Berrikuntzaren Euskal Agentzia, Innobasqueko presidente Manuel Salaverriak “Forum Europa. Tribuna Euskadi “, Nueva Economia Forumek antolatuta BBKren laguntzarekin Bilboko Ercilla Hotelean parte hartu du gaur goizean. Emiliano López Atxurra, Petronorreko presidente eta Innobasqueko Zuzendaritza Batzordeko kideak, aurkeztu du, eta bere “inkonformismoa” azpimarratu du, “zer egin behar dugun ondo eta zertan zuzendu behar dugun onartzea bezala ulertuta“, eta “etorkizunaren alde isilean lan egiten duten milaka pertsonen ordezkari” gisa aipatu du.

Salaverriak nahiago du “hondamendira eramango gintuzketen optimismo konpultsiboetatik eta pesimismo suntsitzaileetatik ihes egin”, baina berrikuntzaren arloan Euskadin joera-aldaketa dagoela baieztatu du, eta honako datu hauek eman ditu, besteak beste:

–       I+G arloko inbertsioak maximo historikoa lortu zuen: 1.490 milioi euro

–       Jatorri publikoko nahiz pribatuko I+G arloko inbertsioa hazi da

–       Enpresak izan dira inbertsio horren hartzaile nagusiak (% 57)

–       I+G egiten duen enpresa-kopurua hazi egin da: 2014an 1.400 enpresa ziren eta gaur egun, 1.600 dira

–       Euskadi Europako 240 eskualdeetatik bederatzigarrena da berrikuntza eta ikerketa arloko proiektuak finantzatzeko funtsen bolumenik handiena lortzen: Horizon 2020 programako 869 milioi euro lortu dira

–       Europako Batzordeak Berrikuntzaren Europako Adierazleen Koadroan egiten duen sailkapenean 132. postutik 93.era igaro da Euskadi (guztira 240 dira) eta Euskadi “berrikuntza handiko eskualdea” eta “bikaintasun‑poloa” dela adierazi du.

–       Berrikuntzaren Euskal Agentziak uste du I+G arloko inbertsioak hazten jarraituko duela 2022ra arte, 1.630 milioi euro gainditu arte; 2021ean baino % 5 gehiago.

Innobasqueko presidenteak euskal berrikuntzan aurre egin beharreko erronka nagusiak ere azpimarratu ditu: ETEen jarduera berritzailea eta gazteen prestakuntza zientifiko-teknologikoa.

 

Berritzeko beharra

Euskal enpresa nagusietako I+G arloko arduradunen pertzepzioaren berri ere eman du Salaverriak; haien esanetan “berritzeko egiazko beharra dago”, trantsizio sozio‑sanitarioak, ingurumen arlokoak eta trantsizio digitalak eragiten ari diren “disrupzio mailarekin harrituta daude”. “Etorkizunez betetako” inguru honetan errebindikatu du “berrikuntza, inoiz baino gehiago, eraldatzeko, etorkizun anitzak kontuan izateko, aukerak hautemateko eta protagonista non izan nahi dugun aukeratzeko”.

Zentzu horretan, gogoratu du Berrikuntzaren Euskal Agentziaren 2021-2024 aldirako jarduera honakoetara bideratuko dela: berritzen duten euskal ETE kopurua haztera, euskal I+G+b arloaren nazioarteko presentzia haztera, gazteen zientzia eta teknologia arloko interesa sustatzera (bereziki neskena) eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sistema tresna aurreratuekin hornitzera berrikuntza sustatzeko jardueren esperimentazio-laborategia izan dadin. Innobasque, ia mila erakundez eratutako irabazi‑asmorik gabeko elkarte publiko-pribatua, Euskadiko Berrikuntza-ekosistemako eragileekin lankidetzan dabil, xede hori lortu ahal izateko. Horretarako Innobasquek ekintzak proposatzen dituela adierazi du talentua, ETEak, sozializazioa, berrikuntza disruptiboa eta ekosistema finantzarioaren integrazioa sustatzeko. “Ez dago kikiltzeko betarik” ondorioztatu du Salaverriak, “Euskadin sortu ahal izango dugun berrikuntza-maila izango da gakoa”.

Euskadiko enpresa munduko, mundu akademikoko, instituzioetako eta gizarteko jende ugari izan da ekitaldian. Ekitaldiaren bideo osoa hemen dago ikusgai:

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago