Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak doako prestakuntza-eskaintza berri bat aurkeztu du, eta abian jarriko ditu 17 ikastaro eta tailer, Euskadiko erakundeei berrikuntza-prestakuntza emateko. Prestakuntza aurrez aurrekoa, online edo hibridoa izango da, eta haren helburua da enpresa berritzaileen kopurua handitzea eta horiek emaitzak eta lehiakortasuna hobetzea; beraz, enpresa txiki eta ertainei daude zuzenduta, haien sektorea edozein izanda ere. Dagoeneko eman daiteke izena Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren webgunean.
Innobasqueren prestakuntza-eskaintza ikastaro eta tailer praktikoekin berritzen da, eta, haien xede-profiletara egokitzeko, lau prestakuntza-modulutan banatzen dira: lehena, nagusiki, ETE-entzako da, eta berrikuntza-metodologiak jorratzen ditu. Bigarrena Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean aurreikusitako espezializazio adimenduneko zazpi arloei buruzkoa da (industria adimenduna, energia garbiagoak, osasun pertsonalizatua, ekoberrikuntza, elikadura osasuntsua, Euskadi sortzailea eta hiri jasangarriak), eta bereziki interesgarria da bitarteko eragile eta enpresentzat. Hirugarrena I+G+b-ren balorizazio, kudeaketa eta ustiapenari buruzkoa da, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileei dago zuzenduta. Azkena I+G+b proiektuetarako Europako finantzaketarako sarbideari buruzkoa da, eta haren xede-taldea dira barneko I+G jarduera duten erakundeak, enpresak eta bereziki ETEak lehenetsiz.
“Berrikuntza-prestakuntzaren” deialdi berri honetan jasotako 17 ikastaro eta tailerretako batzuk bideratuta daude berrikuntzan lehen urratsak egiten ari direnengana, eta beste batzuk maila aurreratuagoa duten erakundeengana. Ikastaroak saio bat eta lau saio artekoak dira, eta Berrikuntzaren Euskal Agentziako eta haren bazkideak diren erakundeetako adituek ematen dituzte, adibidez: Azterlan; BEAZ; C2B; CDE; Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa; Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila; ZTBP 2030-RIS3 Euskadiko Elikadura Jasangarriko gidaritza-taldea; Hazi Fundazioa; Herrero & Asociados; Innguma; Lea Artibai Fundazioa; Miriam In Change; Mondragon Unibertsitatea; Mutualia; OAZ Coaching para el cambio; Prospektiker; Qi Europe; Sakona; Tecnalia; Tekniker; Deustuko Unibertsitatea; eta UPV/EHU, besteak beste