Maiatzaren 17, 23 eta 24an 2022-2023 ikasturteko Inspira STEAM proiektuaren amaierako ekitaldiak antolatu dira Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban, hurrenez hurren. Deustuko Unibertsitateak sustatu duen proiektu aitzindari honek zaletasun zientifiko‑teknologikoa sustatu nahi du nesken artean, STEAM profesionalek burututako sentsibilizazio‑ eta orientazio‑ekintzen bidez.
Edizio honetan emakumezko 149 mentorek eta gizonezko 30 mentorek parte hartu dute, eta historiako STEAM emakumeen lana ikusarazi eta balioan jarri dute. Horrez gain, gaur egungo eta gertuko erreferenteen berri eman diote 52 euskal ikastetxetako 1.700 ikasleri (1.290 neska eta 1.405 mutil).
Proiektua Deustuko Unibertsitateko Inspira STEAM programaren koordinatzaile Mª Luz Guenagak aurkeztutako ekitaldi instituzional batekin itxi zen. Horren ostean, lurralde bakoitzeko emaitza nagusiak erakutsi ziren, eta programaren azken edizioa baloratzeko eta bizipenak partekatzeko talde‑dinamika egin zen erakundeetako ordezkari, mentore, ikastetxeetako irakasle eta erakunde kolaboratzaileen ordezkariekin.
Ekitaldi horietan Leire Bilbao, Alaitz Landaluze eta Itziar Uribek parte hartu zuten; Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak, berrikuntza politiken koordinatzaile nagusiak eta berrikuntza politiken koordinatzaile operatiboak, hurrenez hurren.
Inspira STEAM 2023-2024 ikasturterako STEAM Sare katalogoaren prestatu diren STEAM Hezkuntzako 44 ekimenetako bat da. Katalogo hori STEAM Sare esparruaren baitan sortu da, hau da, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak sustatutako eta Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak koordinatutako sare publiko‑pribatuaren baitan. Ekimenetan aurretiaz izena emateko epea maiatzaren 31n amaituko da.