2021eko irailaren 24ko erreportaje

Esparru-programak berrikuntza garrantzitsuak sartu ditu kalitate handiko ezagutza sustatzeko, EBren beraren barruan duen kokapen geografikoa edozein izanik ere.

Gure ohiko irakurleetako bat bazara, dagoeneko ezagutuko duzu Horizon Europe esparru-programaren egitura laburbiltzen duen grafiko hau. Grafiko horretan ikusten da haren helburu estrategiko gakoak, programak edo tresnak hiru zutabetan antolatzen direla (zientzia bikaina, mundu‑erronkak eta Europako industria-lehiakortasuna eta, azkenik Europa berritzailea) eta oinarri bat, helburu bateratu bat partekatzen dutela: parte-hartzea handitzea eta Europako Ikerketa Esparrua sendotzea.

 

Eta, zer da Europako Ikerketa Esparrua? Bada, oso oinarrizkoa den zerbait: ikerketarako eta berrikuntzarako merkatu bakar eta mugarik gabea, ikertzaileen zirkulazio askea, ezagutza zientifikoak eta berrikuntza sustatzen dituena, eta, horrekin batera, Europa lehiakorragoa, berdintasunezkoagoa eta iraunkorragoa sustatzen duena. 2000. urtean sortu zen, Lisboako Estrategiaren barruan. Estrategia horrek Europako ekonomiak aurrean zituen erronkei aurre egiteko aurreikusitako ekintzak biltzen zituen. Erronka horietako bat orduko globalizazio hasiberria zen, eta horrexegatik hasi ziren lehentasuna ematen balio erantsia (ezagutzak) sortzearen eta enplegua sortzearen arteko harremanari.

Hala ere, urteek aurrera egin ahala, EBk egiaztatu egin du bere herrialdeen artean ezberdintasun handia dagoela I+G+b arloan egiten den ahaleginari dagokionez. Hori dela eta, esparru-programa honek (esan dugun bezala, orain arte onetsitako guztien artean anbizio handienekoa, zentzu guztietan) aurreikusten du beharrezkoa dela ikerketa- eta berrikuntza‑bikaintasunaren ikuspegi inklusiboa sustatzea, zeinetan jardunbide onenak azkarrago hedatuko diren Europa osoan. Bestela esanda, bere kokapen geografikoa edozein dela ere, kalitate handiko ezagutza identifikatu eta sustatu nahi du, azkenik Europar Batasun osoan I+G+b sistema indartsuagoak sortzeko.

Horrek bi helburu handi ditu:

  • Parte-hartzea handitzea eta bikaintasuna hedatzea
  • Europako ikerketa- eta berrikuntza-sistema berritu eta hobetzea

 

Parte-hartzea handitzea eta bikaintasuna hedatzea

Nahiz eta lankidetzarako eta ezagutzaren trukerako ikuspegi paneuropear eta solidarioaren bidez egin, Europako Ikerketa Esparrua birplanteatzearen helburua da I+G+b sistemetan errendimendu txikiena duten estatu kideak (‘widening’ deitzen zaien herrialdeak) laguntzea, esparru-programako berariazko neurri eta tresnen bidez errendimendu hori handiagotu dezaten. Hau da, aurretik dituzten bikaintasun-nitxoak sustatzea, zabalagoak diren bikaintasun-sareekin konektatuta eta, horretarako, Horizon Europeren hiru zutabetan finkatutako mekanismoak baliatuta.

Hori oinarri hartuta, honako hauek dira atal honetako helburu gakoak:

  1. ‘Widening’ herrialdeetan nazioko eta eskualdeko I+G+b sistemaren erreforma instituzionalak eta eraldaketa-prozesuak sustatzea.
  2. I+G+b arloan nazioko inbertsioak mugiaraztea.
  3. I+G+b arloko eragileen bikaintasun-maila handitzea, Europako eta nazioarteko erakunde gailenekin elkartuta.
  4. ‘Widening’ herrialdeetako eragileen parte-hartzea eta arrakasta‑tasak areagotzea Horizon Europeren beste atal batzuetako (bereziki 2. eta 3. zutabeak) ikerketa- eta berrikuntza‑proiektuetan
  5. Berrikuntza-ekosistema berrien sorrera sustatzea eta aurretik daudenak zabaltzea hainbat neurriren bidez, besteak beste, mundu akademikoaren eta enpresa-munduaren arteko lankidetza.
  6. Herrialde horiek EBren barruan talentuaren zirkulazio-fluxuetan kokatzea.

 

Europako ikerketa- eta berrikuntza-sistema berritu eta hobetzea

Puntu honetan, EBk Europako Ikerketa Esparruko lehentasun politikoak jorratzen ditu berariaz eta lau helbururen inguruan artikulatzen da:

  1. Europan I+G+b arloaren errendimendua hobetuko duten inbertsioak eta erreformak lehenestea, trantsizio ekologikoa eta digitala bizkortzea, eta koronabirusak eragindako krisiaren inpaktu ekonomiko eta soziala leheneratzea. Jardueren xedea da arduradun politikoei laguntza ematea eta Europako, nazioko eta eskualdeko I+G+b arloko politiken eta estrategien sinergiak eta lerrokatzea sustatzea, baita programak koordinatzea eta baterako ekimenak abiaraztea ere. Halaber, ikerketaren eta berrikuntzaren kudeaketarekin zerikusia duten jarduera guztiak sustatzen dira.
  2. Bikaintasunerako sarbidea hobetzeak berekin dakar I+G+b sistemen errendimendua handitu eta egungo desorekak murriztu beharra. Horizon Europe programako gainerako ataletan ezarritako berariazko neurriak bultzatu behar dira eta osagarriak direnak sustatu, kohesio-politikaren esparruan espezializazio-estrategien bidez.
  3. I+G+b arloko emaitzak ekonomiara eramatea, enpresa-inbertsioak bultzatzeko, mundu-mailako esparru teknologikoan EBren lidergoa sustatzeko eta Europako ekonomiaren eta gizartearen lehiakortasuna eta erresilientzia bultzatzeko.
  4. I+G+b arloan Europako espazio komun bat finkatzea, ezagutzaren sorkuntza, zirkulazio eta erabilera askeaz baliatuko dena. Esaldi horrek goi-mailako hezkuntzako instituzioetan eta ikerketa‑erakundeetan prozesu eraldatzaileak sustatzea xede duten askotariko jarduerak biltzen ditu. Horien artetik honako hauek azpimarra daitezke: hezkuntza-, akademia- eta enpresa‑arloen artean sinergia gehiago sortzea; garapen profesionalerako aukerak hobetzea, Europako ikertzaile onenak erakarri eta bertan geldiarazteko; genero-berdintasuna eta I+G+b sistema inklusiboagoak bultzatzea; zientzia-hezkuntza sustatzea eta zientzia-bokazioa piztea; etika- eta osotasun‑arloko estandarrak kontrolatzea (beti izan behar dute maila gorenekoak); eta herritarrek I+G+b arloko emaitzetara sarbidea izatea sustatzea.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago