Urriak 15, 2020
Euskadiko ekonomia batez ere enpresa txiki eta ertainez (ETE) egituraturik dago; areago, enpresa txikiak dira, hein handi batean, herri honetako ekonomiaren ordezkari. Kolektibo horren garrantzi ekonomikoa aintzat hartuta, berehala sortzen da gogoeta gure ETE-en tamaina handitzeko beharrari buruz, haien biziraupena bermatu ahal izateko. Eta tamainaz ari naizenean, zentzu zabalean ari naiz, enpresa-taldeak eta -aliantzak ere barnean hartuta.
Gure ETE-en zati handi bat, urtean 2 eta 10 milioi euro artean fakturatzen dituzten enpresak dira; erosotasun-eremua da hori, etekin eta enpleguaz ari garelarik. Eta egoera eroso horretan bertan goxo eginda, enpresariak ez du beharrik ikusi bere tamaina handitzeko. Kasu askotan, bezero kopuru txiki baten arrimuan eta modu sinbiotikoan hazi diren enpresak dira. Alde batetik, enpresa hornitzaileak etekin nahikoa sortu ditu enpresariarentzat, eta honek ez du hazteko eta erronka berriak onartzeko beharrik sentitu. Bestalde, enpresa bezeroak ere bere beharretara egokitu den hornitzaile bat izan du, zerbitzu ona jaso du haren eskutik, eta, beraz, ez du bilatu beste hornitzailerik bere eragin-eremu geografikotik harago. Dinamika horrek balio eta funtzionatu izan du iraganean, eta enpresari txikiek ez dute beren negozio-eredua aldatzeko beharrik sentitu.
Alabaina, sektore guztietan lehiakortasunaren gakoak aldatzen joan dira azken hamarkadetan. Hain zuzen, hauek dira lehiakortasunaren giltzarri horietako batzuk: datuak kudeatzea, merkatua eta gure indarguneak ezagutzea eta aldaketa bultzatuko duten teknologietan eta pertsonetan inbertitzea. Gure erreferentziazko enpresa batzuek jakin dute gako horiek irakurtzen eta aldaketarako bidea hartu dute. Berritu dute eta, arrakasta izateko bermerik gabe, arriskuak hartu dituzte hazkundearen bidezidorra ziurtatzeko.
Gorain aipatutako enpresa bezero gero eta gehiagok berrikuntzaren bidezidor hori hartu dute, eta, orain, beste era bateko erlazioa eskatzen diete hornitzaileei. Besteak beste, eskatzen dizkiete ziurtagiriak, produktibitatea, inbertsioa, teknologia, kudeaketa digitala… eta prest daude beren eragin-eremu geografikotik urrun joateko, beharrezkoa bada. Aldiz, hamarkada askotan haien hornitzaile izan direnak, asko eta asko ETEak, beren eragin-eremuan geratu dira, bertan goxo eginda. Nabarmena da ETE horietako askoren tamaina txikia eragozpen bat dela aldaketa-prozesu horretan. Haien neurri txikiak ez du aukerarik ematen nahikoa baliabide sortzeko eta ondoren berrikuntzan inbertitzeko, ez eta horri buruz gogoeta egiteko aukera emango lioketen ezaguerak sortzeko ere. Enpresari horrek, kasu askotan 30 enplegatu baino gutxiago dituen enpresa gidatu behar du, eta eguneroko jardunean ez dauka denborarik bere estrategia kudeatzeko. Enpresa askotan gertatzen ari den fenomeno horrek, makro mailan aztertuz gero, dimentsio garrantzitsua hartzen du. Berrikuntza falta horrek enpresa txiki askori eta, beraz, langile askori eragiten die. Horrela egiaztatu du Innobasquek eta horretan ari da egiten ahaleginik handiena: berrikuntza gure ETE-etara helarazten eta haietan txertatzen.
Azken hamarkada zaila izan da, eta etekinak gutxitu egin dira aurreko hamarkadarekin alderatuta. Enpresari txiki asko nekatuta iritsi dira gaur egungo ekonomia eta osasun arloko krisira. Erosotasun-eremutik ateratzeko anbizio eta interes gutxi bazegoen lehendik, egoera honek mehatxu are handiagoa ekarri du gure enpresentzat.
ETE askoren biziraupenaren gakoa lehiakortasuna hobetzea da, eta, horretarako, enpresari txikiak egokitu, hobetu eta berritu egin behar du. Eta horrek nire hausnarketaren abiapuntura narama: asmo handiko enpresariak behar ditugu, beren erosotasun-eremutik ateratzeko eta arriskuak hartzeko gaitasuna izango dutenak. Ez da eginkizun batere erraza gaur egun, baina zaila izanagatik, saiatu egin behar dugu, nahiz eta bidean porrot egiteko arriskua izan. Hazteko anbizioa, berritzeko anbizioa behar dugu.