Euskadi berrikuntza handiko eskualdea da Europar Batasunean, eta lehen aldiz Europako batez bestekoaren gainetik dago. Horrela erakusten du Europako Eskualde mailako Berrikuntzaren Adierazleen Koadroak (Regional Innovation Scoreboard), Europako Batzordeak bi urtean behin lantzen duen adierazle sortak. Koadro horrek lau taldetan banatzen ditu eskualdeak: liderrak, berrikuntza handikoak, erdi-mailako berritzaileak eta gora bidean direnak. Berrikuntzaren Euskal Agentziak analisi bat egin du, Adierazle Koadro horretan Euskadiren bilakaera eta egoera zein den aztertzeko. Hemen kontsulta daiteke analisi hori.
Euskadik %103,6ko berrikuntza maila du, eta Estatuko eskualdeen sailkapenean liderra da. Alde horretatik, “bikaintasun polo” gisa nabarmentzen da, erdi-mailako berrikuntza duen lurralde batean berrikuntza handiko eskualdea delako. Izendapen hori bera dute beste hauek ere: Madrilgo Erkidegoak Espainian, Pragak Txekian, Atenas eta Kretak Grezian eta Emilia-Romagna eskualdeak Italian.
Euskadi 93. lekuan dago aztertutako 240 eskualdeen artean. Hauek dira Euskadiren indargune nagusietako batzuk: produktu berrien salmentaren eraginez berrikuntzak sorturiko inpaktu handiak; teknologia eta jakintzaren arloetako sektore intentsiboetan dagoen enplegu maila; eta, azkenik, biztanleen kualifikazio altua. ETE berritzaileen kopurua areagotzea, hori da hobetu beharrekoen artean hautemandako puntu nagusia. Berrikuntza neurtzeko datu publikoak daude, eta horiek ebaluatzen ditu Adierazleen Koadroak. Oro har, Euskadik hobera egin du adierazle guztietan.
Berrikuntzaren Adierazleen 2021eko Europako Koadroa ere argitaratu du Batzordeak. Txosten horrek erakusten du berrikuntzarekin loturiko Europako emaitzak hobetzen ari direla urtez urte EB osoan. Batez besteko errendimendua %12,5 handitu da 2014tik, eta ikusten da bateratze etengabe bat gertatzen ari dela EBren barnean; izan ere, emaitzarik txarrenak dituzten herrialdeak azkarrago hazten ari dira emaitzarik onenak dituzten herrialdeak baino, eta beraz, haien arteko berrikuntza-arrakala murrizten ari da.
Europako eskualde berritzaileena Stockholm da (Suedia), eta ondoren Finlandia Hegoaldea (Finlandia) eta Goi Bavaria (Alemania). Mundu mailan, EBko emaitzak hobeak dira Txina, Brasil, Hego Afrika, Errusia eta Indiakoak baino. Munduan berrikuntzaren liderrak, berriz, hauek dira: Hego Korea, Kanada, Australia, Ameriketako Estatu Batuak eta Japonia. Suedia da EBren barnean berrikuntzan liderra, eta atzetik datoz Finlandia, Danimarka eta Belgika. Herrialde horiek guztiak EBren batez bestekoaren oso gainetik daude berrikuntzaren errendimenduan.