Leire Bilbaok, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak, La Cocina de Senén plater prestatuen markari eman zion bart BTEM Euskadiko Elikagai Berrikuntzaren Saria, Berrikuntza Teknologikoa kategorian. Sari horiek Basque Food Cluster erakundeak eta AZTI teknologia‑zentroak ematen dituzte. Sarion hirugarren banaketa Food4Future-Expo Foodtech ekitaldiaren testuinguruan egin zen. Azoka hori berrikuntzaren erreferentzia da elikagaien balio‑kateko profesionalentzat, eta bihar arte egingo da BECen. Goxorrubi nekazaritza‑enpresa eta Casa Eceiza gozogintza‑enpresa suertatu ziren Enpresa Berrikuntza (prozesua) eta Merkatu Berrikuntza kategorietako irabazle, hurrenez hurren.
BTEM sariak bi urtean behin ematen dira. Euskadiko elikaduraren sektorea balioesten dute, eta berrikuntzaren eta jardunbide egokien aldeko apustua egiten dute enpresen artean. Hauek dira epaimahaikideak: Asun Bastida, Eroski Taldeko tokiko produktuen zuzendari komertziala; Oskar Baraizarra, Echebastarreko Komunikazio eta Erakunde zuzendaria; Ander García, Drone by Droneko zuzendari teknikoa, Txakoli Txabarriren ordezkari gisa; Carolina Pérez, CEBEK Bizkaiko Enpresaburuen Konfederazioko presidentea; Jaime Martín, Lantern aholkularitza‑enpresako bazkide sortzailea eta CEO; eta Leire Bilbao, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusia.
Epaimahaiak La Cocina de Senén-i saria eman dio, marka horren “tortilla bidaiaria” dela eta. Patata‑tortilla hori metalezko lata baten barruan merkaturatzen da retailean. Ireki eta dastatzeko prest dago, eta hotzik gabe urtebete ere iraun dezake. Goxorrubiri ere eman diote saria, Donostiako hiri-inguruko lurzati batean landatzen dituen marrubi eta beste fruta batzuen barietateak modu jasangarrian ekoitzi eta banatzeagatik. Familiako nekazaritza ekologikoko proiektu horrek 0 kilometroko produktuaren aldeko apustua egiten du, garraiorako bizikleta elektrikoak erabiltzen ditu eta ekonomia zirkularreko eskemarekin egiten du lan, tokiko beste eragile batzuekin lankidetza bilatuz. Azkenik, Casa Eceiza gozogintza‑enpresa saritu dute retailean eta online merkatuan –eta, laster, baita nazioarteko merkatuan ere– hasiera batean artisau‑merkatuetarako egokiagotzat jotzen zen produktua arrakastaz sartu duelako, hain zuzen ere, Donostiako Benetako Gazta Tarta.