Ekimenak Euskadi eta Nafarroako erakundeak batzen ditu berrikuntzaren eskualde arteko lankidetzaren aldeko apustuan, eta urriaren 4an aurkeztu dute Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Arantxa Tapia sailburuak eta Nafarroako Gobernuaren Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko Mikel Irujo kontseilariak.
Osasunberri egitasmoan enpresen, zentro teknologikoen eta elkarteen multzo batek hartzen du parte, eta xede dute parte-hartzaileek bereiz duten esperientzia handia baliatzea lantalde handi bat sortzeko, larrialdi-egoeren kudeaketarekin zerikusia duten alderdi guztiak lantzeko eta, bereziki, osasunaren industriaren balio-katea indartzeko (diagnostikoari eta terapiei dagokienez), eta, gainera, asistentzia sanitarioaren sarera gehitzea.
Taldeak 27 parte-hartzaile ditu, eta horietako 12 Innobasquen bazkide dira; besteak beste, Biolan Microbiosensores, ekimenaren buru izateaz eta koordinazioaz arduratzen dena. Gainerako enpresa bazkideak hauek dira: Basque Health Cluster, Biolan Health, CIC bioGUNE, Faes Farma, Galbaian, Aita Menni Ospitalea, IMQ, Lazpiur, P4Q Electronics, Tecnalia eta Tekniker.
Proiektua Europarako suspertze-planean (NextGenerationEU) jasotako helburu estrategikoekin bat dator. Proiektuak hainbat arlotan du eragina: berrindustrializazioaren alderdietan, inguruko ekoizpen-industria berraktibatzea baitu xede; jasangarritasunean, “km 0” ikuspegiari, ekodiseinuari eta ekonomia zirkularrera bideratuta egoteari esker; eta digitalizazioan, konektatuta eta hodeian dauden produktuen garapena lantzen, Big Data ustiatzen eta eHealth sustatzen baita.
Osasunberrik lau alderditan jartzen du arreta: industria-traktore izatearen efektua, balio-katearen integrazio sektoriala, eskualdeartekotasuna, eta ezagutzaren eta esperientzia profesionalen arloko sinergien aprobetxamendua. 142 milioi eurotik gorako aurrekontua izango du. Horri esker, aurreikusten da 300 lanpostu inguru eta 400 milioi euro inguruko inbertsio induzituak sortuko direla.
Sortutako inpaktua eskualdeko industria-garapenean egiaztatuko da; izan ere, inguruko osasun-sektorearen industria indartuko da, tokian tokitik eragina izanez arlo globalean.
Guztira, 27 parte-hartzaile
Eskualde arteko proiektu bat da eta 17 enpresak (15 ETE eta 2 korporazio handi), 5 ospitalek, 3 erakunde zientifiko-teknologikok eta 2 elkarte sektorialek parte hartuko dute. Partzuergoaren burua eta koordinatzailea Biolan Microbiosensores da, eta, hain zuzen, erakunde hauek parte hartzen dute: Asebio, Asuncion Klinika, Basque Health Cluster, Biolan Health, C4E Consulting, CIC bioGUNE, Cinfa, Dhemen Design, Faes Farma, Galbaian, Gogoa Mobility Robots, Histocell, Aita Menni Ospitalea, IMQ, Ikerlat Polymers, Innoprot, Lazpiur, Mikrobiomik, Mizar Additive, Naru Intelligence Solutions, P4Q Electronics, Larrañaga Plásticos, Quirón Salud, Tecnalia, Tekniker eta Vithas.