta datu-teknologia liderrak munduan; lehiakortasunerako teknologia digitalak eta sortzen ari diren teknologiak, Itun Berdearekin bat datozenak; espazioan oinarritutako azpiegiturak, zerbitzuak, aplikazioak eta datu globalak garatzeko, zabaltzeko eta erabiltzeko autonomia estrategiko irekia; eta teknologia digitalen eta industrialen garapen etikoa, gizakia ardatz duena.
Ikusten duzun moduan, eduki asko dago testu bakarrerako, baina, ez kezkatu, bi ataletan zatituko dugu. Lehenengo bietatik hasiko gara, zerikusi handiagoa dutelako industriarekin, eta beste laurak hurrengo astean ikusiko ditugu.
LEHENTASUNEZKO 1. ARLOA: ekoizpen klimatikoki neutroa, zirkularra eta digitalizatua
Apartatu horretan, EBk zuzenean sustatuko ditu industriako balio-kate garbietan, ekonomia zirkularrean eta klimatikoki neutroak diren sistema eta azpiegitura digitaletan (sareak, datuen zentroak…) lidergoa lortzea xede duten jarduerak, baldin eta hori ekoizpen- eta fabrikazio-prozesu berritzaileen, negozio-eredu berrien, material aurreratu jasangarrien eta industria-sektore nagusietan deskarbonizazioa ahalbidetzen duten teknologien bidez egiten badute.
Espero da aurten ia hogei gairen inguruko deialdiak zabaltzea:
– Adimen artifiziala duten sistema robotiko hobetuak, fabrikazio adimendunerako.
– Adimen artifiziala aplikatzea zero akats eta zero hondakin dituen fabrikazioa lortzeko.
– Laserrean oinarritutako teknologiak fabrikazio ekologikorako.
-Oinarri biologikoa duten materialak (biomaterialak) fabrikatzeko teknologiak.
– Adimen artifiziala fabrikazio arina eta jasangarria lortzeko.
– Banatutako industria-eremuak, datuetan oinarrituta.
– Eraikinetarako eta azpiegituretarako baimen digitalak eta adostasun-kontrolak.
– Eraikuntzako hondakinak balorizatzeko tresna automatizatuak.
– Eraikuntzan subiranotasun teknologikoa babesten duten teknologia berritzaileak.
– Eskualde-mailan industriaren eta hiriaren sinbiosia dakarten konponbideak zabaltzea, energia, ura, hondakin industrialak eta azpiproduktuak erabiltzeko.
– “Hubs for Circularity European Community of Practice (ECoP)” plataforma.
-Hondakin plastikoak industriarako karbono zirkularreko lehengai gisa erabiltzea.
– Karbonoa altzariaren zuzeneko osagai gisa erabiltzea ekiditea: hidrogenoan oinarritutako elektrizitatea eta metalurgia.
– Siderurgiaren errendimendua hobetzea.
-Ingurumen-aztarna murriztea eta zirkulartasuna hobetzea erauzketako eta eraldaketako balio-kateetan.
– Energetikoki malguak diren prozesu industrialak diseinatzea eta optimizatzea.
– Altzairuaren prozesuen ekoizpena egokitzea, klima-neutraltasunerako trantsizioa prestatzeko.
LEHENTASUNEZKO 2. ARLOA: autonomia handiagoa izatea industria erresiliente baterako funtsezkoak diren balio-kate estrategikoetan
Pandemiak agerian utzi du EBk lehengai batzuekiko gehiegizko mendekotasuna duela. Hori bigarren jarduera-ildo honen bidez konpondu nahi da. Bertan, horniduraren segurtasuna industria-lidergorako funtsezkoa dela zehazten da. Balio-kate estrategikoetan autonomia handitzea lortzeko, abangoardiako teknologien, industria-aliantzen, industria-berrikuntzako ekosistema dinamikoen eta ordezkapenerako irtenbide aurreratuen alde egin da, bai eta baliabideen eta energiaren erabilera efizientea egitearen, berrerabiltzearen eta birziklatzearen alde ere, lehengaien lehen mailako ekoizpen garbiarekin batera (kritikoenak barne).
Horrela, lehentasunezko arlo honetan aurreikusitako deialdiak honako gai hauek izango dituzte hizpide:
– Konpositeen zirkulartasuna bermatzea.
-Lehengai sekundarioen etorkizuneko eskuragarritasuna identifikatzea.
– Klimarako lehengai neutroak eta zirkularrak garatzea.
– EB-Afrika arteko lankidetzak sortzea, lehengaien kate jasangarriei lotuta.
– Berrikuntza, EBn lehengai primarioen hornikuntza arduratsua egiteko.
– Balio-kate berriak sortzea, lehengaietatik produktu jasangarrietara.
– EBk gidatutako nazioarteko komunitate bat ezartzea, material jasangarriei buruzkoa, produktuen eta prozesuen bizi-zikloan jasangarritasun-irizpideak txertatzen laguntzeko.
– Europan produktu kimikoen eta funtsezko materialen horniduraren eskuragarritasuna, jasangarritasuna eta segurtasuna sustatzea.
– Bidea prestatzea plastiko birziklatuen presentzia handitzeko balio erantsiko produktuetan.
– Material polimeriko seguruak eta jasangarriak egitea, beren diseinuagatik.
– Estaldura metalikoak eta ingeniaritza-azalera seguruak eta jasangarriak.
– Elektrikoki berotutako erreaktore katalitiko eraginkorragoak garatzea.
– Eguzki-erregaietarako eta produktu kimikoetarako berrikuntza-komunitate bat sortzea.
– Hidrogenoa biltegiratzeko material aurreratuak.
– Nanoestaldurak, mikrobioen aurkakoak eta antifungikoak.
– Aplikazio sanitarioetarako biomaterialen datu-basea.
– Eraginkortasun industriala hobetzeko tresnak.
– Berrikuntzako, diligentzia teknikoko eta teknologia digitaletarako eta industrialetarako enpresen sorkuntzako radarra.
– Industrialdeak berriz irekitzeko prestakuntza-ekintza.
– Eraldatzeko berritu: ETE-en jasangarritasunerako trantsizioan laguntzea.
– Berrikuntza teknologikoko eta sozialeko Europako faktoria.
– Etxebizitza sozial eta eskuragarriko barrutien adierazlea.
– Berreskurapen ekonomiko berdea eta autonomia estrategikoa sustatzea teknologia digital estrategikoetan, merkataritza aurreko erosketaren bidez.