Euskadik Komunikazio Kuantikoko Plan Osagarrian hartzen du parte. Garapena eta teknologia digital kuantikoen ezarpena bultzatu eta zibersegurtasuna indartzeko ikerketa‑programa bat da. 73 milioi euroko aurrekontua du, eta horietatik 54 milioi Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak jarri ditu, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren baitan. Euskadiren, Galiziaren, Madrilgo Erkidegoaren, Gaztela eta Leonen eta estatuko gobernuaren artean kudeatu eta finantzatutako proiektu horretan Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluak (CSIC) ere egingo du lan Espainian segurtasun-maila handiko azpiegitura bat sortzeko, Europako industria kuantikoari laguntzeko eta arlo digitaleko eta zibersegurtasuneko enpresa berriak izango dituen industria-sektore berri bat sustatzeko.
Plan Osagarri hori bigarren belaunaldiko teknologia kuantikoen barruko sektore estrategiko bati dago zuzenduta. Sektore hori sistema kuantikoak banaka manipulatzeko gaitasunean oinarritzen da, Europar Batasuneko asmo handieneko I+G+b ekimen batzuekin (besteak beste, Quantum Flagship) lerrokatzeko eta sare kuantiko paneuropear bat (EuroQCI) sortzeko. Zehazki, EuroQCI diseinatu da lurreko loturetan eta satelitean oinarritutako sarea bat hedatzeko. Sare horrek, batetik, erakundeak, enpresak, administrazioak eta erabiltzaileak konektatuko ditu, eta, bestetik, ordenagailuak, simulatzaileak eta sentsore kuantikoak, informazioa eta zerbitzuak garraiatzeko.
Zer dira plan osagarriak?
Plan osagarriak arlo estrategikoetako ikerketa-programak dira, autonomia-erkidegoen eta Espainiako gobernuaren artean kudeatu eta finantzatuak. Plan horiek administrazio zentralaren, autonomia-erkidegoen eta Europako funtsen arteko lankidetzak ezarri eta ahaleginak lerrokatzen dituzte, gure ekonomiaren eraldaketarako neurriak aplikatzeko EBk Berreskuratze Planean ezarritako irizpideei jarraikiz.
2025era bitartean zortzi plan osagarri egitea aurreikusi da eta plan guztien artean 44,8 milioi mugiaraziko dituzte. Horietatik, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak 285,4 milioi finantzatuko ditu, hau da, aurrekontu osoaren % 64; eta autonomia-erkidegoek gainerako % 36a, hau da, 159,4 milioi. Plan bakoitzean gutxienez lau autonomia-erkidegok hartuko dute parte, eta estatuak eta autonomia-erkidego batek koordinatuko dute.
Guztira, 200 ikerketa-zentrok eta unibertsitatek baino gehiagok hartuko dute parte zortzi plan osagarrietan eta, horietan, 2.000 zientzialari eta teknikari baino gehiago arituko dira. Programa horien 152 milioi euro langile berriak kontratatzeko izango dira, hau da, 1.000 zientzialari eta teknikari baino gehiago kontratatzeko.
Plan honen aurkezpen-ekitaldian honako hauek hartu zuten parte: Euskadiko Hezkuntza sailburu Jokin Bildarraitz Sorron;Kataluniako Ikerketa arloko zuzendari nagusi Joan Gómez Pallarès; Galiziako lehendakariorde eta Ekonomia, Enpresa eta Berrikuntza arloko sailburu Francisco Conde López; Gaztela eta Leongo Unibertsitate eta Ikerketa arloko sailburuorde Pilar Garcés Garcia; Madrilgo Unibertsitate, Zientzia eta Berrikuntza arloko sailburuorde Fidel Rodriguez Batalla; eta Zientzia eta Berrikuntzako ministro Diana Morant.