Eurostars-3 ETE berritzaileentzako finantzaketa-programa bat da, beste herrialdeetako erakundeekin lankidetzan merkatura bideratutako proiektuak gara ditzaten. Oscar González da Eurostars-en koordinatzaile nazionala Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroan (CDTI) eta Horizon Europeko programa honen zehaztasunak azaldu dizkigu.
Zer da Eurostars-3?
37 herrialdek parte hartzen duten programa bat da; nazioarteko lankidetzan I+G proiektuak babesten dituzten aurreko beste programa batzuen jarraipena da eta ETEak dira horien buru 2008az geroztik.
Zer proiektu mota babesten ditu?
Partzuergo txiki batek aurkeztutako proiektuak (bi herrialdetako bi bazkiderekin nahikoa da, bi eta hiru arteko batezbestekoa dago) eta ETEak dira erabateko protagonistak: proiektuaren buru dira eta aurrekontuaren zati handiena dute. Eurostars-3 programaren xedea da merkatutik gertu dauden I+G proiektuak aurkitzea, ETEak I+G zereginetan bazkide izateaz gain, emaitzen ustiaketaren onuradun ere izan daitezen. Bottom-up motako programa bat da, edozein esparru teknologikotako proiektuak sar daitezke, xede zibila badute eta 24 eta 30 hilabete arteko iraupena badute (gehienez 36).
Zer finantzaketa mota jasotzen dute Eurostars proiektu bateko partaideek?
Dirulaguntzen bidezko finantzaketa da eta nazio mailan ematen dira, hau da, Espainiako enpresen kasuan CDTI da erakunde finantzarioa eta onuradunek gehienez ere % 60ko dirulaguntza jasotzen dute enpresa txikiak badira eta % 50ekoa ertainak badira.
Zein datatan irekitzen eta ixten dira deialdiak?
Programa oso egonkorra da, 2027ra arte deialdiak martxoan eta irailean ixtea aurreikusi du. 2022ko data zehatzak martxoaren 24a eta irailaren 15a dira, eta eskariak aurkezteko sistema irekita egongo da 10 aste lehenagotik, gutxi gorabehera.
Nola ebaluatzen dira Eurostars-3 deialdietara aurkezten diren proiektuak?
Ebaluazio-prozesua Europako ohiko estandarren arabera egiten da; lehenengo zein eskari dagoen osorik eta hautatzeko irizpideak zeinek betetzen dituen egiaztatzen da. Ondoren, ebaluazio teknikoa egiten dute hiru adituk eta, aldi berean, finantza-erakunde nazionalek begiratu egiten dute bazkideek dirulaguntzarik jasotzerik badute, proiektua onartuz gero. Iragazki horiek igarotzen dituzten proiektuak aditu independenteen talde batek ebaluatzen ditu eta Ranking List delakoa egiten dute, hau da, proiektuak puntuazio-ordenaren arabera zerrendatzen dira. Amaitzeko, herrialde partaideek eskura dituzten funtsak esleitzen dituzte Ranking List horretako ordena zehatzaren arabera, beraz, finantzaketa bermatuta duten proiektuak baino ez dira onartzen.
Zein da giltzarria Eurostarsen proiektu-proposamen arrakastatsua prestatzeko?
Eurostarseko proiektu baten giltzarria bazkideen arteko lankidetza da, zalantzarik gabe. Partzuergoak bazkide-kopuru jakina behar du, ez gehiago eta ez gutxiago, ikuspegi teknikotik eta merkatuaren ikuspegitik osagarriak izan behar dira eta proiektuari heltzeko behar adinako gaitasun teknikoa eta finantzarioa behar dute. Bigarren funtsezko elementua proiektuaren erronka teknikoa da. Anbiziotsua izan behar da, baina partzuergoak egiteko modukoa ere bai. Amaitzeko, proiektuaren emaitzak merkatu zabalari, nazioartekoari, zuzenduta egon behar dira eta, ahal dela, bazkideak dauden herrialdeetatik harago joan behar du, hedatu ahal izateko.
Zer babes du Eurostars-3 deialdietan I+G proiektu bat aurkeztu nahi duen enpresa batek?
Hasteko, CDTIren Eureka taldearen babesa du. Oso erraza da gurekin harremanetan jartzea, LinkedIn eta Twitter-en ditugun profilen bidez egin daiteke edo eurostars3@cdti.es posta elektronikoaren bidez, programari eta beharrezko agiriei buruzko zalantzak argitzeko, proiektuaren ideia eta Eurostars uztartzeko egokiak ote diren baloratzeko, etab. Eskatzaileentzako lantegi praktikoak ere antolatzen ditugu, lehen presentzialak ziren eta orain linean egiten ditugu.
Eurekako Bruselako Idazkaritzak webgune interesgarria da, guidelines delakoak eta bideoak ere bai programari buruz; oso lagungarriak dira proposamenak prestatzeko.
Era berean, EEN sareak zerbitzu bikaina eskaintzen du, esaterako, bazkideentzako bilaketak egiteko, IPren alderdiez aholkatzeko, etab. Askotan berrikuntzako agentzia autonomikoek ere eskaintzen dute Eurostars proiektuen inguruko prestakuntza, nahiz EEN nodo gisa nahiz zuzenean.
Amaitzeko, espainiar plataforma teknologiko askok topaketak antolatzen dituzte partner izan daitezkeenen artean eta proposamenak prestatzeko aholkuak ematen dituzte. Nazioarteko lotura bikainak izaten dituzte eta beste herrialdeetako bazkideekin harremanak izatea errazten dute.