2021eko urriaren 7ko erreportajea

Ingurumenera soilik bideratutako Europako Batzordearen finantzaketa-programa bakarrak aurrekontu handiagoarekin eta energia garbiaren aldeko apustu argiarekin hasiko du etapa berria.

Klima-krisia, gizateriaren erronkarik handienetako eta hurbilenetako bat, Horizon Europe programaren barruan arreta handiena jasotzen duen erronketako bat da, baina horrek ez du esan nahi EBk ikerketa eta berrikuntza ingurumenari aplikatzeko duen kezka berria denik. 1992an Life programa sortu zuen, ekintza klimatikoarekin lotutako proiektuetara berariaz bideratutako finantza-trena, eta orain sinergia garrantzitsuak izango ditu esparru-programarekin, bereziki 2. zutabeko 6. klusterrarekin.

Life programa (berez, Ingurumenerako eta Klima Ekintzarako Europar Batasunaren Programa deitzen dena) Itun Berdearen oinarrietako bat da, ingurumenaren eta jasangarritasunaren arloko historiako planik handinahitsuena; izan ere, haren helburu nagusia da EB klimatikoki neutroa den lehenengo potentzia bihurtzea hemendik 2050era bitartean. Hau da, Europako Itun Berdetik sortutako legegintza-ekimenekin bat datozen proiektuak finantzatzen ditu, hala nola, Europako Klima Legea, Biodibertsitatea eta Baserritik mahaira estrategia berriak eta ekonomia zirkularraren eta zero kutsaduraren ekintza-planak. Beraz, zure enpresak ekimen horien helburuekin bat datozen produktuak edo zerbitzuak garatzen dituela uste baduzu, programa eta EBko hainbat erakundek eskaintzen dituzten finantzazio- eta lankidetza-aukerak ezagutzea interesatzen zaizu.

Azken berrikuspenean, Klima, Azpiegitura eta Ingurumenaren Europako Agentzia Exekutiboak kudeatu du programa, eta 2021-2024 aldirako lehentasun orokorrak argitaratu ditu bere webgunean. Deialdi berriak 5.400 milioi euroko aurrekontua du, aurreko deialdian baino % 60 gehiago, eta horrek agerian uzten du EBk ingurumenaren babesean aurrera egiteko eta klima-krisiaren ondorioak arintzeko duen interesa.

Life programa lau azpiprogramatan egituratuta dago, eta, horren barruan, zenbait proiektuk (teknologia garbiak ezartzeko merkatuko oztopoak haustera zuzendutakoak) % 95era arteko finantzaketa lor dezakete. Bestalde, oraingo honetan, lehentasuna emango zaie ‘merkatutik gertu’ dauden proiektuei, enpresei beren produktuak, teknologiak, zerbitzuak eta prozesu jasangarriak merkatuan sartzen laguntzeko, nahiz eta programak ez duen alde batera utziko eragile gehiago inplikatuko dituzten proiektu globalagoak bilatzea.

Lehenengo azpiprogramak natura eta biodibertsitatea babesteko ekintzak ditu ardatz. Horietan, EBk hainbat zuzentarau eta erregelamendutan eta EBko Biodibertsitate Estrategian ezarritako helburuak babestu nahi ditu. Estrategia horrek konpromiso eta neurri zehatz batzuk jasotzen ditu hemendik 2030era bitartean, Batasun osoan espazio babestuen sare zabalagoa ezartzeko, bai lurrean, bai itsasoan. Lehen multzo horretan sartzen dira, beraz, ekintza-ildo hauetako edozeinetan sartzen diren ekimenak: naturarentzako espazioak berreskuratzea eta gure espezieak babestea.

Bigarren blokea ekonomia zirkularraren eta bizi-kalitatearen ingurukoa da. Helburuen artean honako hauek nabarmentzen dira: hondakinak berrerabiltzea ahalbidetuko duten irtenbide berritzaileak bilatzea; EBko Ekonomia Zirkularreko Ekintza Planean ezarritako balio-kateak babestea; airearen, uraren edo lurzoruaren kalitateari buruzko legeria aplikatzen laguntzea, tratamenduan teknologia eta tresna berritzaileak aplikatuz; eta, azkenik, zarataren eta produktu kimikoen inpaktua murriztea.

Hirugarren azpiprograma klima-aldaketa arintzera eta haren ondorioetara egokitzera bideratuta dago. Arintzearen ataldean sartzen da, adibidez, irtenbideak bilatzea berotegi-efektuko gas fluordunak murrizteko; Isurien Merkataritza Sistemaren funtzionamendua hobetzeko; lurzoruaren, kostaldearen eta itsasoen ustiapena hobeto kudeatzeko; isuriak murrizteko eta karbono-hustuleku naturalak indartzeko. Baina urteetako gelditasunaren ondorioak saihestezinak izango direnez, hirietan eta eskualdeetan muturreko fenomeno meteorologikoetarako prestatzeko egokitzapen-planak eta -tresnak aplikatzea ere barne hartzen du.

Azkenik, laugarren arloa trantsizio energetikoari buruzkoa da; bertan, EBk teknologien hedapena bizkortu nahi du (digitalizazioa barne), bai eta energia garbien erabilera sustatuko duten zerbitzu eta negozio-eredu berrien garapena ere. Hori lortzeko, mila milioiko aurrekontua izateaz gain, finantzaketa pribatua lortzen eta tokiko eta eskualdeko inbertsio-proiektuak babesten saiatuko da.

Proiektuak aurkezteko deialdiak dagoeneko argitaratuta daude EEko parte-hartzailearen atarian, eta hainbat epemuga dituzte. Datorren azaroaren 30a da bloke hauetako proiektuak aurkezteko azken eguna: klimaren aldeko ekintza; ekonomia zirkularra eta bizi-kalitatea, eta natura eta bizi-kalitatea. Naturari buruzko proiektu estrategiko integratuetarako deialdi bat dago, eta bi fase daude proiektuak aurkezteko: bat urriaren 19an itxiko da, eta bigarrena 2022ko apirilaren 7an. Bestalde, energia garbi baterako trantsizioari buruzko blokearen deialdia 2022ko urtarrilaren 12an itxiko da. Deialdiok xehetasun guztiekin ezagutu ditzakezu EEk egindako jardunaldiaren online aurkezpenak kontsultatuz (‘Useful information on the Call 2021, recorded presentations’ atala), eta gehiago jakin behar baduzu, gogoratu Enterprise Europe Networkeko (EEN) euskal nodora jo dezakezula, enpresa txiki eta ertainei nazioartean berritzen eta hazten laguntzeko Batzordeak sortutako sarera. EEN Basque eskualdeko nodoa partzuergo bat da, eta bertako kide da Innobasque, SPRI, BEAZ eta Arabako, Bilboko eta Gipuzkoako merkataritza-ganberekin batera. Haren xedea da autonomia-erkidegoko enpresa txiki eta ertainek Europako finantzaketa duten programetan parte hartzea sustatzea, zientziaren, garapen teknologikoaren eta hura merkatuan hedatzearen bidez, negozio-aukera berriak aurki ditzaten.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago