Michelin fabrikak, Gasteizko Gamarra-Betoñu industrialdean, ETE-ei berrikuntzarekin lotutako programa eta laguntzen berri emateko jardunaldi bat hartu du. Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak eta Gasteizko Udalak antolatu dute saioa, Spri Taldearekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterrarekin (MLC-ITS) elkarlanean. Saio horretan, bertaratu diren enpresek aukera izan dute berrikuntzako hiru kasu praktiko arrakastatsu lehen eskutik ezagutzeko; izan ere, hiru kasuetan berrikuntza funtsezkoa izan da enpresen lehiakortasuna sendotzeko, produktuak hobetzeko eta bezeroekiko erlazioa ere indartzeko. 

Luis Manero, Innobasqueko Enpresa Berrikuntzako zuzendariak, Juncal Ibeas, Gasteizko Udaleko Enpresa eta Industria Zerbitzuko buruak eta Arturo Sampedro, Auren aholkularitzako zuzendari bazkideak azpimarratu dute euskal erakundeek era askotako programak jartzen dituztela ETE-en eskura, maila handiagoko edo txikiagoko berrikuntza-prozesuak martxan jarri ahal izan ditzaten, betiere negozio mota bakoitzaren errealitatera egokituta. 

Egoera bakoitzera egokitutako hiru kasu arrakastatsu

 

Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterrak (MLC-ITS) misio nagusi bat du: enpresei eta haiei lotutako eragileei garatzen eta sendotzen laguntzea, eta horretarako, berrikuntza, nazioartekotzea eta sektoreen arteko lankidetza bultzatzen ditu eta beste sektore batzuekiko sinergiak sustatzen ditu. Hain zuzen, Kluster horretako berrikuntza arloko arduraduna, Joseba Sáenz de Ugarte, arduratu da hiru enpresen arteko mahaia dinamizatzeaz. Hala, Betoñu-Gamarra industrialdeko Gasteizko ETE-ek aukera izan dute berrikuntzako hiru kasu arrakastatsu horien berri jakiteko. 

Echebarría Suministros Industriales industriako burdinerian eta horniduran espezializatutako enpresa da, eta Gamarrako Atean dago. Ander Etxebarriak, markaren merkataritza-arloko arduradunak, Spri Taldearekin eta Hazinnova programarekin izan duten esperientziaren berri eman die bertaratuei, eta azpimarratu du haien laguntza funtsezkoa izan dela enpresaren kudeaketan tresna digitalak ezartzeko, eta tresna horien bidez bezeroekiko hornidura-katea hobetzeko. 

Bestalde, Fibertecnic enpresa Aernnova Taldeko kidea da. Munduko aeronautika konpainia nagusien hornitzailea da Aernnova, eta hegazkin eta helikoptero zibil eta militarretarako produktuetan espezializatuta dago. Alberto López de Subijana enpresako zuzendari gerenteak azpimarratu du taldeak garrantzi handia ematen diola I+G+b arloari lehiakortasuna hobetzeko, eta horixe bera adierazi nahi izan die Gasteizko dibulgazio-jardunaldira bertaratu diren enpresei. Uneotan, Hazitek programa bat garatzen ari da Fibertecnic, horren bidez fabrikatzen dituzten piezen neurketa-prozesua eta kalitate-kontrola automatizatzeko. 

Bestalde, Abrasivos Manhattan enpresako aplikazioen teknikari komertzialak, José Ignacio Marquinezek, beren produktuen kalitatea eta lehiakortasuna hobetzeko enpresak martxan dituen lan-ildoen berri eman du. Bere esanetan, berrikuntza da tresnarik eraginkorrena enpresa txikiek multinazional handiekin lehiatu ahal izateko eta produktu jakin batzuetan oso espezializatua dagoen merkatu-hobi bat babesteko. Hain zuzen, merkatu-hobi horretan munduko liderrak izatea lortu du enpresak. 

Topaketa amaitzean, bertaratu diren enpresek aukera izan dute berrikuntza-profil azkar bat betetzeko, online eta hamar minutu eskasean. Leire Ruiz de Azua Berrikuntzaren Euskal Agentziako proiektuen arduradunak lagundu die horretan. Innobasquek garatutako tresna horren bidez, agentziak aukera du enpresa jakin horrek zer beharrizan zehatz dituen jakiteko, eta, era horretara, laguntza-eskaera modu egokian bideratzeko eta soluzio pertsonalizatuak eskaintzeko. 

 

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago