Europako Batzordeak Vitoria-Gasteiz hautatu du «Ehun hiri adimendun eta klimatikoki neutroak hemendik 2030era» misioan parte hartzeko». Euskal hiriburuarekin batera proiektuko kide izango dira, besteak beste, Munich, Erroma, Paris, Amsterdam, Stockholm edo Dublin, ehun hiriko zerrenda batean.
Hirien misioak 360 milioi euroko finantzaketa jasoko du 2022-2023 aldirako Horizonte Europatik , hemendik 2030era neutraltasun klimatikorako berrikuntza-prozesuak abian jartzeko.. Ikerketa- eta berrikuntza-ekintzek mugikortasun garbia, energia-eraginkortasuna eta hiri-plangintza ekologikoa jorratuko dituzte, eta baterako ekimenak sortzea eta EBko beste programa batzuekin sinergian lankidetza areagotzea ahalbidetuko dute.
Hiriek izango dituzten onuren artean daude, besteak beste, NetZeroCitiesek kudeatutako misio-plataforma espezifiko batek neurrira emandako aholkularitza, eta laguntza, finantzaketa-aukera gehigarriak eta berrikuntza-ekintza handietan eta proiektu pilotuetan parte hartzeko aukera. Misioak harreman-sareak sortzeko, hirien artean jardunbide hobeak trukatzeko eta herritarrak misioan inplikatzeko aukera ere ematen du.
Ursula von der Leyen, Europako Batzordeko presidentearen hitzetan: «Trantsizio ekologikoa Europa osoan ari da hedatzen Dena den, euren buruei asmo handiko helburuak jarriko dizkieten bide-urratzaileak behar izaten dira beti. Hiri hauek etorkizun osasuntsuago baterako bidea erakusten digute. Gure babesa izango dute. Has gaitezen gaur bertan lanean».