Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak “Ezagutza trukatzeko eta transferitzeko ikuspegiak eta mekanismoak (ITC), sektore- eta lurralde-eremuetan” mintegi‑tailerra hartzen du gaur eta bihar Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoan, Zamudion (Bizkaia). Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak bultzatutako ekimena da, eta Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenak (CSIC) gidatzen du Ingenio ikerketa-institutu mistoaren bidez (CSIC eta Universitat Politècnica de València), Menéndez y Pelayo Nazioarteko Unibertsitatearen eta Innobasqueren lankidetzarekin, ezagutza berritzailearen fluxua sustatzeko, eskualde bakoitzeko berrikuntza-sistemen eta ezaugarrien arabera.  

Mintegia Espainiako berrikuntza-sisteman ezagutzaren trukea eta transferentzia sustatzeko dinamizazio- eta prestakuntza-programaren (DINA-ITC) parte da, eta, era berean, Espainiako Gobernuaren Suspertze, Eraldatze eta Erresilentzia Planaren barruan programatutako ekimenetan sartuta dago. Honako hauei zuzenduta dago: ikerketa-erakundeetako kudeatzaileak eta teknikariak, ezagutza-transferentziakoak, ikertzaileak eta unibertsitateetako langileak, ikerketa-erakunde publikoak, parke zientifiko eta teknologikoak, plataforma teknologikoak eta enpresak. 

Gaurko jardunaldian eta Elena Castrok DINA‑ITC programaren laburpen laburra egin du. Elena Castro talde zientifiko-teknikoko kidea eta Ingenioko zientzialari titularra da. Ondoren, Pedro Marquések, Ramón y Cajal programaren bekadunak eta Ingenioko ikertzaileak, berrikuntzako sektore- eta lurralde-sistemen berezitasunak azaldu ditu. Jarraian, Lola Elejalderen txanda izan da, Berrikuntzaren Euskal Agentziako Nazioartekotze zuzendaria, eta prospektiba zientifiko eta teknologikoaren garrantziaz hitz egin du. Bazkaltzeko etenaldiaren ondoren, Elena Castrok itxiko du saioa, eta ezagutzaren trukea eta transferentzia egiteko prozesu ohikoenei buruz hitz egingo du.

Bigarren jardunaldia bihar, ostirala, goizean izango da, eta 09:30ean hasiko da, adimen artifizialak etorkizunean izango dituen erronkei buruzko hitzaldi batekin, Senén Barro Santiago de Compostelako Unibertsitateko Teknologia Adimendunen Ikerketarako CiTIUS-Centro Singular-eko zuzendariaren eskutik. Ondoren, publikoak material aurreratuen ikerketaren erronkak ezagutu ahal izango ditu, Jesús Martínez de la Fuente Aragoiko Nanozientzia eta Materialen Institutuko (CSIC-Zaragozako Unibertsitatea) irakaslearen eta Estatuko Ikerketa Agentziako Biomedikuntzarako Materialen Azpiarloko koordinatzailearen eskutik. Mintegia amaitzeko, adimen artifizialari eta material aurreratuei buruzko mahai-ingurua egingo da. Pedro Marqués izango da moderatzailea, eta Nerea Arangurenek (Danobat Group taldeko berrikuntza zuzendaria eta Ideko Innovación-eko zuzendari gerentea) eta Alejandra Lópezek (Tubacex taldeko zuzendaria) hartuko dute parte.

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago