Iñigo Urkullu Lehendakariak Eva Ferreira UPV/EHUko errektoreak eta mintegiaren zuzendariak, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako komisionatuak UPV/EHUren udako ikastaroa inauguratu dute gaur Donostiako Miramar Jauregian. Gaur eta bihar bitartean (uztailak 14 eta 15), zientzia, teknologia eta berrikuntzako euskal ekosistemaren aditu ezagun eta ospetsuenek parte hartuko dute ikastaro honetan, 2030erako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planak euskal ekonomian eta gizartean izango duen garrantzia eta eragina herritarrei hurbiltzeko.

Gaur Pedro Miguel Echenique UPV/EHUko Materia Kondentsatuaren Fisikako katedraduna eta DIPCko presidentea eta Andrés Arizkorreta CAFeko eta Euskal Enpresarien Zirkuluko presidenteordea zientziaz eta teknologiaz aritu dira, hurrenez hurren. Lehen diziplinari mahai-ingurua eskaini zaio, Ricardo Díez Donostia International Physics Centerreko (DIPC) zuzendariak moderatu du, eta honako hauek hartu dute parte: Juan José Gómez Cadenas, Ikerbasque Research Professor DIPCn; María Vallet Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Kimika Inorganikoko katedraduna; eta Nekane Balluerka Portaera Zientzien Metodologiako arloko katedraduna (UPV/EHU). Bigarren mahai-ingurua Javier Ormazabal Velatiako eta Euskal Enpresarien Zirkuluko presidenteak moderatu du, eta honako hauek hartu dute parte: Jesus Valero Tecnaliako zuzendari nagusia, Lourdes Moreno Bolueta Engineeringeko zuzendari nagusia; Nerea Aranguren Danobat Group eta Arizkorretako Berrikuntzako zuzendaria. 

Inbertsio handiagoa berrikuntzan

Lehendakariak adierazi duenez, 2030erako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana Euskadi osoaren apustu estrategikoa da, “guztiok lotzen gaituen ikerketaren eta berrikuntzaren aldeko konpromiso partekatua: Unibertsitateak, teknologia- eta ikerketa-zentroak, herri-administrazioak, enpresak eta gizarte osoa”. Euskal ekosistemak berrikuntzak, industria-teknologiak, argitalpen zientifikoek, patenteek, Europako I+G+b programetan izandako parte-hartzeak eta ikertzaileek aurrerapen nagusien balorazio positiboa jaso ondoren; enpresa txiki eta ertainen berrikuntza hobetu behar dela nabarmendu du. “Europan berrikuntzan lider izateko berrikuntzan inbertsioa handitu behar dugula” adierazi du, eta, horregatik, gogorarazi du bere Gobernuak “I+G+b-ko inbertsioa % 6tik gora handituko duela 2030era arte”

Urkulluk aitortu du pertsonak, profesionalak eta haien talentua direla Euskadiren lehiakortasun-abantaila nagusia; izan ere, 20.000 pertsona aritzen dira I+Gn, “eta funtsezkoak dira inbertsioak emaitza ekonomiko eta sozial bihurtzeko”. Azkenik, zientzia, teknologia eta berrikuntzako politikak aipatu ditu, lehiakortasuna, enplegua eta pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko balio baitute. 

Ondoren, Pedro Miguel Echeniquek “Ciencia, semilla transformadora” hitzaldia eman du, zientziaren aldeko oda bat, non bere baikortasun autoaitortua nabarmendu duen. “Zientziak zeregin gizatiartzailea du”, esan du, “bizi garen munduaren eta geure buruaren ikuskera aldatu duen abentura intelektual bat da”, “zientzia gizartearen artelan kolektibo garrantzitsuena da”, dio, “pentsatzen eta sortzen dugun modua aldatu duelako eta gizartearen hazi eraldatzailea delako”.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago