“Berrikuntza, lehiakortasuna eta negozio-aukerak” web-mintegia antolatu dute gaur goizean Gasteizko Udalak eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Gasteizko ETE-ei berritzeko zerbitzuen eta laguntzen berri emateko.

Unai Redondo udal-teknikariak berrikuntzaren autodiagnostikoa egin du, Innobasquek garatutako tresna horrekin hamar minutuan izaten baita ETE-ek berritzeko dituzten beharren, gaitasunen eta jardueren berri. Begoña Seijasek, Innobasqueko proiektuen arduradunak, autodiagnostikoaren erakustaldi bat egin du. Autodiagnostikoak bi orriko txosten bat egiten du amaieran eta txosten horretan egoten dira hautemandako beharrei erantzuteko irtenbideak, hobetu beharreko eremuak eta laguntzarik egokienak (trebakuntza‑arlokoak, bideratzekoak edo lagun egitekoak) eskaintzen dituzten eragileekin harremanetan jartzeko datuak. 

Redondok azaldu du Gasteizko Udalak berrikuntza‑arloan aurreratuen dauden enpresei berrikuntza-profila eskaintzen diela; tresna hori ere Innobasquek diseinatutakoa da eta aztertzen den ETEaren berrikuntza-egoeraren azterketa sakona egiten du. 

Juncal Ibeasek, enpleguko trebakuntza- eta sustapen-zerbitzuko buruak, Innobasqueko kide diren Gasteizko bi enpresa aurkeztu ditu: Optimus 3D eta Aurrenak. Alberto Ruiz de Olanok, Optimus 3D enpresaren sortzaileetako batek, eta Ignacio Martínez de la Perak, Aurrenak enpresako berrikuntza-arloko zuzendariak, beren esperientzien berri eman dute.

Luis Manerok, ETE-en berrikuntzako Innobasqueko zuzendariak, sei giltzarri eman ditu gaur egun bezala “aldaketa asko bizkortu” den garaietan berrikuntza aplikatzeko: proaktibitatea, zaintza-mekanismoak aktibatzea, esperientziak eta kasu errealak ezagutu eta partekatzea, gure esku dauden baliabideak eta irtenbideak erabiltzea, talentua sustatzea eta lankidetzari beldurra galtzea.

 

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago